«Egin ahal duguna egiten ere ez digute uzten, etsigarria da»

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 25a, 11:59

Irati Azkue Zaporeak elkarteko komunikazio arduraduna da. Larraulgo ostatuan, bihar, errefuxiatuen aldeko elkartasun bazkaria egingo da; eguna osatzeko ekitaldiak izango dira goizetik, kultur etxean.

Laurraulgoa bezalako ideiak gogo onez hartzen dituztela aipatu du Irati Azkue Leundak (Getaria, 1981), eta elkartetik, ahal den neurrian, elkartasunezko ekimenak edukiz jantzi eta errefuxiatuen egoeraren berri emateko baliatzen dituzte.

Zein lan egiten duzue Zaporeak proiektuan?

Zaporeak proiektuak 2014an du jatorria eta hasieratik izan du helburutzat errefuxiatuak laguntzea, haiei janari duin bat emanez. Proiektu ezberdinak garatu izan ditugu orain arte, baina nagusiki otordu duin bat eskaintzera bideratzen dugu hemen Euskal Herrian egiten dugun lana. Lesbos uhartean gaude, Grezian, eta bertan dauden errefuxiatuei otordu hori emateko sukalde bat eraikitzea lortu genuen, hemen bildutako funtsei esker. Sukalde horrek, 2.000 otordu eman ditzake asko jota, horraino iristen baita gure ekoizpen ahalmena. Han lekututa dauden beste GKE batzuen bitartez banatu izan dugu janaria. Esentzian hori da gure egitekoa, errefuxiatuei laguntzea. Batetik, haiei jaten ematen, eta bestetik, bizi duten errealitatea hona ekarriz.

Zein egoeretan daude errefuxiatuak Lesbosen?

Gaur egun Moriako kanpamenduan ia 13.000 errefuxiatu daude, 3.000 lagunentzako antolatuta dagoen espazio batean. Bizi dituzten baldintzak ikaragarriak dira. 2016an hasi zen afera eta hiru urte pasa eta gero, egoera oraindik ere okerragoa da. Egunerokoak irentsi egiten gaitu hemen, baina Euskal Herrian segi behar dugu esaten errefuxiatuen gaia mahai gainean dagoela. Grezian eta beste hainbat tokitan.

Zenbat errefuxiaturi bermatzen diezue otordua Moriako kanpamenduan?

Errefuxiatuen artean egoera zaurgarriena dutenei laguntzeko egiten dugu ahalegina. Ezin gara guztiengana iritsi. Haurrek eta emakumeek bizi dute egoera zailena. Bizi diren gain populatutako kartzela moduko horietan 87 pertsonentzat dutxa bakarra egoten da eta emakume asko bortxatu egiten dituzte. Egoera jasangaitza da.

Astez aste egoera aldatu egiten da eta gu egoerara egokitzen joaten gara. Guk otorduak prestatzen ditugu, baina gero ez dugu espaziorik otordu horiek errefuxiatuen artean banatzeko. Horretarako lankidetzen jardun behar dugu beste GKEekin. Duela gutxi gurekin elkarlanean aritzen zen Team Humanity-k zuen espazioa itxi zuen, esate baterako, higiene irizpideak betetzen ez zituelako. Non eta 13.000 biztanle pilatuta bizi diren kanpamendu batean. Orain, egin ahal duguna egiten ez digute uzten, gurekin elkarlanean ari zen elkarteari espazioa itxi diotelako. Emakume eta haurrak biltzen ziren bertan eta eguna bertan emanez gero, bukaeran otordua ematen zitzaien. Bizitza duinagoa egin ahal izateko aukera txikiena ere atzera botatzen dute. Etsigarria da.

Epe motzera gauzak aldatuko direla uste duzu?

