Badu esperientzia udalgintzan. Bere jaioterrian zinegotzi izan zen Maite Arana Perez (Santurtzi, 1970) eta ogasuna, enplegua eta turismoa bezalako sailak kudeatu zituen. Aitortzen du Larraulgo martxa oso ezberdina dela.
Zer moduzkoak izan dira alkate gisa eman dituzun lehen asteak?
Herria ezagutzeko prozesuan gabiltza oraindik ere. Akaso abiapuntua ez da izan ohikoena gure kasuan, baina udalean normaltasun eta umiltasun guztiarekin sartu gara. Egia da ez ditugula udalerriko arlo asko ezagutzen, baina egokitzeko ahalegin handia egiten ari gara. Horretarako bizilagunekin hitz egiten ari naiz, alde batetik udalaren egoera administratiboa eta ekonomikoa zein den jakiteko, baina baita ere herriaren egoera soziologikoa ezagutzeko ere. Herritarrek udalarekin zein harreman duten jakin nahi dut eta batez ere zein itxaropen duten aurrera begira. Pixkanaka ari gara.
Zergatik aurkeztu zinen PSE-EEko zerrendetan?
Aurreko legealdian alderdi sozialistak bazuen zinegotzi bat, Felix Asensio. Modu naturalean, beste herri askotan egin izan duen bezala gure alderdiak zerrenda aurkeztu zuen maiatzeko udal hauteskundeetan. Orduan ez genekien hautagaitza bakarra izango ginenik. Boto baliodunen %5eko muga gainditu genuenez –%19aren mugan ibili ginen– ordezkaritza lortu genuen udalean. Gauzak horrela, gure eginkizuna betetzea beste aukerarik ez genuen; Udal kudeaketan aritzeko aurkeztu ginen hauteskundeetara.
Zu ez zinen zerrendaburua, ordea.
Ez, nire kide Josean Rodriguez zen burua. Baina lan kontuak tarteko nik hartu nuen ardura. Banuen esperientzia baita ere udalgintzan eta horrela animatu nintzen.
Zein esperientzia izan duzu?
Santurtzikoa naiz jaiotzez. Duela urte asko, hango zerrendetan aurkeztu nintzen eta hango udaleko arlo asko kudeatzen aritu nintzen. Ogasuna, enplegua, turismoa bezalako kontuak gertutik ezagutzen ditut. Gero EAJk irabazi zuen Santurtzin eta oposizioan jardun nuen. Azken batean zinegotzi izatea egokitzen zaizunean batzorde ezberdinetan aritu behar izaten duzu eta badut ikuspegi orokor bat, nahiz eta Larralgo martxa oso ezberdina den.
Boto zuria eskatu zuten zenbait herritarrek Larraulen udal hauteskundeetan. 95 boto zuri jaso zituzten eta udalbatza honetan ordezkaritza eskatu zizueten. Nola joan ziren negoziazio horiek?
Elkarrizketa horiek ez genituen guk izan, alderdiak baizik. Baina nik dakidana da nahikoa normal joan zirela. Ondo dago boto zuria eskatzea baina horrek ez dizu ordezkaritza ematen udalbatzan. Legeak dioena dio eta hori horrela da. Alderdiak eskaintza egin zien herritar horiei pare bat pertsona gure taldean integra zitezen. Ez dute egoki ikusi, momentuz behintzat. Ulertzen dut ez dela gauza erraza izango, egoera berezia delako. Baina gure borondatea da jendea ahalik eta erosoen egotea, udalbatzako kide izan edo ez. Guztien ahotsa entzun eta kontuan hartuko dugu. Elkarlanean aritzeko prest gaude eta horrela egin dugu, adibidez, festa batzordearekin.
Aurreko udal taldearekin zein harreman izan duzue? Nolakoa izan da botere aldaketa?
Esan beharra daukat, zazpi kideetako bat, nire alderdikoa zela, baina gainerako seiekin harreman ona izan dudala. Trantsizioa eredugarria izan dela esango nuke. Prozesu honetan elkar ezagutu dugu eta udala zein egoeratan utzi duten esan digute. Adeitsu jokatu dute gurekin eta gaur gaurkoz zalantzaren bat baldin badut deitu egiten diet. Ez bakarrik haurreko zinegotziei, herritarrei ere bai, horietako asko hemendik pasatakoak baitira.
