"Kasu batzuetan irudi aitzindariak dira dokumental hauetan jasotakoak"

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 21a, 09:02

Larraulgo kultur astearen barruan, Baskereta Bonde i Baskerland dokumentalak eskaini dituzte astelehenean, 19:00etan.

Film horien inguruan ikerketa lana egina du Argibel Euba Ugartek (Galdakao, 1979) eta ateratako ondorioak konpartituko ditu bertaratzen direnekin.

Nola izan zenuen Suedian grabatutako dokumental hauen ezaguera?

Ezustean izan nuen dokumentalen berri. Doktore tesirako hemeroteka lanetan ari nintzen eta Gipuzkoako prentsan artikulu batzuen bila nenbilen. Espero ez dituzun gauza interesgarri asko topatzen dituzu eta horien artean Diario Vascoegunkariko azalean ikusi nuen nola Suediako erreportari batzuk Euskal Herrian hara eta hona zebiltzan, euskal folkloreari eta musikari buruzko dokumental bat egiten. Arreta eman zidanez, galdetzea bururatu zitzaidan eta nahikoa erraz topatu nituen dokumentalak. Suediara pare bat mezu bidali nituen eta berehala erantzun zidaten hango irrati telebistako artxibo nagusian zeudela dokumentalak eta nahi izanez gero digitalizatuta bidaliko zizkidatela. Behin jaso ondoren, segituan konturatu nintzen balio handiko filmak zirela eta ikerketa lana abiatu nuen, Mikel Laboa katedraren laguntzari esker gauzatu ahal izan nuena.

Bi filma dira eta kutsu etnografikoa dute.

Telebistarako egindako bi dokumental labur dira, zuri beltzean. Basker izenekoak 24 minutu ditu eta Bonde i Baskerland deitutakoa, berriz, nekazaria euskaldunen herrian esan nahi duena, 18 minutu ingurukoa da. Gai nagusia, euskal kultura tradizionala da. Batez ere musika tradizionalaren adierazpideak eta nekazari munduari lotutakoak ageri dira.

Noiz eta non grabatutakoak dira irudiak?

1963. urteko urtarrila eta otsaila artean egin zituzten Euskal Herrian filmazioak eta urte hartako ekaina eta uztaila artean eman zituzten Suediako telebista publikoan. Luzaroan ibili nintzen irudiak identifikatu nahian, bai tokiak eta bai pertsonak ezagutu ahal izateko. Irudiak, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean daude grabatuta. Gipuzkoa da irudi gehien eskaintzen dituen tokia eta Aia, Ataun eta Bergarako irudiak ageri dira, besteak beste.

Zer jakin ahal izan duzu dokumentalaren egileen inguruan?

Bi dokumentalgile izan ziren eta oso tipo bitxiak ziren. Lennart Olson argazkilari profesionala zen eta filmak ere egin zituen, dokumentalak eta fikziozko pelikulak. Nahikoa ezaguna zen Suedian, oso gaztetatik argazkigintzan arrakasta izan zuelako. Dan Grenholm, berriz, musikari, poeta eta argazkilaria zen. Gizon bitxia zen, Mallorcan bizi izan zen eta batez ere musika tradizionalaren apasionatua zen. Bi egile hauek 1962an elkartu ziren eta Andaluzian egin zuten lehenengo dokumentala. Hurrengo urtean etorri zen Euskal Herrikoa.

Gidari onak izan zituzten hemen Euskal Herrian?

Hainbesteko balioa duten irudiak, hain ongi hautatuak aukeratu zituztela ikusterakoan susmoa hartu nion dokumentalista hauek bertako adituekin ibili zirela Euskal Herrian. Ikerketa lanari esker jakin ahal izan dut gidari bezala Aranzadi zientzia elkarteko etnografia sailekoak ibili zitzaizkiela. Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Elosegi tolosarra tartean.

Zure ustez zergatik dute hainbesteko balioa irudiok?

Arrazoi askorengatik. Berez balio formal handiko filmak dira, irudi eta soinu kalitate handikoak. Bestetik, gaur egun ohikoa ez den estilo bat erakusten dute, geldoa eta plano luzeekin eta eskertzekoa da hori. Baina batez ere, euskal ikuspegitik oso baliogarriak dira erakusten dituzten edukiengatik. Garai hartako Euskal Herriko herrien paisaiak, jendeak eta orduan hain ezagunak ez ziren pertsonak eta musikariak erakusten dituzte. Kasu batzuetan irudi aitzindariak dira. Berezia da filmaren ikuspegia, uztartzen delako atzerritarren ikuspuntua bertakoenekin. Bere izaera sinplean eta laburrean, bere soiltasunean balio handia duten filmak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!