Ugaitz Mugertzak egin du aurrera Larraulen

Ataria 2020ko uztailaren 6a

Aizkolariak eta harri-jasotzaileak aritu ziren lehian larunbatean, Egur Sport enpresaren txapelketetan. Aizkoran, mutrikuarra erraz nagusitu zitzaion Ruben Saralegiri. Harriarekin, Peñak oso indartsu dagoela erakutsi zuen.

Hiru txapelketetako probak jokatu ziren larunbatean Larraulen. Lau gizon eta emakume bat aritu ziren lehian, bi aizkorarekin eta hiru harriarekin.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa

Ugaitz Mugertzak Asteasuko jaietan lan laburretan aritzeko oso indartsu zegoela erakutsi zuen. Larraulen, larunbatean, lan luzeetarako gero eta hobekiago dagoela ikusi zen. Geldialdiaren ondoren, normala den bezala, oraindik plazarako berde antzera dagoena Ruben Saralegi dela ikusi zen. Mutrikuarrak leitzarrari 6 minutuko aldea atera zion hiru proben ondoren.

45 ontzako enborrarekin hasi ziren lanean bi aizkolariak, erlojuaren kontra. Mugertza II.ak 43 segundu behar izan zituen enborra ebakitzeko; Saralegik, 50.

65 ontzakoan tartea zabaltzea lortu zuen gipuzkoarrak, 3 minutu eta 23 segundoko lanaren ostean. Nafarrak 4 minutu eta 22 segundu behar izan zituen bigarren enbor hori botatzeko.

Sei enborren gainean, ordura arte ikusitakoaren jarraipena ikusi zen. Mugertza II.a aizkoran erraz, garaipena eskuetan zuela jakitun, eta Saralegi oso atzera geratuta. Mutrikuarrak 21.58 bota baldin bazituen sei enborrak, leitzarrak 27.02an.

Denbora guztiak pilatuta, final laurdenak Ugaitz Mugertzak gainditu zituen 26.04 markatuz. Kanpo geratu dena Ruben Saralegi izan da, 32.14ko denborarekin.

Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketa

Xabi Peñak sasoiko dagoela erakutsi zuen Larraulen larunbatean, harria indartsu dominatuz. 125 kiloko hiru harrirekin aritu ziren lanean harri-jasotzaileak, 2 minutuko lanak eginaz. Jokin Eizmendik ere lan polita egin zuen, baina 41 jasoaldirekin geratu zen. Peñak, berriz, 45eko marka lortu zuen. Aurreko asteburuan, Leaburun, Mikel Lopetegi Urra eta Urdax Magunazelaia 44ean geratu ziren.

Nahiko parean ibili ziren Peña eta Eizmendi zilindroarekin eta kubikoarekin. Lehenari 17na jasoaldi eman zizkioten. Kubikoarekin Eizmendi jarri zen aurretik jasoaldi bateko aldeaz, 14 aldiz harria jasota. Bolak erabaki zuen lehia. Peñal 15 jasoaldi bikain eman zizkion eta Eizmendik 10.

Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa

Karmele Gisasola Zelai III.ak 48 jasoaldiko marka lortu zuen. 63 kiloko hiru harrirekin aritu zen lanean Zelai III.a. 19, 11 eta 18 jasoaldi eman zizkien zilindroari, kubikoari eta bolari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!