Larraulgo mendi lasterketa egingo dute aurten

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 30a, 11:59
2019ko martxoan egin zen azkeneko aldiz Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa.

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketaren hamargarren edizioa urte eta erdi beranduago egingo dute.

Igande honetan Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa egingo dute. Iaz ezin izan zen gauzatu, batetik, koronabirusa dela-eta ezarritako konfinamenduaren lehen asteburuan egitekoa baitzen. Ondoren, iazko udazkenean egiteko asmoa izan zuten antolatzaileek, baina azkenean ez zen posible izan eta aurten, ohiko dataz kanpo bada ere, aurrera egin eta antolatzea erabaki dute.

Igandeko probarako izen ematea ez da zabaldu. Izan ere, mantendu egingo da iaz izena emanda zeudenen zerrenda. «Izena emandakoei mezua bidali genien igande honetan egingo dela esanez», azaldu du Iñigo Ruiz antolakuntzako kideak. «Izen ematea bertan behera uztea ezinezkoa zen, dagoeneko gastu batzuk eginak zeudelako. Beraz, izena emandako norbaitek ezin izango balu igande honetan parte hartu, aukera eman diogu beste norbaiti bere dortsala pasatzeko».

180 korrikalari inguru daude izena emanda, eta baliteke zenbait ez azaltzea. Hori gertatuko balitz, bere lekua hartu lezake beste norbaitek igandean bertan. «Ziur aski egunean bertan aukera izango da izena emateko, baina asmo horrekin igandean bertan joaten denak arriskua du lekurik ez izateko», zehaztu du Ruizek.

Proba 10:30ean hasiko da eta izenak ondo baino hobeto azaltzen duen moduan, ibilbidea Larraulen hasi, Hernioraino iritsi eta Larraulen bukatuko da, 15 kilometro eginez. «Lasterketa nahiko bertikala da, igoera eta jaitsiera bakarrak dituelako», esan du Ruizek. Martxoan egin ohi da berez mendi lasterketa, eta tarteka elurra ere izan dute. Aurtengoan, garai honetan egiten denez, baldintza hobeak izan ditzakete korrikalariek eta marka onak egiteko aukera zabaldu egingo da. Faboritoak izena emanda dauden Hassan Ait Chaou billabonatarra eta Nerea Amilibia zizurkildarra dira.

Osasun egoera dela eta, zenbait aldaketa egingo dituzte antolakuntzan. Batetik, korrikalariei ez zaie dutxatzeko aukera emango. Bestetik, beste edizioetan eskaini izan den hamaiketakoa ez da aurtengoan egingo. «Ea hurrengo edizioan dena normaltasunen egin dezakegun», azaldu du Ruizek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!