Larraulen eskaintza zabala egin dute ikasturte berrirako

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 15a, 07:59

Irailaren 25era bitartean egongo da ikastaroetan izena emateko aukera eta udalean eskuragai izango den orria beteta egin beharko da matrikula

Urriaren 5ean hasi eta ekainaren 21ean amaituko dute ikasturtea Larraulen. Esku pilota, euskal dantza eta zumba ikastaroez gain, aurten, nobedade gisa, ikastaro berri bat eskainiko zaie herriko gaztetxoei. Gorpuz adierazpena, antzerkia eta zirkua landuko dira tailer horretan eta Iraitz Lizarraga zizurkildarra ariko da irakasle. Zirkuaren artera hurbilduz, joko akrobatikoetan oinarrituz, ikasleek prestakuntza fisiko egokirako teknika ezberdinak landuko dituzte. Bi taldetan banatuta, 2004tik 2016ra bitartean jaiotakoek eman dezakete izena.

Bizi dugun osasun egoera berezia dela eta ikasturte osoa iraungo duten ikastaro trinkoak eten beharko balira, Larraulgo Udalak erabaki du zein neurri hartuko dituen: Euskal dantza, eta Gorputz adierazpen, antzerki eta zirkua ikastaroetan online emango dira eskolak, beraz, izena ematen dutenei kuota osoa kobratuko zaie. Esku pilota ikastaroa, berriz, hiru astez eteten bada, ez da hilabetea kobratuko. Udalak jakinarazi du, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, erabiliko diren aretoetan garbitasuna eta aforoa kontuan izango direla.

Ikastaro laburrak

Larraulgo ikastaro eskaintzaren barruan, aurten lehen aldiz, mindfulness hastapen tailer bat eskainiko da, Ainara Urdapilletaren eskutik. Egun bakarreko ikastaroa izango da eta azaroaren 14an egingo dute, 10:00etatik 13:00etara.

Kirolarekin zerikusia duten beste bi eskaintza ere izango dira Larraulen: urriaren 10, 11 eta 12an mendiko bizikleta ikastaroa eta abenduaren 5, 6, 7 eta 8an irristaketa ikastaroa eskainiko ditu Beñat Azurmendik.

Gainera, Olivia Sanchez irakaslea gidari dela, abendura bitartean eskulan tailerrak izango dira, eta besteak beste, betaurreko eta diru zorroak eta eguberrietarako apaingarriak egiten ikasiko dute parte hartzaileek. Bestalde, hiru larunbatetan, hitanoan hastapen ikastaroa eskainiko du Iñaki Rezola irakasleak.

Ikastaro hauetan izena emateko, matrikulazio orria behar bezala beteta entregatu beharko da udaletxean. Informazio gehiagorako 634 289 327 telefono zenbakira deitu ahalko dute interesatuek. Hemen esku orria.

Hitanoa praktikatzeko saioa

Urriaren 17an, urriaren 31n eta azaroaren 7an, hiru larunbatetan, hitanoa ikasteko hastapen ikastaroa eskainiko da Larraulgo liburutegian, goizez, 10:00etatik 12:30era. Iñaki Rezola (Ataun, 1958) Maizpide euskaltegiko irakaslea ariko da gidari. «Ohitura hori piztea polita dela uste dut, eta interesgarria gainera. Adin bereko jendearen arteko elkarrizketa molde naturala da hitanoa», esan du Rezolak.

Teoria eta praktika uztartuko dituzte hiru saioetan. Hasieran idatzitik abiatuko dira, baina gero elkarrizketa motzak egin eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute parte hartzaileek. «Batutik abiatuko gara, baina agian ikasleei gehiago interesatuko zaizkie Larraul inguruko formak ezagutzea. Izena ematen dutenen artean erabakiko dugu, iruditzen baitzait, hitanoaz ari garela, merezi duela tokian tokikoa jasotzea». Ezjakintasuna baino gehiago, ohitura falta espero du ikasleen artean Rezolak. «Gutxitu egin da erabilera, baina herri txikietan bai, batez ere mutilek erabiltzen dute neskek baino gehiago».

Hitanoa, noiz, norekin eta zertarako erabiltzen den azaltzen saiatuko da Rezola eta orokortuta dauden erabilera okerrak zuzentzen. «Arazorik ez da sortzen 'hi' edo 'hik' esaten dugunean, baina horrek eskatzen du beste hizketa molde bat 'ni', 'gu', 'hura' eta 'haiek' pertsonetan eta hor askotan sartzen da hanka. 'Etorri dekela' eta horrelako formak asko ugaritzen ari dira, menpeko esaldietan batez ere, eta baita neskei toka egitearena ere. Ohiko akats horiek jasota dauzkat eta saiatuko gara okerrak zuzentzen».

Larraul ingurune euskaldunean dago eta Maizpideko irakasleak ziurtzat du, asko edo gutxi, denek ezagutzen dutela hitanoa. «Ziur nago hiztun onak izango direla eta arazorik ez dutela izango hitanoaren logika ulertzeko».

Gehienbat lagunarteko erregistroetan erabiltzen da hitanoa, baina horretan aldaketak izan direla esan du Rezolak: «1812ko konstituzioa Jose Felix Amondarain zegamar apaizak euskaratu zuen. Lan hori, alde batetik Jainkoari eskaini zion, eta bestetik, Zumalakarregi jeneralaren anaiari, Migel Antoniori. Jainkoari hika hitz egiten dio Amondarainek, eta Zumakalarregiri, berriz, berorika».

Hitanoak erabilera behar duela esanez amaitu du irakasleak eta ikastaroan parte hartuko dutenak animatuko ditu gerora ere erabili dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!