Larraul-Hernio-Larraul lasterketa hamargarren ediziora iritsiko da

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 11a, 09:17

Igande honetan egingo da mendi lasterketa, 10:30ean abiatuta herriko plazatik. 200 parte hartzaileren muga ezartzen dute, eta dagoeneko ez dago dortsalik libre.

Zenbaki biribilera iritsi dira Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa, igandean hamargarrena izango baita jokoan. «Hasi zenean lasterketa antolatzen, ez genuen oso argi hamargarren ediziora iritsiko ginenik, eta azkar batean hamar urte pasa dira», esan du Iñigo Ruiz antolakuntza taldeko kideak.

Lasterketa 10:30ean hasiko da eta irteera zein helmuga Larraulgo plazan izango ditu. Herniora igotzeko Zelatundik pasako dira korrikalariak. Guztira 15 kilometro eta 800 metro dira maldan gora egin beharrekoak.

Ordu eta erdi baino zerbait gehiago beharko ditu aurrenekoak helmugara iristeko. «Eguraldiaren arabera eta ibilbidearen arabera izaten da. Uste dugu nahiko bustita eta lokatz handiarekin egongo dela, bota duen guztiarekin», esan du Ruizek. «Igandera begira ez da oso ziurra zer gertatuko den eguraldiarekin. Ez dirudi oso txarra egingo duenik, baina lokatza egongo dela seguru». Zenbait korrikalariri baldintza gogorrak izatea gustatzen zaiola gaineratu du antolakuntzako kideak: «Iaz elurra izan genuen Zelatunen, eta ibilbidea moztekotan egon ginen, eta azkenean ibilbide osoa egin genuen, eta pixka bat arriskutsua bazegoen, baina korrikalariek lasterketa osorik egin nahi izan zuten».

Gizonezkoetan Iñaki Olano altzotarra iazko irabazlea joatekoa da, eta Hassan Ait Chaou billabonatarrak ere izena eman du. «Egunean bertan etortzen badira, beraien arteko lehiak ere eragingo du lortzen den marka». Emakumezkoetan Nerea Amilibia zizurkildarra izango da, probaren markaren jabea.

Urtero gero eta emakumezko gehiagok parte hartzen duela esan du Ruizek. «Horrez gain, sentsazioa dugu urtero gero eta azkarrago betetzen dela parte hartzaile kopurua. Igandean dagoeneko dortsalak agortuta zeuden, eta hurrengo egunean ere jaso nituen posta elektronikoak izena emateko asmoz», zehaztu du Ruizek.

Berrehun parte hartzaileren muga dute ezarrita antolatzaileek, «ibilbideak, herriak eta antolakuntzak ez duelako gehiagorako ematen. Behin dortsalak agortu eta gero, mezu bera zabaltzen ari gara. Gertatu daiteke izena eman duen norbait ez azaltzea. Orduan aukera izango da dortsal hori eskuratzeko, baina ezin dugu ziurtatu inori Larraulera etorri eta dortsalen bat izatea», azaldu du Ruizek. Antolakuntzan 30-40 pertsona inguru aritzen dira.

Mendi lasterketek azken urteetan arrakasta izaten ari direla dio Ruizek. «Gure lasterketa xumea da eta ez da garestia parte hartzea. Beraz, norbaitek ezin badu etorri, ez da hainbesteko galera izaten ekonomikoki». Lehen hiru korrikalariei, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, saria ematen zaie. Horrez gain, lehen herritarrek ere jasotzen dute. «Sariak ez dira oso handiak, eta korrikalariak ez dira horregatik etortzen», esan du Ruizek. «Gure helburua ez da korrikalariak sariengatik etortzea, baizik ibilbidea oso polita delako eta Hernio mendi mitikora igotzen direlako. Ikusten dugu jendeak erantzuten duela. Sari potoloena da behin helmugara iritsi ondoren hamaiketakoa hartzea eta lesuonaturik ez izatea».

OMENALDIA AMAIA ANDRESI

Urtero antolakuntzak omenaldia egiten dio pertsona bati, Gipuzkoan atletismoan aritutako bati, eta aurten Amaia Andresi emango zaio. Atleta ohia, egun Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakaria da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!