XIBERUTIK

Agosti Xaho

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2021ko ots. 7a, 19:58

Dozenan hamahiru ateratzen ez diren pertsona klasea izan zen Xaho, zalantzarik gabe. Basabürüko hiriburuan, Atharratzen, jaio zen 1811an eta Baionan zendu 1858. urtean. Agosti Xaho izenarekin izenpetzen zuen euskaraz eta Joseph-Auguste Chaho erdaraz. 

Idatzi zuen liburu-kopurua harritzekoa da (15 bueltan), baina bakarra euskaraz: Azti-Beguia (1854). Badirudi lauzpabost hizkuntzatan eroso moldatu zela. Kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikaria izan zen.

Hamaika urterekin Oloroera joan zen ikastera. Oso txikitatik sentitu ei zuen filosofiarekiko erakarpena. Hemeretzi urterekin ama galdu eta hurrengo urtean Parisera joan zen Zuzenbidea ikasteko asmoz. Badirudi ordea, legeek baino gehiago xarmatu zuela bohemiak. Tertuliatan ibili zen, bere izena literatura barrutietan zabaldu zen… Litekeena omen da Victor Hugok Xaho irakurri izana. L'Arsenal-eko liburutegiko zuzendariaren dizipulua izan zen, Agosti Nodierren idazkari izan omen zen… Flora Tristan eragile sozialista eta feminista, Charles Lassailly eta Théophile Gautier ere ezagutu zituen.

Badirudi lauzpabost hizkuntzatan eroso moldatu zela. Kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikaria izan zen

Xaho oso nahasia zen ideologiaz. Bide-urratzaile kontsideratzen da euskal abertzale ezkertiar pentsamoldean. Euskal nazio bakarraren alde egiten aurrendari izan zen. Xabier Zabaltzak dotore deskribatzen du ondorengo bi esaldi hauetan. Baga: «Xaho politikoagoa izan zen Ipar Euskal Herriko euskaltzaleak baino, eta kulturalistagoa Hego Euskal Herriko foruzaleak (eta abertzaleak) baino. Harengan Bidasoaz bi aldeetako tradizioak elkartu ziren». Biga: «Gaur egun, Xahok, oraindik ere, 'umezurtz' dirau. Karlista eta liberala izan zelako. Legitimista, orleanista eta errepublikanoa. Euskaldun eta frantsesa. Zuberotar eta manexa. Nafar eta bizkaitarra. Laiko eta hargin beltza. Agosti ez da inorena eta guztiona da».

Asko idatzi zuen gauza sakon askoren gainean: Historiaz (historia-lerroa biribil bat dela zioen), unibertsoa sortu eta suntsitu egiten dela, euskararen sorreraz, gizakiaren iturri poligenista eta monogenistaz… Mitoak ezinbestekoak dira giza-taldeak batzeko eta honetan ere lan egin zuen Aitor kantabriar kondaira liburuarekin. Aitor antzinako euskal herritarren aitalehen mitikotzat du Xahok. Bere jatorria «aitonen seme» esaeran legoke; «aita onen seme» (Zuberoan «noble») alegia. Xahok «aitonseme» hitza, modu berezian interpretatzen du; bere esanean hitz honen jatorria ez da «aita onen seme» baizik eta «Aitoren seme». Xahok dio kaparetasun unibertsala antzina-antzinatik datorkiela euskaldunei denak arbaso bakarretik datozelako. Elezaharraren arabera Aitorrek zazpi seme izan ziten, Euskal Herriko probintziak sortu zituztenak. Teosofo zen partetik zazpi zenbakiarekin obsesionatuta bizi zen.

Gure heroi nazional bat da Xaho. Galdera litzateke zergatik ez dugun ezagutzen… Beharbada inperioaren alde egin dutenak famatu direlako luzaro: Elkano, Harizpe, Loiola… Xaho herrian ibili zen: euskal prentsa abiatu zuen 1848an, oso pertsona jantzia zuzenbidean, historian eta hizkuntzalaritzan… Politikoki aurrerakoia, xeheen aldekoa, kantore zaharren biltzaile eta berrien sortzaile… Feminista zen, homosexuala seguru asko, Eliza Katolikoaren aurkakoa… Euskal lehen hileta laikoa Xahori egin omen zitzaion!

Ez da erraza Xahoren emana eta ondarearen berri izatea, batez ere bere ia lan osoa frantsesez jaso zuelako. Dena den, badira Xahoren berri jakiten hasteko pare bat bide bederen. Baga: AztiHitza, Xahoren biografikoa Euskadi Saria 2019. Asisko Urmenetak sortu eta Erroak argitaratutako liburu-komikia. Biga: Xaho el genio de Zuberoa, Joseph Zabalok idatzi eta Txalapartak argitaratutako liburua. Gonbita luzatua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!