Nola antolatu zarete agintaldi honetan?
Pisu gehiena nik daramat, horrelako herri txikitan alkateak hartzen baitu ardura handiena. Gutxienez, astean behin etortzen naiz udalera eta eguna pasatzen dut. Astean beste egunen batean ere etortzen naiz Larraula horretarako beharra badago. Aitor Beistegi zinegotziak berriz, kultura eta herri lanen jarraipena egiten du eta bera ere maiz etortzen da. Gainerako zinegotziei nik esleitzen dizkiet landu beharreko gaiak eta tarteka gerturatzen dira. Lanak banatu egiten ditugu denon artean.
Zein irudi zeneukan Larraulgo herriaz alkate izan baino lehenago?
Ezagutzen nuen asteburuetan bisitatzen duzun toki gisa. Ez nuen sakonki ezagutzen. Udalera iritsi eta gutxira herriko festak izan ditugu eta horrek ikuspegi zabalagoa eman digu. Ez bakarrik fisikoki nolakoa den jakiteko, bertako jendea ezagutzeko aukera eman digu. Bertako jendea oso atsegina da, gertukoa. Kanpoko jendeak ezagutzea gustatuko litzaidake. Oso leku ederra da, hemengo parajeak ikusi eta paradisu dirudi. Ezagutu ahala, maitemintzen zaituen toki bat da.
Baliabide mugatuak izatea da herriak duen alde txar nagusia?
Gure tamainako herrietan horrela da. Nire esperientzia udal handietakoa da eta udalerri txikiek oso neurtua dute baliabide kopurua. Inbertsio bakoitzak ahalegin handia dakarkio udalari, nahiz eta beste erakundeetako laguntza jaso udalak bere alea jarri behar izaten baitu. Landa eremuko udalerrietan gainera, bada ez bada, beti diru kopuru bat gordeta eduki beharra daukazu ezustekoetarako. Urte batean, euriteak badaude eta baserri bide batean luiziak badaude, udalak bitartekoak jarri behar ditu hori konpontzeko. Gure zeregina ere bada inguruneak txukun mantentzea eta konplikatua da laguntza gutxi badauzkazu. Nik uste Gipuzkoa osoaren aberastasuna dela ingurunea eta natur ondarea, historikoa ere badena, gordetzeko herri txikiok egiten dugun lanaz kontziente izan behar dute erakundek. Laguntza gehiago behar dugu
Jende gaztea erakarri beharra daukagu herri hauetara bestela desagertu egingo dira. Horretarako zerbitzuak eskaini behar ditugu eta liburutegia egun erdiz zabaltzeak ikaragarrizko ahalegina eskatzen digu. Espazioak egokitzea ondo dago, baina gero horiek bizirik mantentzen lanak dauzkagu. Ahalegin ekonomiko handia da guretzako.
Zein da Larraul bezalako herriek garapenerako duten aukera?
Agintaldi horretan bide hori jorratzea izango da gure erronketako bat. Gurea bezalakoetan ez dago industriagunerik eta beharrik ere ez. Lehen sektorearekin lotutako jarduera badago Larraulen, baina ez dira asko martxan dauden baserriak. Egia da sektore horretan aritu nahi duen gazteak hurbildu zaizkigula galdezka eta guk beso zabalik jasoko ditugu. Ingurumenarekin zerikusia duen turismoa aukera bezala ikusten dugu. Hemen museo etnografiko bat ere badugu eta herriaren historia eta aspaldiko ofizioen inguruko ondarea dago bertan. Bizia eman behar diogu herriari eta ostatua dinamizatzaile bezala erabili behar dugu.
Ostatua zabalik mantentzearen aldeko apustua egingo duzue?
Ezinbestekoa da. Ez dago beste zerbitzurik herrian. Bizitza ematen dio herriari. Kanpotik datozenentzako bada ostatua, baina batez ere herritarrentzat da mesedegarria, bilgune bakarra baita Larraulen. Bide onean goaz, ekintzak antolatu ditugu bertako arduradunekin eta herritarrak eroso sentitu daitezen bertan. Erakusleiho bat ere izatea nahi genuke.
Herriko plazaren zorua ere berritu duzue.