Guk nahiago genuke lanik edukiko ez bagenu; hobeto existituko ez bagina. Ez dirudi Lesbosen epe motzean gauzak aldatuko direnik. Greziako gobernuak legea aldatu du eta pertsona migrante eta errefuxiatuentzako egoera gogorragoa da. Giza eskubideak are eta zapalduago dituzte orain. Adibide bat emateko, hasieran errefuxiatuek uhartean hiru egun pasa zitzaketen eta orain, urtebetetik bi urtera eman dezakete Lesbosen, beren egoera legalizatu nahian eta beste ezer egitekorik gabe, egonean. Jende uholde handia dago eta astero mila lagun sartzen da irlara eta atera, tantaka ateratzen dira.

Bakartuta dauzkate gainera. Greziaz hitz egin eta inork ez du buruan horrelako egoerarik. Hirigunetatik aparte daude, Europako bizitza estilotik urrunduta dauzkate. Edukiontzi modukoetan bizi dira eta irailaren 30ean, Moriako kanpamenduan zortzi edukiontzik su hartu zuten. Kanpalekutik 4.000 lagunek atera behar izan zuten eta orain lurrean bizi dira, olibondo batzuetan, oraindik ere egoera prekarioagoan eta negua gainean dutela.

Zein neurri hartu beharko lituzkete gobernuek egoera honi buelta emateko?

Egoera ez da batere erraza baina egia da, gobernu ezberdinek eta soluziobide zuzen bat eman dezaketen horiek, ez dutela aldeko lanik egiten eta askotan trabak jartzen dituztela. Botere joko bat da eta interes handiak daude atzean. Europari ez zaio kostatzen errefuxiatu kopuru hori jasotzea, bizikidetza bideragarria da eta ez da ezer pasako. Herritarrak eta gobernuz kanpoko erakundeak eredua ematen ari dira, baina mugatuta sentitzen ari gara, laguntzarik ez dugulako eta muga besterik ikusten ez dugulako. Aita Mariri edo beste hainbat erakunderi jartzen zaizkion trabak jartzen zaizkigu guri ere.

Zaporeak proiektuan nondik eskuratzen dituzue elikagaiak?

Otorduak, nutrizioaren ikuspegitik oso orekatuak izaten dira. Fruta pieza bat jartzen dugu eta jendeak ideia bat egin dezan, hilean 5.000 euro gastatzen da frutetan. Oso otordu sinpleak dira, baina maitasunez prestatuak. Lekari edo zereal bat izaten da, barazkiz hornituta, fruta bat eta pita ogia. Freskoak diren produktuak bertan erosten dira eta horrela bertako ekonomiari sostengua ematen diogu, barazkiak, frutak eta haragia bertan erosiz. Bestalde, hemen egiten diren janari bilketetan bildutako lekariak edo kontserbak bidaltzen ditugu Greziara.

Zaporeak proiektuan zein garrantzi dute boluntarioek?

Boluntarioena da Zaporeak elkartearen oinarria. Proiektua ez legoke martxan boluntario gabe. Harrera oso positiboa dugu jendartean, batzen ari zaizkigu geroz eta boluntario gehiago. Intxaurrondon sortu zuten proiektua zazpi pertsonek, elkarte gastronomikoetan sukaldari aritzen zirenak. Egiten zekiten hori egiten hasi ziren, errefuxiatuentzat janaria prestatzen. Zazpi lagun horiek hasi eta sarea ikaragarri zabaldu da. 700 pertsonako itxaron zerrenda dugu elkartean, Lesbosera boluntario bezala joateko. Delegazioak zabaltzen gabiltza Donostialdean hasi eta Gasteiz, Iruñea, Zarautz, Debabarrena eta Bilbon dauzkagu egoitzak gaur egun. Iparraldean ere badago interesa beste ordezkaritza bat abiatzeko.

Zer da beharrezkoa boluntario izateko?

