Zein helburu bete nahi dituzue tokiko energia komunitatearen proiektuarekin?
Larraul Gipuzkoako lehen landa-eremuko energia komunitatea izango da, Tokiko Energia Komunitatearen proiektuari esker. Sustatzen ari garen eredu hori deskarbonizazioaren kontzeptuan oinarritzen da, sorkuntza fosilean oinarritutako energia pixkanaka uztea eta deszentralizazioa errazten baitu, garraio beharrak eragindako ingurumen inpaktua murriztuz. Zero kilometroko eredu berri honetan, instalazioak kontsumitzailearen 500 metroko erradioan daude. Gainera, kontsumitzailea ahalduntzea lortzen dugu, energia berriztagarriak ekoitzi, eskuratu, kontsumitu eta biltegiratzean herritarren rol aktiboa sustatuz.
Zein ezaugarri dituzte Larraulen jarri dituzuen energia instalazioek?
Larraulgo energia instalazioak 90 plaka fotovoltaiko ditu frontoiaren estalkian. 30 kW-eko eguzki energia sortuko du eta Larraulgo 50 etxetan energia berdea autokontsumo erregimenean hornitzeko moduan egongo da.
Proiektu honekin aseko dituzue Larraulgo behar energetikoak?
Udalerriko 50 etxek eta Larraulgo Udalak berak % 100 energia berriztagarria kontsumitu ahal izango dute eta, hala, argindarraren faktura merkatuko dute. Horrek gastu txikiagoa ekarriko du udal zerbitzuen kontsumoan, eta, jakina, klima aldaketaren aurkako borrokan dugun konpromisoaren adibide izango da.
Zein abantaila dakarkie herritarrei komunitate honetako kide izateak?
TEK Larraulen parte hartzeak unitate bakoitzari urtean argiaren fakturan gutxi gorabehera % 20 aurreztea eta CO2 emisioak 125 tona murriztea ekarriko dio. Beraz, herriko energia menpekotasuna murriztuko dugu, energia berriztagarrien erabilera sustatuko dugu eta baita autokontsumoa ere. Gainera, komunitateko kideak trebatuko ditugu, beren etxeetako eraginkortasun energetikoa handitu dezaten.
Zer egin behar dute larrauldarrek ekimenean parte hartzeko?
Bizilagunek udalarekin harremanetan jarri beharko dute. Guk emango diegu informazio guztia eta jarraitu beharreko urrats guztietan lagunduko diegu. Eskerrak eman nahi dizkiet ekimen honetan parte hartuko duten herritar guztiei, eta gainerakoak ere animatu nahi nituzke ekimenean parte hartu dezaten.