Plan Orokorraren tramitazioa abiatuko dute aurten Larraulen

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 17a, 11:58

Udalak 445.000 euroko aurrekontua onartu du eta inbertsio nagusienen artean dago frontoiaren berrikuntza; itxitura jarri eta egokitzapenak egingo dituzte bertan

Otsailean egindako osoko bilkuran Larraulgo Udalak 445.000 euroko aurrekontua onartu zuen 2021. urterako. Iazkoarekin alderatuta 95.000 euroko gehikuntza izan du aurrekontuak eta kopuru hori osatzeko mailegua eskatu du udalak. Herriaren etorkizuneko giltza izango den Plan Orokorra garatzeko garaia dela uste du Maite Arana alkateak, eta besteak beste, plana idazteko prozesu «luze eta garesti» horri aurre egiteko eskatu du udalak mailegua. Aurtengo aurrekontuan 12.000 euroko partida zabaldu dute Plan Orokorraren tramitazioa abiatzeko eta hurrengo hiruzpalau urteetarako lana izango dutela aurreikusi dute udal ordezkariek. Legez jasota dagoen bezela, larrauldarrek izango dute parte hartzeko aukera etorkizuneko herriaren diseinuan.

«Plan Orokorraren aurrerapen bat idatzita dago 2014tik, baina egungo arautegira moldatu beharra dugu eta ia hutsetik abiatuko dugu prozesua», esan du Aranak. Dena den, duela zazpi urteko aurrerapenean jaso bezala herrian etxebizitza berriak egiteko aukera jasoko dute oraingo honetan ere. «Herriaren ezaugarrien araberako garapen urbanistikoa egin nahi genuke eta orduko hartan aurreikusten ziren 30 etxebizitza eraikitzeko asmoari ondo deritzogu. Herrigunearen bueltan egin daitezke etxeak. Hori guztia zehazteko tresna izango da Plan Orokorra».

260 biztanle ditu gaur egun Larraulek eta herrian egin ziren azken etxebizitzetara etorritako familiek izandako umeak orain nerabe dira. «Etorkizunean gazte horiek herrian bizitzen geratzeko aukera izan dezaten, orain hartu behar ditugu erabakiak», esan du alkateak.

Larraulek etorkizuna baduenaren seinaletzat jo du Aranak haur eskola berriro zabaldu izana. «Ezin genuen aukera pasatzen utzi. Herri bati izugarrizko bizitasuna ematen dio haur eskola batek, gurasoak harremanetan jartzen ditu eta giro bat sortzen du». Udalak Antton Amonarriz kultur etxean dagoen gela bat egokitu behar izan du haur eskola bertan jartzeko, baina ez du bakarrik egin, guraso elkartearekin elkarlanean baizik: «Hitzarmena sinatu zuen udalak guraso elkartearekin eta guk materiala jarri eta auzolanean moldatu dugu gela. Oso harro gaude proiektu honekin. Lankidetza emankorra izan da, ez bakarrik gurasoekin, baita auzolanera batu diren herritarrekin ere. Oso erraz joan da dena. Ez da ohikoa izaten udal baten eta herritarren artean horrelako elkarlan oparoa ikustea. Esperientzia polita izan da». Gaur egun, 0 eta 2 urte arteko 4 ume dabiltza haur eskolan.

FRONTOIAREN BERRIKUNTZA

Aurreko urtea ez da erraza izan Larraulen, beste herri askotan bezala. COVID-19ak eragindako pandemiak aurrez zehaztutako asmoak aldarazi dizkie udal ordezkariei. Bitartekoak gutxi izan arren, herritarren alboan egoten saiatu direla aipatu du alkateak: «Bisitak egin ditugu baserrietara, batez ere, adinekoak zer moduz dauden jakiteko; ostatua itxita egon den bitartean bereziki zaindu ditugu kudeatzaileak eta zabaldu zenean bonu batzuk atera genituen herritarren artean kontsumoa bultzatzeko; kontziliaziorako, lanik gabe geratu ziren autonomoentzako edo ERTEan geratu zirenentzako diru laguntza lerroak atera genituen; eta konfinamenduan zeinen ongi portatu ziren aitortzeko, diploma bat banatu genien 12 urtez azpiko herritar guztiei. Gogorra izan da, baina laguntzeko ahalegina egin dute, batez, ere, udal langileek. Mundialak dira eta nire esker ona adierazi nahi diet».

Iaz udal ordezkariek 6.000 euroko partida bat jarri zuten herritarren eskura, egin beharreko lanen artean lehentasunak finkatu zitzaten. Modu horretara plazatik elizara bitarteko koska leuntzeko arrapala eraiki zuten. «Herritarrek proposatutako beste proiektu asko bertan behera geratu ziren pandemiagatik eta ezustean haur parkeko zorua zartatu eta aldatu behar izan genuen. Tiraderan geratu ziren proposamen horiek berreskuratu nahi ditugu aurten», esan du Aranak. Bizikletak aparkatzeko gune bat atontzeko asmoa eta herriko baserriak seinaleztatzeko proiektuak aipatu ditu alkateak.

Egitasmo horiek gauzatzeko aurrekontuan jasotako kopuruaz gainera, beste erakundeetako diru laguntzak baliatu nahi ditu udalak: «Gurea bezalako herri batean baliabideak murritzak dira eta diru sarrera printzipala aldundiko foru funtsa izaten da. Iturri horrekiko dependentzia handiagoa dugun herrietan gerrikoa estututa ibili behar izaten dugu eta beti adi diru laguntzak nondik lortuko».

Aurten Larraulgo Udalak egin asmo duen inbertsio nagusirako ere laguntza eskatuko dute udal ordezkariek. Frontoia berritu nahi dute: «Guretzako funtsezko azpiegitura da frontoia, eguraldi txarra egiten duenean bilgune nagusia izaten da, erabilera anitzeko tokia da. Pilotalekua itxi eta egokitu egingo dugu, baina horretarako 80.000 euro erabili beharko ditugu. Guretzako diru kantitate inportantea da». Besteak beste, landa eremuko herrientzako Leader programako laguntzetara aurkeztuko du udalak egitasmoa.

Iaz aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko ekintza plana onartu zuten Larraulen eta udal ordezkariek zenbait egiteko zehaztu dituzte planaren barruan. «Gipuzkoako dependentzia energetikoa handia da eta burujabetza energetikoaren bidean urratsak emateko gurea bezalako herri txikiak egoera egokiago batetik abiatzen direla uste dut». Besteak beste, energia berriztagarrien arloan aurrera pausoak eman nahi ditu Larraulgo Udalak.

GAKOAK

Plan Orokorra. Datozen hiruzpalau urteetan tramitatuko dute plana. Herritarren parte hartzearekin Larraulgo etorkizuna marraztuko dute.

Frontoia. Itxitura jarriko diote pilotalekuari eta egokitu egingo dute. 80.000 euro baliatuko dituzte horretarako.

Aurrekontu parte hartzailea. Besteak beste bizikletentzat aparkalekuak eta baserrien seinaleztapena proposatu dituzte herritarrek.

4Aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko ekintza plana. Hainbat konpromiso hartu ditu udalak energia burujabetzaren bidean aurrera pausoak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!