Mozorroaz haragoko begirada

Jon Miranda Labaien 2020ko ots. 20a, 10:00

Aitzpea Leizaola antropologoak, inauteriak hasi bezperatan, 'Mozorroaz haratago. Inauteriak Euskal Herrian atzo eta gaur' hitzaldia eman zuen asteartean Larraulen.

Erantzunik ez eta galdera asko utzi zituen airean Aitzpea Leitzaolak (Donostia, 1971) Larraulen. «Inauteriak akabera edo berpiztea dira? Gizartearen isla? Ospakizun soila? Eta mozorroak, itxurakeria hutsa? Edo badago zerbait auzi estetikoaz harago?»

Konstatazio bat aurrena: «Denbora neurtzeko modu baten aztarna da inauteria». Lehenengo tentsioa ikusten du hor irakasleak, ilargi zikloaren araberako ospakizun «bakarrenetakoa» baita, eguzkiaren egutegira, eta hortaz data zehatzetara moldatuta dagoen gizarte batean. Erramu egunetik atzera 40 egun kontatu eta hausterre eguna oinarri hartuta, aurreko ostegunetik asteartera bitarteko epealdia dira inaute egunak. Zentzu «zurrunean» ulertuta hori, zabalago hartuta, ziklo osoa hartzen duen aroa baita inauteria, «Urtats egunetik Pazko igandera bitartekoa».

Festa «dinamikoa» da, halere, eta horren adibidetzat hartu du Ituren eta Zubietan duela urte batzuk hartutako erabakia. Ilargiaren egutegiari begiratzeari utzi eta inauteria beti urtarrila bukaeran ospatzea adostu zuten bi herrietan. Hori gertatu da Ituren eta Zubietako inauterian, Lantzekoarekin batera, euskal inauterien ikur bilakatu den jaian. Aurreko mendeko 70eko hamarkadatik hona datorren joera sumatzen du horren atzean antropologia irakasleak: «Forma kanoniko eta tradizional bat interpretatu da euskal inauteri gisa, prototipo bat sortu da». Ospakizuna zena, ikuskizun bihurtua. Horra tentsioa, berriro, eta masifikazio edo turistifikazioaren arriskua.

Tradizioarekiko posizionamendua dago auzitan Leizaolak nabarmendu duenez. «Badago ideia bat ulertzen duena tradizioa iraganetik datorkigunarekiko jarraikortasuna dela, eta beraz, aldagaitza eta denboran zehar errepikatzen dena dela». Ideia horri kontrajarrita, inauteriaren izaera «dinamikoa» aipatu du berriro antropologoak eta baieztatu du tradizioak iraun dezan, «moldakorra eta aldakorra» behar duela izan. Testuinguruari oso lotua.

Bi irudi ekarri ditu EHUko irakasleak hitzaldiaren hasieran horren erakusgarri: bata Tolosako Zaldunita eguneko argazkia da, eta bestea, Arizkungo inauterietan jasotakoa. Beste askoren artean bi. Neguko zikloaren festen barruan egiten diren eske errondak ere hartu dituelako gogoan Leizaolak. «Barrura begirako festak dira, komunitatea gorpuzten laguntzen dutenak». Horren adibidea ikusi ahal izan da aurreko asteburuan Lizartzan.

Neurri batean, forma tradizionalen bilketa eta berrinterpretazioa egin dute Lizartzan, Euskal Herriko beste hainbat herritan egin duten bezala. Altsasuko adibidea aipatu du Leizaolak baina baita Lizarrakoa ere. «Gizarte tradizionaleko klabeak hartu dituzte, horretarako gaur egungo objektu modernoak erabiliz».

Inauterietan ageri diren pertsonaia horiek oso bestelako testuinguruetan, manifestazio, protesta ekitaldi eta ospakizunetan erabili izan direla ere gogoratu du Leizaolak. Barruko esanahia gordez eta testuinguru berrietara moldatuz. Egokitzeko gaitasuna aipatuta, mutil ezkongabeen festa bat izatetik emakumeek rol guztietan parte hartzera pasa direneko saltoaz aritu da. «Beste lekuetan baino gatazka gutxiagorekin, baina nabaritu da beste tentsio bat, tirabira bat», aipatu du irakasleak.

Bertute hori baitu inauteriak, tentsio horiek guztiak azaleratzen dituela. Eztabaida soziala eta kritika bultzatzen ditu. «Inauteriaren iraultze gaitasunak egunerokotasunean duen eragina aipagarria. Mozorroaren atzean itxuraz ikusten dena baino gehiago dago», dio Leizaolak.

Bukatzera doanaren itxura hartuko du gaurtik aurrera munduak, munduak hausterre egunetik aurrera jarrai dezan. Ospakizunaren aitzakian, betebeharrak bata bestearen segidan etorriko zaizkigu eta mozorroaren atzean ustez ezkutatuta, inoiz baino ageriago utziko dugu zer garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!