Larraulek hartuko du bigarren saioa

Ataria 2020ko uztailaren 2a

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren bigarren saioa egingo da Larraulen, larunbat honetan, uztailak 4, 12:00etan hasita. Final-laurdeneko norgehiagoka jokatuko dute Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi aizkolariek.

Larraulgo herri kirol jaialdian ere beste bi saio izango dira. Batetik, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan, Xabi Peñak eta Jokin Eizmendik parte hartuko dute. Azken honek Telleriaren lekua hartu du, mina hartuta baitago.

Bestetik, Emakumezkoen Harri-jasotzeko Txapelketaren beste saio bat izango da. Karmele Gisasola Zelai III.a-k parte hartuko du bertan.

LEHEN SAIOKO EMAITZAK

Aurreko larunbatean izan ziren hiru txapelketa horien lehen saioak, Apatta Industriagunean. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan Jon Rekondo leitzarrak erraz irabazi zion Arraiarango Iñaki Azurmendiri, eta orain Iker Vicenteren aurka lehiatuko da finalaurrekoan.

Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketako aurreneko neurketan Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi Urra lehiatu ziren elkarren aurka. Ia erabateko berdintasuna eman zen norgehiagokan, izan ere, 44na altxaldi egin zituzten 125 kiloko harriekin. Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan, Udane Ostolaza gazte oriotarrak 50 kiloko zilindrikoari 15 altxaldi eman zizkion, 50 kiloko kubikoari bederatzi, eta pisu bereko bolari, 12.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!