Larraulgo jaiak bertan behera geratu dira

Ataria 2020ko ekainaren 4a

Larraulgo Udalak bandoa kaleratu du erabakiaren berri emanez. San Joan, San Esteban eta San Bartolome jairik ez da izango aurten.

COVID-19ak eragindako osasun alerta dela eta, Larraulgo Udalak segurtasun printzipioak behartuta, San Joan, San Esteban eta San Bartolome jaiak bertan behera uztea erabaki du. "Erabaki hori ez genuen hartu nahi, baina ez dira betetzen osasunerako beharrezkoak diren baldintzak", esan dute.

Abuztuan egoera hobeagoan egotea espero dute Larraulgo udal ordezkariek, "koronabirusa bertan egongo da, eta jaietako jarduerekin sortuko liratekeen jende pilaketek kutsatzeko arriskua ekar dezakete". Bandoan jakinarazi dutenez, ahal ere, ez dute baztertzen San Esteban egunean jardueraren bat egitea, "beti ere segurtasun neurri guztiak bermatu badaitezke".

"Pena handia hartzen dugu aurten Larraulen jairik ez izatean", adierazi dute udal arduradunek. Dena dela, herriko jaien garrantziaz jabetuta, urtero ospatzen den kultur astean jarduera gehiago antolatzea ez du baztertzen udalak, beti ere, momentu horretan biziko den osasun egoerak horretarako aukera ematen badu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!