XIBERUTIK

Etxahun-Iruri eta festa!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2020ko urr. 19a, 10:58
Etxahun txirularekin eta Gaat Arhane atabalaz. BIDEGILEAK

Joan zen itxialdia, joan da uda zoro hau… Eta badator ere ikasturteari promes berriak egitearen garaia.

Manexak bere buruari galdetu zion ea ohikoz apartekorik zer egingo duen negu honetan; bederatzi hilabetez zer egin dezakeen gordetzeko modukoa… Eta noski, manexari ekialdera egin dio garunak! Zuberoako dantzen gainean ikertzen hasi? Zuberoako aireak entzun? Datorren urteko pastoralaren antolaketaren inguruan murgildu? Azkenean hartu dut erabakia: Zuberoako dozena erdi autore apartatu eta hauen obratan barrena nabigatzea erabaki dut. Etxahun-Iruriren bizitza oso interesgarria eta emankorra izan zela badakit eta hemendik hasiko naiz, listo! Hemendik eta handik hartutakotik eta gogoratzen dudanetik, hauxe da nire abiapuntua.


Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri (1908-1979) Iruriko Etxahunen jaio zen; aita zuen bertakoa eta ama Barkoxekoa. Bigarren haurra baina lehen mutikoa zenez, aitak premu egin zuen Zuberoako usaia jarraituz. Ikasle ona zen Pierra eta gutxik lortzen zutena lortu zuen: sei urtetik hamahiru urterako eskola-aldiari zegokion certificata. Literatura gaiak atsegin omen zituen.

Bera eta anaia Munduko Bigarren Gerra handira deituak izan ziren 1939an (bi seme izan zituen 1936 eta 1938an) eta bertan galdu zuen anaia… Oroitzapen mingarri hartatik ez zen behin ere askatu. Ziur gogoan duzula Patxi Saizi sarri entzun diogun kantu hau: Aski sofritüz nik hanitzetan desir nükean hiltzea, ez bazüntüdan hain maite üken oi Ama Euskal Herria. Sorterrira itzuli ostean idatzi zituen bertso zoragarri hauek. Louis Ligetx izan zuen bertso irakasle eta Pierrak ondo, asko, eta azkar ikasi zuen bertsotan.

Baina lehenago sartu zen Pierra jai munduan Ozazeko Leon Salaberren eskutik. Leon kantari zen, dantzari, istorio kontalari, musikari, pastoral errejenta… Honek erakutsiak ondo jaso eta arte hauetan distira gehiago izan zuen orokorrean bertsotan baino. Gaztaroan harmonika eta txirula ikasi zituen belarria ezinago zorroztuz. 1938rako zenbait abesti eginak zituen. Adibidez: Domecq mariñelaren hiltzia (Donibane-Lohitzunekoa zen arrantzale hau, beraz, ordurako Zuberoatik harantz ikusten zuen Etxahunek). Gerora 200 abesti inguru utzi dizkigu Pierrak. Aipatu gabe ezin utzi 1946an egin zuen Agur Xiberüa, Goizian argi hastian, anaia etxen da ezküntü, (Benito Lertxundi oriotarrak Oi ama Eskual Herri izenburuaz ezagutarazia), Ama Euskadi

Zuberoako dozena erdi autore apartatu eta hauen obratan barrena nabigatzea erabaki dut


Pasadizo polita 1962 edo 1963. urtean gertatua. Gaztetan txirula jotzen aritu zen Etxahun-Iruri baina ahaztu egin zuen ez jotzearen ondorioz. Adineko hiru txirulari baziren Zuberoan baina hirurak eri gertatu ziren Atharratzeko kermeza edo festa batean. Etxahun txirula jotzera behartu zuten atharraztarrek eta oso ondo egin omen zuen lana; laster, maskaradaz maskarada aritu zen Pierra Gaat Arhane lagun atabalean: Euskal Herri osoan ahaztezin bilakatu zen bikotea.

Gerora 200 abesti inguru utzi dizkigu Pierrak. Aipatu gabe ezin utzi 1946an egin zuen 'Agur Xiberüa'


Halere, seguru asko pastoralena da Etxahun-Irurik gehien landu zuen bidezidorra; pastoralera ekarri zuen iraultza oraindik ere sarritan da aipagai hemen eta han. Aurtengo ekainaren 6an ATARIArako idatzitako artikuluan luzeago aritu nintzen honetaz, beraz ez dut lehen esanik errepikatuko.

Hauxe nire gonbita beraz. Gustu baduzue ikus eta galde ezazue Etxahun-Iruriren gainean. Asko gozatuko duzue, ziur!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!