Tokiko Energia Komunitatea sortuko dute Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 9a, 17:00
Maite Arana, Juan Diego, Jose Igancio Asensio eta Monica Pedreira, eguerdian egindako aurkezpenean.

Frontoian 90 eguzki panel instalatuko dituzte eta Larraulgo 50 etxebizitzek urtean %20 aurreztuko dute argiaren fakturan.

Larraulen energia komunitatea sortu nahi dute, energia berriztagarria kontsumitu eta faktura elektrikoa merkeagoa izateko. Horretarako, 90 eguzki panel jarriko dituzte pilotalekuko estalkian, eta 500 metroko erradioan dauden 50 etxebizitzek aukera izango dute energia hori erabili ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatutako ekimena da, eta bere helburua lurraldeko energia mendekotasuna murriztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta autokontsumoa bultzatzea da, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez.

Komunitate horretako parte eginez gero, etxebizitza bakoitzak urtean %20 inguru aurreztuko du argiaren fakturan. Komunitate hori, Larraulgo bizilagunek osatuko dute, eta asmoa 50 etxebizitzak parte hartzea dela azaldu du Maite Arana Larraulgo alkateak."Komunitate horretako kide izatea erabakitzen duten herritarrek beraien energia sortu eta kontsumitu ahalko dute, enpresa handien bezero izatetik energiarekiko harremana kontrolatu eta sortzera pasako baitira". Izan ere, udalak komunitatearen esku utziko du pilotalekuko estalkia, eta modu horretara, panelak ere komunitatearen esku geratuko dira.

Behin komunitatea sortuta, frontoiko estalkian 30 kW-ko 90 panel jarriko dituzte, eta parte hartzen duten bizilagunek dirua aurreztu ahal izango dute hasierako momentutik elektrizitatearen fakturan. Izan ere, etxebizitza horiek behar duten energiaren %25a sortuko da panel horien bitartez, eta gainerako %75a, komunitateak taldean egiten duen erosketa bitartez jasoko dute. Hori bai, erosten duten energia hori ere berriztagarria izango da.

Proiektu honetan Edinor deritzon Petronor Taldearen filialak hartuko du parte eta Edinorreko kontseilaria den Juan Diegok adierazi duenez, "Larraulgo Tokiko Energia Komunitatean parte hartzen dutenek, beren udalerrian energia jasangarria sortzen laguntzeaz gain, autokontsumo partekatuko erregimenean egingo dute, faktura elektrikoan sartzen diren bidesarien eta karguen kostuak aurrezteko". Diegok nabarmendu du, sortuko duten energia 0 kilometro izango dela, "ingurumen inpaktua ere murriztuz", eta erosiko duten energia kontuan hartuta, %100ean energia berriztagarriak kontsumitu ahalko dituztela. 

Aurrezpen ekonomikoaz gain, ingurumenari begira ere jarri dira: "Proiektu honekin, urtean 5.000 tona karbono dioxido aurreztuko ditugu Larraulen". Aranak ere esan du klima aldaketaren aurkako borrokan apustu bat egin nahi dutela proiektuarekin, "energia berde, iraunkor eta bidezko baten alde".

Komunitateko kide egin nahi duenak edo informazio gehiago jaso nahi duenak, www.teklarraul.eus webgunea bisitatu dezake (berehala jarriko dute erabilgarri), udala@larraul.eus helbidera idatzi edo bestela 634 289 327 zenbakira deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!