«Pertsona bakoitzak beganismoa bere modura bizi du»

Leyre Carrasco 2020ko aza. 11a, 11:59

Sare sozialetan aurki daitekeen 'begaonegin' izeneko kontuaren sortzailea da Maddi Etxeberria larrauldarra; plater begetalak argitaratzearekin batera, horiek osasuntsuak direla ere erakusten du.

Giza Nutrizioa eta Dietetika gradua ikasi du Maddi Etxeberria larrauldarrak. 2016. urtean dieta begetala kontsumitzen hasi eta egun gutxira Begaonegin izeneko kontua sortu zuen sare sozialetan, jaki ehuneko ehun begetalen inguruko errezetak eta platerak partekatuz. «Inertziaz eta pentsatu gabe», baina aldi berean, berak kontsumitzen dituen plateren dibulgazio lana egiteko sortu zuen kontuaz aritu zaigu, baita beganismoaz eta berak izandako esperientziaz ere.

Zer da beganismoa?

Beganismoa gaizki erabilitako kontzeptua da. Izan ere, gaur egun ehuneko ehunean animalien jatorriko produktuak euren dietatik ezabatuta dituzten pertsona horiek beganotzat etiketatzen badituzte ere, beganismoa elikaduraz harago doan zerbait da. Beganismoaren helburua animalien esplotazioa inongo alorretan, elikaduran ere, ez egitea da. Horrek inpaktu handia dauka, eta agian, horregatik da ezagunena baino elikaduraz gain, bai kosmetikan, bai arropan, baita gure aisialdian ere ematen da. Esatera, zooak edo animalidun zirkuak ez bisitatzeko bezalako ekintzetan eta abar.

Noiz hasi zinen beganismoa praktikatzen? Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Beganismoa praktikatzeko pertsona bakoitzak bere modua edukitzeaz gain, ezinezkoa da gizartearen ehuneko ehuna beganoa izatea. Hasteko, gaixo gauden unean eta sendagai bat behar dugunean, sendagai horietako asko ez direlako beganoak. Beraz, pertsona bakoitzak ahal duen modura egiten du, eta horregatik batzuk dieta baten bidez hasten dira eta ondoren, pixkana arropan edo kosmetikan gehitzen dute haien beganismoa bizitzeko modua. Ni 2016. urte bukaeran hasi nintzen dieta begetala kontsumitzen. Erabaki hori hartu nuen betidanik izan naizelako animaliak gustatzen zaizkion pertsona bat, eta ehiza edo animalidun zirkuak gorrotatu eta horien aurka zegoen antitaurina kontsideratzen naiz. Gizartean hain alderatuta ditugu animalia bera eta kontsumitzen diren produktuak, ez nintzela ohartzen nire hipokresiaz. Gasteizen ikasten nengoela, hainbat dokumental iritsi ziren nire bidera. Horiek ikusi ostean jabetu nintzen zer zegoen industria guzti honen atzean, eta geroztik, ezin izan nituen begiak itxi. Hipokresia hutsa iruditu zitzaidan errealitate hori jakin ostean, erabaki hori ez hartzea.

Sare sozialetan 'begaonegin' izeneko kontua duzu, non dieta begetalarekin lotura duten hainbat errezeta igotzen dituzun. Nola hasi zinen bertan?

Nik pausoa eman eta egun gutxira hasi nintzen kontu horiekin. Pixka bat inertziaz izan zela esango nuke, hau da, pentsatu gabe. Baina, aldi berean interesgarria iruditu zitzaidan nik kontsumitzen nituen plater horiekin dibulgazio lana egitea, jendeak ikustarazteko, gaur egun gizartea oso errotua baitago.

Errezeta guztiak zureak al dira, edota webguneren bateko errezetak hartu dituzu eredutzat?

Errezeta idatziak gutxi argitaratzen ditut. Nahiko sortzailea naiz sukaldean, eta gauza asko badira nire sorkuntzak, baina beste asko ez. Hala ere, errezetak kontu zehatz batetik ateratzen baditut errezeta hori sortu duen pertsona etiketatzen edo aipatzen saiatzen naiz. Azken finean, ez delako nire sorkuntza izan.

Zein da zure gustukoena? Zergatik?

Ez nuke jakingo esaten. Sukaldatzea eta jatea asko gustatzen zaion pertsona naiz, eta ondorioz, ia denarekin disfrutatzen dut. Baina, egia da, plater koloretsuak asko gustatzen zaizkidala, eta zenbat eta koloretsuagoa izan, gehiago erakartzen nau. Beraz, ahal den neurrian nire platerak koloretsuak izaten saiatzen naiz.

Zer nolako harrera izan du orain arte?

Hasieran nire inguruko jendeak bakarrik jarraitzen ninduen, baina pixkana eta kasualitatez jende gehiago jarraitzen hasi zitzaidan. Badirudi, publiko batera iristen ari naizela, izan ere, jaso dudan feedbackagatik ematen du jendeak jarraitzen nauela, eta nik uste dut 'begaonegin' bezalako euskarazko kontuak ia ez daudelako izan daitekeela. Jendeak, gainera, noizean behin idatzi egiten dit errezeten edo erreferentzien inguruan galdezka, eta baita produktuen inguruan ere, horiek non erosi edo non topatu jakin nahian. Beraz, orain arte harrera oso ona izan duela esan dezaket.

Elikadura beganoa edukitzea garestia dela esan izan da. Horrela al da?

Ez. Hala ere, azpimarratu beharra daukat elikadura orojale baten patroia errepikatu nahia bai, hori garesti ateratzen dela. Hau da, haragia utzi eta oilasko zaporea duen xerra begetala erosi nahi baduzu edo paellarako ganba begetalak adibidez bai, produktu horiek garestiak direlako. Baina, pertsona guztion dietan oinarri izan beharko liratekeen produktuak (lekaleak, fruitu lehorrak, barazkiak, frutak, zereal integralak…) merkeak dira. Ondorioz, ez da egia garestiagoa dela, garesti bihurtu dezakezu nahi adina, baino ondo jateko ez duzu diru asko gastatu beharrik.

Beganismoan berria den norbaiti ze aholku emango zenioke?

Nire ustez oso garrantzitsua da zergatia oso argi edukitzea, batzuetan zure erabakia asko eztabaidatzen delako. Horretarako, asko informatu dadila, gaur egun Instagramen bertan dibulgazio kontu pila bat daude, eta Interneten bertan ere webgune oso interesgarriak topatu daitezke. Iturri fidagarri eta interesgarriak topatu ditzala esango nioke eta ahal duen bezain beste informatu dadila. Horrez gain, pazientzia handi-handia eduki dezala, «anti-begano» edo guztiari puntila ateratzen dioten pertsonekin, teorian zure osasunaz kezkatzen diren pertsonekin, baita diskutitu nahi duten horiekin ere. Nik uste dut sukaldatzeak edo esperimentatzeak ate asko irekitzen dituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!