Larraulgo alkateak "oso positibotzat" jo ditu legealdiaren lehen bi urteak

Ataria 2021ko eka. 17a, 15:44

Inbertsioak, proiektu berriak eta herritarren parte hartzea jarri ditu oinarrian udal gobernuak legealdiko lehen zatian.

Maite Arana, Larraulgo alkateak "oso positibotzat" jo du legegintzaldiaren bi urteak. Aitzitik, azken urtea kudeatzeko "zaila" izan dela onartu du, COVID-19ren pandemiaren ondorioz. Esan gabe doa berak eta bere udal gobernuak krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egin behar izan diotela, eta, hau dela kausa, diseinatu zuten bide-orria aldatu egin behar izan dutela."Planak eta helburuak aldatu dira, garrantzitsuena bizilagunen segurtasuna zaintzea izan delako", azaldu du Aranak. "Hala ere, lanean jarraitu dugu, egoerari aurre egiten, Larraul kudeatzen, etorkizunera begira".

Gardentasunez jokatu nahi duelako, bi urte hauetan hartu dituen neurriak eta jarduerak biltzen dituen aldizkari bat argitaratu du PSE-EE alderdiak. Aldizkaria postontzietan banatuko da ostegun honetan, eta, zortzi orrialdetan, euskaraz eta gaztelaniaz, bi urte hauetan udaletxean egin duten lana ezagutzeko ekintza guztiak biltzen ditu.

Aranaren esanetan, Larraulgo legegintzaldiko bi urteetako helburuak izan dira: inbertsioak bultzatzea, proiektu berriak  diseinatzea, eta herritarren parte hartzea. "Gure herritarren laguntzari esker, herria hobetu duten erabakiak hartu ditugu, eta, honen ondorioz, Larraulek Eskola izango du berriro 2022-2023 ikasturtean". Lekuz aldatutako gela izateari utziko dio eskolak, eta herriko maila guztietan "ilusioz eta iraunkortasunez" taldean egindako lanari esker izan dela nabarmendu dute udal gobernutik. Gainera, lorpen horri 2021-2022 ikasturtean Haur Eskola berriro irekitzea gehitu behar zaio. "Neurri hori oso garrantzitsua da etorkizuneko apustu estrategikoa baita. Hori horrela izanik ere, udalak ezin zion aurre egin 6.658 euroko inbertsioari, baina Guraso Elkartea inplikatu egin da eta laguntza ekonomikoa eman digu", esan du Aranak.

Laguntzak aldunditik

Bestalde, Larraul merezi duen tokian jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izan duen "etengabeko komunikazioa" azpimarratu du alkateak, eta horrek "onurak" ekarri dituela, esan du. Ingurumen Sailaren diru laguntza bat lortu zen 3.000 metro karratuko jarduketa azaleran azpiegitura berdeak berreskuratu ez ezik, zaharberritu eta hobetzeko. Ia 70.000 euroko kostua du proiektuak. Pistaren erdian izandako luizi baten ondorioz, ezinezkoa izan da lanak iaz egitea, baina 2021ean berreskuratzeko ahalegina egingo du Aranak.

Are gehiago, Harkaitz Millan Kultura, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuaren laguntzari esker, frontoia ixteko obra egingo da, 80.000 euro inguruko inbertsioarekin. Baldintza klimatologiko txarretan kirol eta kultura jarduerak egin ahal izateko burutuko dira lanak, bai eta hondatzea saihesteko ere. "Museo etnografikoa eta kultur jarduerak berriro irekitzea ere bultzatzen ari gara, eta, horretarako, kudeaketa-zerbitzu bat kontratatu da".

Halaber, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerorekin bilera egin ondoren, Aranak autobusaren ordutegia aldatzea lortu zuen, Tolosara joaten diren batxilergoko ikasleak "eskolara garaiz" iritsi ahal izateko. Larraulgo mugikortasun beharrak eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko laguntza ere aztertu zituzten.

Alkateak jakinarazi du, herritarren parte hartzearen bidez, hauek ekarpenak egin dituztela udal aurrekontuetan, besteak beste, segurtasuna bermatzeko badenak jartzea, plazan arrapala bat ezartzea irisgarritasuna hobetzeko, bizikletentzako aparkaleku bat, eta 2021. urtean baserrien seinaleak jartzen hasiko dira. Hala ere, legealdi honetan egindako inbertsio garrantzitsuenetako bat haur parkeko lurzorua aldatzea izan dela nabarmendu dute udaletik; 17.799 euroko kostua izan dute obrek.

Legealdiko bigarren zatirako asmoak

Datozen bi urteei begira, klima aldaketari aurre egiteko eta trantsizio energetiko justua bultzatzeko "apustu sendoa" egingo du Aranak. Lehenik eta behin, 2021ean Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Ekintza Plana onartu zenetik, abian den klima aldaketa arintzeko neurriak sortu dira. Bestalde, "garrantzitsuena eta berehalakoa" Larraulgo Energia Komunitatea sortzea da. Tresna horrek, pobrezia energetikoaren aurka borrokatzea ahalbidetuko du, lehen fakturatik % 20ko aurrezpena egongo baita.

Azkenik, etorkizuna udalerria diseinatzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria kontratatu ondoren herritarrek euren ekarpena egitekoa aukera izango dute, udalerriaren garapen iraunkorra lortzeko. "Are gehiago, udalerriko gazteenen beharrei erantzun ahal izateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!