XIBERUTIK

Xiru gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2021ko api. 19a, 09:58

Aeham Ahmad. ATARIA

Zertaz idatziko duenari bueltaka ibiltzen da manexa tekla aurrean eseri aurreko bizpahiru egunetan. Garaian garaikoaz idazten saiatu naiz zerbait denean eta horrela behar duelakoan nago orain ere. Bila aritu gabe Xiru festibalarekin topo egin nuen orain urte batzuk Zuberoan Aste Santu garaian. Jakin-nahiak kotxea geratzea ekarri zuen eta kotxea geratzeak ondorengo dena. Aurten 32. edizioa zatekeen COVID-19rik ez balitz. Erraz da 32 esaten!

Xiru müsika eta sorkuntza jeialdia Xiberoan izenarekin zabaltzen edo iragartzen da. Abotia Elkarteak auzolanean antolatzen du hiru edo lau egun irauten dituen festibal hau. Abotia Elkarteak Gotaine Iribarnen du bere sorlekua eta bere lehen pausuak hemen eman bazituen ere, denborarekin Zuberoan barrena barreiatzen joan da festibala. Gaur egun Gotainen ez ezik, inguruetako herrietan ere (Iruri, Maule-Lextarre, Altzürükü, Barkoxe, etab.) izaten dira ekitaldiak.

Xiru festibala ez da tradizionala, ez da postal kostunbrista bat eta ez da ezkontzen zuzen-zuzen igande bateko familia plan zintzo batekin


Festibala ez da tradizionala, ez da postal kostunbrista bat eta ez da ezkontzen zuzen-zuzen igande bateko familia plan zintzo batekin. Antolatzaileek diote gune esperimental bat dela, laborategi bat. Lekuko jendea maite da Xirun, saltsan dabilen artista klasea etortzen da, filtro artistikorik gabekoa... Ez duzu ikusiko boladan den eta bi mila pertsona ekartzen dituen proposamen bat, baizik eta ezohikoa den proposamen bat: egur kaxa batekin neandertalgo gizaki bat hotsak ateratzen, euskal kabareta bat, txirula bat reggae edo breakdancearekin jolasean… Hona hemen beste batzuen artean antolakuntzan buru-belarri ibiltzen den Mixel Etxekoparrek Kanalduden eginiko gogoeta bat. Holatsu zioen: «Euskal kulturari eta euskal hitzari gogoeta egiten dio Xiruk. Sabeleko mina denok bizi dugu Euskal Herrian eta dugun min hau partekatzeko eta ateratzeko bide bat Xiru: alegia, artea sendagai! Leiho bat irekitzen du Xiruk. Kanpora ateratzeko eta kanpokoak sartzeko leiho bat da Xiru. Harrotasuna iristen da leihotik mundura begiratuta eta ez zilborrari begira».


Musikak leku handia du jaialdi honetan baina bestelakoak ere baditu, eta asko gainera. Bada Ütürzabal izeneko arte ibilbide bat Gotainen, eta azken urteetan, zuhaitz zoragarri artean, edozein herrialdeko artista batek obra bat ipintzen du bertan Xiru festibaleko egitarau barruan. 2018an Koldobika Jauregik bere Pareta obra ipini zuen. Xirun zarelarik, zirku batean senti zaitezke, pilota partida bat ez den pilota partida batean ikusiko duzu zeure burua, txotxongilo emanaldi bat ikusiko duzu jauregi zahar-zahar ilun bateko ukuiluan, hiruzpalau hizkuntza entzungo dituzu…


Ez dut ahaztuko 2019ko gonbidatu nagusia. Aeham Ahmad ezagun egin zen munduan zoritxar bat tarteko. Sirian gerra piztu zen eta bere autua izan zen jendeari gerraren gordintasuna arintzen saiatzea musikaren bidez. Daeshek pianoa kendu eta erre zion arte, bere pianoa hartu eta kalean musika eskaintzen ibili zen. Haurrei batez ere. Pianoa erre ziotenean erabaki zuen Alemaniara joatea. Gogoan dut Gotaineko aretoan umil-umil, etengabeko irribarre bat ahoan, nola ipini gintuen denok kantuan. Euskara jakiteko motibo asko ez zuen arren, euskaraz kantatu zuen… Jauziak izan ziren bere musikaren inguruan, txirulak…

Maiz gogoratzen dudan beste perla bat ere bada nire baitan: Xiberoots taldearen estreinaldia 2016an! Batzuetan uste dut gure euskal musika talde gazteek, beraien hizkuntzatik, tradiziotik eta historiatik urrun samar behar dutela egon non eta proposamena garaikidea kontsideratuko den. Ingeles izena, ingelesez abestu… Nik ez nuen Xiberoots ezagutzen eta harri geratu nintzen kontzertu hura ikusi nuenean. Oso jende gaztea, inongo arropa estetika jakinik gabe, Iruri eta Leteren hitzak reggaen… Basoari eta euskarari kantatzen… Interpretazio maila ikaragarria eskaini zuten; horrela iritsi dira gero iritsi diren lekura.

Xiru ez da izango beste festibalak baino hobea baina bai desberdina, irekia eta zabala. Nik ikusi ditut Europa Ekialdeko artistak, Armeniakoak eta Bretainiakoak, Baltikokoak, eta beste asko.

Aurten ezingo duzu joan, baina zoaz ahal baduzu 2022an. Ez zara damutuko, ziur!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!