Gaztetxotatik idaztera

Ataria 2019ko aza. 20a, 19:57

Larraulgo liburutegiak antolatuta, Mikro-ipuin Lehiaketa egingo dute lehen aldiz; 6 eta 11 urte bitarteko gazteek izango dute parte hartzeko aukera, eta ipuinarekin batera ilustrazioa egin beharko da.

Larraul Larraulgo gaztetxoek euren idazle sena atera eta lanak jendaurrean aurkezteko aukera izango dute. Izan ere, Larraulgo liburutegiak antolatuta, I. Mikro-ipuin Lehiaketa egingo dute.

2011 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteek izango dute ekimen honetan parte hartzeko aukera, eta horrekin batera, larrauldarra izatea edo Larraulgo eskolako ikaslea izatea jarri dute baldintza moduan. Sarituak izan ez diren eta argitaratu ez diren lanak aurkeztu ahalko dira, eta pertsona bakarrak eginak. Gainera, lanak euskaraz egin beharko dira, eta idaztearekin batera, eskuz eginiko ilustrazio batekin lagunduak izan behar dutela adierazi dute antolatzaileek. Gaiari dagokionez, librea izango da, eta egile bakoitzak gehienez, hiru mikro-ipuin aurkeztu ahal izango ditu. Bi kategoriatan banatu dute lehiaketa: 6-8 urte bitartekoak batetik, eta 9-11 urte biartekoak, bestetik. Hala, gaztetxoenek idatzitakoek 75 hitz izango dituzte gehienez, eta 9-11 urte artekoek, 100 hitz. Sariei dagokienez, maila bakoitzeko lehenak 40 euro eta diploma eskuratuko ditu, eta bigarrenak, diploma bat. Antolatzaileek azaldu dutenez, gaiaren originaltasuna, euskararen maila, narrazioaren egitura eta ilustrazioaren eta testuaren bateratze maila hartuko dute kontuan lanak baloratzerakoan. 

Azaroaren 22ra arteko epea jarri dute lanak aurkezteko, eta abenduaren 19an, 18:30ean liburutegian egingo den ekitaldian emango dute saridunen berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!