Kontalari2 taldeak ipuin kontaketa berria sortu du

Ataria 2021ko mar. 9a, 09:34

'Hodeiekin dantzan' osatu dute beste hainbat ipuinen erreferentziekin; nesken irudi estereotipatutik ihes egiteko ipuin kontakizuna da

Kontalari2 taldeak Hodeiekin dantzan ipuin kontaketa berria prestatu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. «Ametsak egi bihurtu daitezkeela eta denok amesteko eskubidea dugula adierazi nahi dugu kontakizunarekin», esan dute taldeko kide diren Lurdes Gorostegik eta Idoia Barandiaranek. Larraulen eskaini zuten lehen aldiz aurreko ostiralean, atzo eta gaur Zizurkilgo Pedro Mari Otaño herri eskolan arituko dira, eta Adunan ostiralerako egin dute hitzordua, Martxoaren 8aren inguruko egitarauaren barruan.

Okasiorako sortu duten emanaldia izan dela aipatu du Barandiaranek: «Larrauldik hots egin ziguten ea emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunarekin zerikusia duen kontaketaren bat ba ote genuen eta ez geneukanez, gai honekin lotutako emanaldia prestatu dugu espresuki». Eskaintzak interesa sortu du eta Zizurkil eta Adunan eskainiko dute datozen egunotan. «Hots egiten diguten lekuetara joateko prest gaude», esan du Gorostegik.

NESKAK PROTAGONISTA

Asko gustatzen zaien Vanina Starkoffen Hodeiekin dantzan ipuin ilustratuan oinarritu dira Kontalari2 taldekoak emanaldia osatzeko eta beste bi ipuin ere txertatu dituzte: Daniela pirata eta Ba al dago printzesa arrosa izatea baino gauza aspergarriagorik?. «Aukeratu ditugun ipuinek beste eredu bat eskaintzen digute. Neskak protagonistak dira, ausartak eta abentura zaleak. Irudi estereotipatu horretatik kanpora dauden neskak azaltzen dira bertan», esan du Gorostegik.

Amestea ederra dela eta ametsak egi bihurtu daitezkeela adierazi nahi diete kontakizuna ikustera gerturatzen diren umeei. «Jende asko dago eredugarria dena, bere ametsa betetzea lortu duena edo behintzat muga asko gainditu dituena», esan du Barandiaranek. «Eta gainera inguruko jendeak esaten duenari aurre eginez», gehitu du Gorostegik. «Hau edo beste egin behar dugula esango digute, baina norberak aurre egin behar die bere ametsei, bere buruaren jabe eginda».

Ipuinekin osatutako dorre bat eta eskailera bat dira kontaketarako erabiltzen dituzten elementu nagusiak. 4 eta 11 urte bitarteko umeentzat egokia da emanaldia eta haiekin elkarrekintzan aritzen dira, ordu erdi pasatxo irauten duen kontakizunean. «Pandemia egoera honetan zaildu egin zaigu egoera, ezin gara umeengandik oso gertu egon eta ezin ditugu ukitu. Hala ere, emanaldi honetan topatu dugu uneren bat haurrek parte har dezaten. Istorioaren barruan sartu eta eurak ere protagonista sentitzen direnean, konexioa handiagoa izaten da», aipatu du Barandiaranek.

Ostiralean Larraulgo kontaketan parte hartu zuten umeek arreta handiz jarraitu zituzten Kontalari2 taldekoen esanak. «Emanaldian parte hartu duten umeek esan digute gustura egon direla, eurak ere badituztela ametsak. Guk esan nahi diegu saiatzeko horiek lortzen, seguru egunen batean egi bihur daitezkeela, ez beti guk nahi bezala, baina iritsi gaitezke hodeietara» esan dute taldekideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!