Aritz Lasak eta Aitziber Ibarbiak irabazi dute Larraulgo mendi lasterketa

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 3a, 17:34

Pasa den urtean ezin izan zuten egin eta martxoan egin ohi duten proba gaur jokatu dute 30 korrikalariren parte hartzearekin.

Gaur egin dute Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. Pasa den urtean osasun egoeragatik ezin izan zuten antolatu, eta ohiko dataz kanpo egin dute, normalean martxoan antolatzen baitute. Hain justu urriko lehen asteburua izaki, eta igaro diren eguraldi eguzkitsu eta epelak kontuan hartuta, denborak hobetuko zirela uste zen, baina, azkenean eguraldi euritsua izan da, eta ez da horrelakorik izan.

Hain zuzen eguraldia eta oraindik egoera normaltasunera iritsi ez izana izan dira antolatzaileen ustetan pasa den urtetik izena emanda zeuden ia 200 pertsonatik azkenean helmugan 30 izateko arrazoiak. Horrekin batera, egun berean gisa bereko lasterketa gehiago ere egoteak eragin duela adierazi dute. Dena den, giro politean joan da lasterketa Larraulen, eta eguraldi euritsua eta grisa iragarrita bazegoen ere, lasterketak iraun duen tartean ia ateri mantendu da. Hori bai, gau osoan euria gogotik egin izanagatik inguru guztia lokaztuta zegoen, eta horrek bidea arriskutsu egin du, eroriko bat baino gehiago izan direlarik.

Aritz Lasa tolosarra izan da gizonezkoetan ibilbideko 15 kilometroak egin ostean helmugara iristen azkarrena, 1:21:53ko denborarekin. Horrelako lasterketa bat irabazten duen lehen aldia izan da, eta horrek gehiago egiteko motibatzen duela esan du. Ordiziako erdi maratoia eta Eltxo Trailen parte hartzeko asmoa duela esan du.

Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan da lehen emakumezkoa 1:46:46ko denbora eginez. Esan duenez eguraldiagatik zalantzan egon den arren, goizean erabaki du lasterketan parte hartzea. Oso ondo sentitu duela bere burua esan du: "gainera, bigarrena eta hirugarren oso atzean zeudela ikusita ez dut batere arriskatu, eta arriskatzeko ere ez zegoen batere ondo, bustita eta arriskutsu baitzegoen". Aurten ez dela lasterketa askotan parte hartzen ari esan du Ibarbiak: "Pasa den astean Zeanuriko lasterketa egin nuen, eta oso nekatuta egon naiz aste guztian; inguruan egiten diren lasterketa motzei begira, agian hurrengoa Orendainen izango den bikotekako lasterketa izango da".  

Sailkapena

Gizonezkoak

1. Aritz Lasa 1:21:53

2. Juan Garikano 1:22:38

3. Iban Bengoetxea 1:35:12

Emakumezkoak

1. Aitziber Ibarbia 1:46:46

2. Marian Roja 2:09:00

3. Maialen Segurola 2:13:11

Lehen larrauldarrak

1. Aitor Sanchez 1:44:48

2 Manex Urkaregi 1:45:07

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!