SagarArte ekimena herriko ostatuetara iritsiko da ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 13a, 11:12

Larraul eta Alkizako herriko ostatuek, afari gidatuak prestatuko dituzte ekimenaren barruan. Lehenengoa bihar izango da Larraulen, eta bigarrena, hilaren 28an, Alkizan.

Astigarragako Astarbe sagardotegiko arduradunek, duela hiru urte jarri zuten martxan irabazi asmorik gabeko SagarArte elkartea. Kultur sorkuntzan sagardotegiek bere garaian izan zuten paper aktiboa berreskuratzeko asmoz sortu zuten, Joseba Astarbe lehendakariak azpimarratu bezala, «sagardotegia ez baita soilik festarako leku bat».

Norabide horretan eragiteko, urte hauetan sortzaile gazteen artean deialdiak zabaldu izan ditu SagarArtek eta artista gazteek egindako obrak erakusteko zirkuitua osatu du. Besteak beste, Zizurkilgo Plazida Otañoko erakusketa gelan 2019ko urtarrilean erakutsi zituzten zenbait obra eta artelanekin batera sagardo kata burutu zuten, Sagardoaren kondairaizenburupean.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolaturiko lehen SagarArteko sortzaile lehiaketa irabazi zuen, hain zuzen, Maria Altuna Lizarraga zizurkildarrak. Malus Arbore Ceciditizenpean, zeramikazko hiru piezek osatzen dute obra, pintura ezberdinekin landuta. Garai batean sagardoa egiteko erabiltzen zen upel bateko taulekin batera aurkeztu zituen lau obrak: Sagarra, Egurretik Egurrera, Sagar Denboraketa Txertaketak.

SagarArte ekimenean parte hartu duten sortzaile hauetako batzuen obrak Gipuzkoako sei herriko ostatutara eramango dituzte orain eta bertan ikusgai izango dira apirila bitartean. Sorkuntza lan horietan oinarritutako afariak prestatuko dituzte herriko ostatuek. Proiektuarekin bat egin dute Larraulgo eta Alkizako ostatuek eta lehen bi afariak bertan egingo dira, otsailaren 14an eta otsailaren 28an, hurrenez hurren. Gero, Mutiloako, Zeraingo eta Ezkioko bi ostatutan izango dira hurrengoak.

Iker Uranga, Larraulgo Zirta jatetxeko buruak hitz egin du gainerako herriko ostatuen izenean eta nabarmendu du aspalditik dutela ostatuek sare bat osatzeko gogoa eta orain SagarArtek eman diela horretarako bidea. Herriko ostatuek komunean dituen ezaugarriez aritu da Uranga: «Herri txikietan aurkitzen dira eta udalak hirugarren batzuei emakida bidez utzitako espazioak dira; Bertako produktuan oinarritutako ostalaritza zerbitzuak eskaintzen ditugu, baina horrekin batera bestelako funtzioak ere betetzen ditugu: herriko eskolako jantokia gara, denda bezala funtzionatzen dugu eta turismorako harrera guneak dira gureak».

Ekimenaren aurkezpen ekitaldian izan da, hain zuzen, Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria eta nabarmendu du, Gipuzkoako barnealdeari balioa emateko eta lurraldearen deszentralizazioan aurrera pausoak emateko ekimena dela SagarArtek orain proposatzen duena. «Herri txikien promozioa bultzatzen lagunduko digu». Eskualdeen arteko lankidetza ere nabarmendu du Goiriak eta landa garapen elkarteen babesa eskertu du. Aurkezpen ekitaldian izan da, besteak beste, Tolomendiko teknikari, Imanol Olano.

SagarArteren azkeneko ekimena begi onez ikusi dute erakunde ezberdinek eta mahai baten bueltan alor ezberdinetako arduradun instituzionalak jartzea, «garrantzitsua» dela uste du Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. Horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzako Landa eta itsasertz garapenerako eta Europako Politiketarako zuzendari Jone Fernandezen hitzak: «Proiektu oso interesgarria iruditzen zaigu eta bat egiten du guk herri txikiak promozionatzeko aurrera daramagun politikarekin». Elkarlanaren ideia azpimarratu du, baita ere, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta gastronomia arte diziplinatzat jo du, dastamena, usaimena, ikusmena eta ukimena uztartzen dituelako. «Arte plastikoak gehituz gero, sagardoaren kultura oraindik ere gehiago zabaltzeko aukera ematen digu», esan du alkateak.

AFARIAK OSTATUETAN

SagarArteren ekimenari esker, apirila bitarte artisten sorkuntza lanak izango dira ikusgai herriko ostatuetan eta ostatu bakoitzak, aldi berean, bost plater prestatuko ditu arte lan horietan oinarrituta. Hau da biharko menua Zirta ostatuan: «Asteasuko porruen krema, saltsa berdean egindako legatzaren aparrarekin; Etxean egindako txerri odolkia, Iparraldeko eran, sagardotan erretako Errezil sagarrarekin; Haritzaren gaineko bakailaoa, brasan erretako berdurekin eta izkiratzar mahonesarekin; Tenperatura baxuan sagarraren egurrarekin ketutako txerri saiheskia, brasaren olioan konfitaturiko azenario eta lekekin; Atzoko eta gaurko postrea, sagarrak, intxaurrak eta sorbetea». Afari gidatu formatuan platerak aurkeztu aurretik sorkuntza lanak aurkeztuko dira, obren atzean dagoen kontakizuna mahai gainean jarriz eta platerarekin duen harremana erakutsiz. Sagarra eta sagardoaren kultura oinarrian dagoenez, sagardo ezberdinekin uztartuko dituzte obrak eta jatekoak.

Bihar egingo dute Larraulen afaria eta dagoeneko ez da bertara joateko tokirik geratzen. Hurrengo hitzordua Alkizako ostatuan izango da, otsailaren 28an, eta bertako afari gidatuan parte hartu nahi duenak 943 69 18 36 telefonora dei dezake. Gainerako herrietatik Alkizara joateko autobusa antolatuko du bertako udalak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Tolosatik ere pasako da. Erreserbak, sagararte@astarbe.eus helbidean ere egin daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!