Herri kirolek kulturatik ere badutelako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 20a, 19:37

Larraulgo Kultur Astearen barruan, herri kirol lehia ezberdinak izan dira Murgilazpi frontoian, Euskal Herriko nahiz estatuko hainbat kirolariren parte hartzearekin; Leire Astiazaran billabonatarrak aurrera egin du Trontzalari Txapelketan.

Aizkolariak, harri jasotzaileak eta trontzalariak izan dira, arratsaldean, Larraulgo pilotalekuan. Batetik, Gizonezkoen Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatu dute hamar aizkolarik: Luis Polanco, Aritz Irazabal, Ramiro Llanos, Asier Larrañaga, Jon Rodrigez, Unai Zabala leaburuarra, Josu Santamaria, Endika Goya, Oier Larretxea eta Mikel Agirre. Bakoitzak bi kanaerdiko ebaki behar zituen, eta Irazabal, Rodrigez, Agirre eta Santamaria izan dira lehen faseko onenak. Ondoren, bigarren fasea jokatu da, eta lauretatik bik lortu dute aurrera egitea txapelketan: Rodrigezek eta Santamariak.

Bestetik, Gizonezkoen Binakako Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa jokatu dute Julio Jimenez segoviarrak eta Sergio Mielgo madrildarrak osatutako bikoteak eta Iraitz Arruti eta Xabat Olaizola zarauztar bikoak. Gipuzkoarrak aise nagusitu zaizkie aurkariei modalitate guztietan. Lehenik, 12 aldiz altxa dute 150 kiloko errektangularra; aurkariek 9 altxaldi egin dituzte 152 kilokoarekin. Ondoren, zarauztarrek 20 aldiz jaso dute 125eko kopa; Jimenezek eta Mielgok, berriz, 17 aldiz. Gero, Arrutik eta Olaizolak 25 aldiz altxa dute 113 kiloko kuboa; aurkariek, aldiz, 16 aldiz. Amaitzeko, 100 kiloko bola 34 aldiz jaso dute gipuzkoarrek; Jimenezek eta Mielgok, berriz, 25 bider. Ondorioz, gipuzkoarrek egin dute aurrera txapelketan.

Azkenik, Emakumezkoen Trontzalari Txapelketako kanporaketan, Amaia Mendinueta eta Iraide Gezuraga bizkaitar bikoak, Itxaso Onsalo aresoarrak eta Leire Astiazaran billabonatarrak osatutako bikoa izan du aurkari. Zortzi ebaki egin behar izan dituzte txanda bakoitzean, eta bietan Onsalo eta Astiazaran nagusitu dira; hurrengo kanporaketan, beraz, eskualdeko ordezkari bat izango da.

Hiru modalitateetako irabazleek, Etxebarrin (Bizkaia) jokatuko dute hurrengo kanporaketa, abenduaren 4an. Aipatu, Gizonezkoen Urrezko Aizkolarien Kopako finala Asteasun jokatuko dela, urtero moduan, abenduaren 31n, urte zahar egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!