Pentsatu nuen ere manex honen azken artikuluaren hariari tiraka jarraitzea. Irailetik hona jarraitzen dut dezente irakurtzen eta informatzen Zuberoak izan dituen zenbait pertsonaren gainean: herrian, herri girotan, dantzan, musikan, politikan, kulturan, eta abarretan arrastoa utzi duten pertsonen gainean.
Baina aldatzea pentsatu dut eta tentaldi bat izan dut: zubereraz idaztea, Zuberoako hizkuntzaz alegia. Deliberatu dut hori bai, ez heltzea filologia ikuspuntu batetik, gehitxo litzateke niretzat. Nork ez du noizbait umore printza edo kimu bat atera Atharratze Jauregian abesterakoan gorriak ikusita? Inoiz asmatu ezin behar bezala ahoskatzen doratü, dü galthatü, hüntü edo ükhenen dü… Honegatik edo hargatik zuberera gaia maiz antzera ibili da nire bueltan. Beharbada bohemio punttu bat du, beharbada euskara dotoreena da, beharbada Zuberoako txikitasunak hunkitzen gaitu, beharbada Benito Lertxundi ekartzen digu gogora, beharbada hauskortasun bat sentitzen dugu, beharbada zubereraren soinuak edo hotsak liluratzen gaitu… Auskalo! Aipatzen ditugu zubereraren deklinabideak, perpausa jüntatüak, emendiozko jüntagailüak, alpetüak, zonbakiak, bustidüra erabilienak…
Txantxa giroan horrela deskribatu zidan: «Zuberotarrek 'ETB' ulertzeko lagungarri ttipi bat»
Baina nago aspektu hauek ez direla hain garrantzitsuak ni bezalako oinezko arruntentzat behintzat. Euskara ganora batean erabiltzen duen norbait (euskararen barne musika bere duen pertsona) zubereraz irakurtzen hasten delarik arazo nagusi batekin topatzen dela iruditzen zait: hitzak! Hori gertatu izan zait niri behintzat. Sü Aziak argitaratutako liburu dezente irakurri dut eta beti berdinean kateatu naiz: egiturak ondo antzera jaso baina hitzetan herren! Horrela hasi nintzen Euskara batua/Zuberera-Zuberera/Euskara batua hiztegi baten bila, eta ez nuen aurkitu. Batera eta bestera idazten eta deitzen hasi nintzen eta hiztegirik ez! Aurkitu nituen pare bat lan txiki (merezimendu guztiekin) baina ez hiztegi osatu oso bat.
Sü Aziak-ek 'Hiztegi ttipia' kaleratu zuen 1998an eta 2016an berriro inprimatu zen.
2017an Allande Sokarrosekin harreman pixka bat egin nuen Aiztondoko Maskaraden inguruan eta beregana jo nuen oso sorpresa polit batekin topo egin nuelarik: beraiek (Sü Aziak) argitaratua zuten delako Hiztegi ttipia. Txantxa giroan horrela deskribatu zidan ekimen edo hiztegi hau: «Zuberotarrek ETB ulertzeko lagungarri ttipi bat». Bost euroan eros daiteke Maulen. Zalantzarik gabe ekimen eder bat, baina oso urrun geratzen da hiztegi osatu batetik.
Bada baliatu nahi ditut garai hauek Olentzerori opari hori eskatzeko. Ea norbait limurtzen duen langintza honetara, ea norbaiti harra sartzen dion honetan abiatzeko, ea norbait engainatzen duen.
Ea Olentzerok lortzen duen bada!