Bai. Aurreko udal taldeak esleitutako lanak dira eta gure agintaldiaren hasieran amaitu dira obrak. Baina aitortu behar da lehenagotik zetorren proiektua dela.
Hirigintzan beste egitasmorik baduzue?
Edozein esku hartze kontu handiarekin egin beharra dago gurea bezalako herrietan, ingurunea kaltetu gabe egin behar direlako lanak. Herritarrekin adostu nahi ditugu lan horiek. Baserri bideak berritzen joan behar dira etengabe. Agintaldi honetan heldu nahi genioke frontoiaren itxiturari. Herrian asko erabiltzen den azpiegitura da eta haizea, hotza eta euria sartzen dira eguraldi txarra dagoenean. Urtean zehar ekitaldi asko egiten dira bertan, eta beraz, pilotalekua beste kultur gune edo bilgune garrantzitsua bat da guretzat.
Beste azpiegituraren bat faltan sumatzen duzue?
Oraingoz moldatzen gara. Kulturgunea dago eta bertan dago Larraulgo eskola eta udaletxeko goiko solairuan liburutegia daukagu. Bi gela ere badaude bertan, bilerak edo bestelako ikastaroak emateko.
Tartean euskara ikastaroak ematen dira. Eman al duzu izena?
Ez. Larraulgo taldean ez, baina AEKn nabil euskara ikasten. Egin beharreko gauza bat da niretzat. Beti egon naiz euskara ikastekotan eta bizitzak hona ekarri banau horretarako ere izan da, euskara ikasteko. Murgiltze linguistiko ikaragarria egiten ari naiz hemen.
Zer moduzko harremana garatu nahi zenuke Asteasurekin?
Ezinbestekoa da bi herriek harremana izatea. Guk sekula emango ez ditugun zerbitzu asko ematen dira herri horretan. Gertutasunagatik garrantzitsua iruditzen zait lankidetza. Bertako alkatearekin bilera bat egitekotan nabil harremanean sakondu ahal izateko. Orain arte harreman ona izan da eta horrela jarraituko dugu. Guretzako erreferentzi garrantzitsua da Asteasu.
Eskola herrian mantentzearen alde zaudete zuek?
Bai. Zerbitzu ona ematen du eta bizitza ematen dio herriari. Etorkizunera begirako apustua da. Dozena bat ume daude une honetan. Orain ostatuak jangela funtzioa betetzen du eta umeek elikadura osasungarri bat dute, garaian garaikoa jateko aukera dute modu horretara.
Zenbat biztanle zarete?
258 gara orain. Zaila da handitzea eta lasaitasunez begiratu nahi dugu nola egin daitekeen. Plan orokorraren aurrerapena bat onartu zen 2016an eta orain hori garatu beharra dago. Duela bi urteko dokumentuan herritarren etxebizitza beharra zenbatekoa zen aztertzen zen. 35 bat etxebizitza berri egiteko aurreikuspena jasotzen zen aurrerapen horretan, dentsitate txikiarekin eta altuera baxukoak. Lur publiko asko ere ez du udalak. Beraz, planeamendua zehatz-mehatz aztertuko dugu legealdi honetan.
Eta nolakoa da adin piramidea herrian?
Ez dut uste bereziki zahartutako populazioa denik. Duela 10-15 urte egin ziren etxebizitzetara etorritako familiek izan zituzten umeak, gaur egun, nerabeak dira. Gazte diren horiek epe ertainera herrian geratzeko hautua egin dezaten bitartekoak jarri beharko dira eta hori pentsatzea dagokigu guri orain.
Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?
Izan dugu lehenengo harremana eskualdeko mailako zenbait erakunderekin. Funtzioak eta egitekoak zeintzuk diren ikusi dugu eta elkarlanerako prestutasun osoa dugu. Tekniko eta langileak hemen oso gutxi dira eta besteen laguntza behar dugu proiektuak aurrera ateratzeko. 250 pertsonentzat zerbitzu bat kudeatzeak ez du zentzu handirik, esate baterako, garraio publikoan edo gizarte zerbitzuetan.
Proiektu izarrik baduzue?
Herritarren bizi kalitatea mantendu nahi dugu, eta ahal bada hobetu. Agintaldi honetan frontoia itxi eta baserri bideak hobetzeko plan bat onartuta utzi nahi genuke. Kultur bizitza ere aktibo mantendu nahi dugu.