ARIMA ELIKATUZ

Aurkezpen garaia

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2021ko ira. 27a, 07:57

Kaixo! Ziur nago zuetako batzuk ezagutuko nauzuela, baina beste batzuk agian ez; beraz, neure burua aurkeztera eta nire historia kontatzera nator. Maddi Etxeberria Otaegi naiz, Andoainen jaioa, baina zortzi urte nituenean Larraul etxe bihurtu zitzaidan.

Hamasei urte nituela eta argaltzeko helburuarekin, dieta makrobiotiko bat egiten hasi nintzen. Lortu nuen helburua! Bederatzi kilo galdu nituen, baina egia esan behar badizuet, ez nintzen ez ezberdin, ez hobeto ikusten (eta nire ziurtasunik ezek berdinak izaten jarraitzen zuten). Nabaritzen nuen bakarra, arropa txikiagoetan sartzen nintzela zen, baina gutxi gehiago.

Dieta guztiekin gertatzen den bezala (nahiz eta nik hori gerora jakin), bizitza «normalera» itzuli nintzenean, galdutako pisu guztia berreskuratu nuen, baina bere momentuan hain «ondo» funtzionatu zuela ikusita, makrobiotikako formakuntza bat egiten hasi nintzen, batxilergoarekin batera. Horri segika, eta gerora lan egiteko titulu ofizial baten bila, Gasteizera joan nintzen Giza Nutrizio eta Dietetikako gradua ikastera, baina nire asmoak asko aldatu dira ordudanik.

Graduan zehar, ikasitako gauza asko alferrikakoak iruditzen zitzaizkidan; eta aldiz, beste asko faltan bota nituen. Zentzugabea iruditzen zitzaidan kurtso erdia ordenagailu programa baten bidez kaloriak koadratzen igarotzea. Batetik, hori ordenagailuek oso ondo egiten dutelako, eta bestetik, bizitza erreala ez delako hori; edo ez, behintzat, nire kasua eta nik lan egin nahi dudan modua.

Gradua amaituta, anti-dieta, osasuna neurri guztietan eta elikadura intuitiboa bezalako mugimenduak interesatzen zaizkit, batez ere. Ziurrenik esperientzia pertsonaletik abiatuko dira interes hauek, baina baita unibertsitateaz haratago nik ikasi dudanagatik. Zientziak frogatu du dieten %95ak porrot egiten duela, baina hor jarraitzen dugu, askorentzat irrealak diren kanon batzuei jarraika, gorputz zehatz bat bilatu nahian gure osasuna galduz (bai fisikoa, bai mentala). Eta puntu honetan erlazionatzen dut nutrizioa osasun mentalarekin. Izugarrizko erlazioa baitauka; nahiz eta zoritxarrez garrantzi handirik ez eman.

Ez dut debekuetan sinesten, ez dut uste elikagai bat txar bezala kalifikatuta ezer onik lor daitekeenik. Izan ere, murrizketak, betekada bat ekar dezake. Debekuak denbora luzez mantendu ostean, kontrol-eza iritsi daiteke. Osasun mentala kaltetu daiteke.

Zientziak frogatu du dieten %95ak porrot egiten duela, baina hor jarraitzen dugu, askorentzat irrealak diren kanon batzuei jarraika, gure osasuna galduz

Gure gizartean lodifobia oso barneratua daukagu. Osasuna gorputz normatiboekin soilik erlazionatzen dugu eta jendearen bizi-ohiturak ezagutuko bagenitu bezala hitz egiten dugu (ezagututa ere horretarako zilegitasunik edukiko ez genukeen arren). Pertsona lodien bizi-ohiturak aurretik juzgatzen ditugu; pertsona lodi guztiek bizitza supermerkatuko pizzak jaten pasako balute bezala. Aldiz, pertsona argal batek hori egiten badu, ez da ezer gertatzen.

Ni naiz lehenengoa horrelako pentsamenduak eduki dituena eta gaur egun ere dituena. Bidea ez da erraza; gizarteak jartzen digun presioa handia da eta egunerokotasunean mezu subliminal asko jasotzen ditugu. Beraz ez, ez da erraza sinestarazi diguten guzti hori desikastea. Baina gure esku dago eta behin kontziente izanda, pausu txikiak ematen hastean datza bideak. Horretarako, hausnartu dezagun ondorengo esaldi honen inguruan: munduko pertsona guztiok jarduera fisiko berdina (mota, denbora, intentsitatea) eta dieta berbera izanda ere, gorputz-aniztasuna egongo litzateke.

Amaitzeko esan horrelako hausnarketak egiteaz gain, gai teknikoagoez ere hitz egingo dudala (elikadura hilerokoaren zikloan, nola prebenitu anemia elikaduraren bitartez, elikaduraren inguruan ditugun mitoak…), eta bi gauzen arteko oreka topatzen saiatuko naizela. Bitartean, izan aske!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!