Borondatea. Lagundu nahi dutenek, gure wegbunean, www.zaporeak.eus horretan, gurekin harremanetan jartzeko bideak topatu ahal izango dituzte. Laguntzeko modua ez da Lesbosera joatea, soilik. Boluntariotza aldetik, jendeak errefuxiatuekin egon nahi izaten du eta esperientzia hori pasa. Sukalde lanak dira, ordea, guk egiten ditugunak eta errefuxiatuekin dugun hartu emana ez da hainbestekoa. Sukaldean otorduak prestatzen ematen ditugu guk ordurik gehienak, eta aurrez aurre hango jendearekin egoteko ez da hainbeste aukera izaten.

Boluntariotza hori hiru astetakoa da, baina hemen Euskal Herrian beste hainbat modutara lagundu daiteke. Delegazioetan tokian tokiko ekintzak antolatzeko modua dago eta elikagaiak edo diru funtsak lortzen lagundu dezakegu. Baina ez da horretara mugatzen kontua eta urte hauetako ibilbidean sortu zaigu beste lerro batek geroz eta garrantzia handiagoa du: sentsibilizazioak. Egoera oso larria bizi dute pertsona hauek guztiak, beraz honetaz hitz egin behar dugu eta pedagogia pixka bat egin. Lagunartean, familian, eskoletan hitzaldiak emanez... Ekarpen handia egin daiteke kontzientziazioaren arlo honetan.

Irudi asko ikusten ditugu telebistan, baina asko oharkabean joaten dira.

Guztiok dugu gure bihotza eta irudi horiek ikusita bihotza babesteko beste azaltxo jartzen dugu eta ohitu egiten gara albiste horietara. Kontzientzia berriro geureganatzen lagundu nahi dugu Zaporeak proiektutik.

Nondik sortu zitzaizuen Larraulen horrelako ekimen bat antolatzeko aukera?

Beste hainbatetan bezala dei bat jaso genuen bulegoan. Zirta jatetxe ostatuko Iker Urangak hots egin zigun proposamen bat eginez. Elkartasun bazkari bat prestatu nahi zuela esan zigun eta guk beso zabalik hartu genuen. Giro goxo batean bazkaria osatzeko Zaporeak elkartetik beste hainbat ekimen antolatu ditugu.

Besteren artean, arrantza sarez osatutako poltsen tailerra egingo duzue.

Zarautzen dagoen taldeak bere ekarpena egiteko, arrantzarako erabiltzen diren sareen arrastoak berreskuratu eta poltsak sortu zituzten, 0 zabor eta plastikorik gabeko politikari jarraituz 2.000 poltsa egitea lortu zuten. Egun batez arrantzarako sarearekin osatutako poltsa hauek, Moriako kanpamenduan gure janariak partitzeko erabiltzen diren plastikozko poltsak ordezkatu zituzten. Dauden egoeran egonda, zaborren kudeaketa beste arazo bat gehiago da eta gure hondar aletxoa jarri nahi izan zuten lagun hauek. Poltsa hauek nola egiten dituzten erakusteko Larraulera gerturatuko ote ziren galdetu genien eta hemen izango ditugu larunbatean 11:30etik aurrera. Familian egiteko ekintza izango da. Sare zati bat eta plantilak eramango dituzte eta bertaratzen direnena esku lana izango da, sareak moztu eta jostea. Eguna osatzeko, erakusketa bat jarriko dugu errefuxiatu kanpamenduetako irudiekin eta hitzaldi bat emango dute gure kideek 12:30ean Lesbosen izan duten esperientziaren berri emanez.

Gero dator bazkaria. Zein menu izango da?

Zizka-mizkak aurrena, muskuiluak zirtan eginda, txangurro hostorea Natua saltsarekin, bakailaoa bizkaitar erara zirtan, euskal txerri saiheskia zirtan eta gazta tarta. Elkartasun bazkaria izango da eta 30 euroko prezioa ordaindu beharko da. Lortutako dirua Zaporeak proiektura bideratuko da. 40 lagunentzako tokia da eta aurrez egin beharko da erreserba, 943 69 18 55 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!