Jolasean pasa dute goiza Larraulen

Ataria 2021eko uztailaren 31

Eguraldiak lagundu ez duenez, orientazio jolasa egin ordez beste jolas batean aritu dira larrauldarrak, eskola barruan.

Festak bere horretan ospatu ordez, kultur egitaraua dute prestatuta Larraulen eta gaur goizean, herriko gaztetxoek jolaserako tartea hartu dute. Herriko hainbat gazte arduratu dira jolasak prestatzean, eta horretarako, Mattin Gizarte Abenturaren laguntza izan dute.

Berez, orientazio jolas bat zuten prestatuta, herriko txoko ezberdinetatik barrena egin ahal izateko, baina eguraldiak segurtasunik eman ez dienez, eskola barrura mugatu dituzte jolasak. Lehenik beroka jolas bat egin dute, eta ondoren hasi dira goizean zehar egin behar zuten jolasarekin. Among Us jokoa oinarri hartuta, ikasleak ziren partaide guztiak, eta horietako bat hiltzailea zen, besteek jakin gabe. Hiltzaileak banan bana ikasleak hil behar zituen, eta bien bitartean ikasleek eskolan zehar gordeta jarri dituzten pistak aurkitu behar zituzten.

Arratsaldean ere badu jarraipena egitarauak: Mugan taldeak kontzertua eskainiko du 19:30ean. Bihar goizean, berriz, pilota partidak izango dira 11:00etan hasita, eta 12:30ean, sagardo dastaketa komentatua egingo dute, Mikel Garaizabal sommelierrarekin. Astelehenean, abuztuaren 2an, mendi irteera egingo dute 10:00etan abiatuta, eta arratsaldean, 19:00etan, Mikra akrobazia antzezlana ikusteko aukera izango da. San Esteban egunean, berriz, asteartean, meza izango dute 11:00etan, jolasak 12:00etan, eta 19:00etan Arineketan dantza ikuskizuna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!