Larraulgo jaiak 2019

Irribarrea berreskuratzera deitu dute Larraul, herriko gazteek

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 4a

Herriko gazteek Irria galdu zuen herria antzezlana eskaini dute, plazan, jaien azken egunean.

Larrauldarrei amaitzen ari zaizkie festak, eta sanestebanen azken hitzorduei zuku guztia ateratzen dihardute. Eguerdian, sagardo dastatzearen ondoren, herriko gazteek antzerki obratxoa eskaini dute plazako oholtzatik, herritarrak komunitatean bizitzera deituz.

Pentsatu, idatzi, eraiki, entseatu eta antzeztu; guztia egin dute Larraulgo gazteek. Detektibe bat protagonistatzat hartu, eta herrian amorrua, gorrotoa eta haserrea zabalduegi zeudela-eta, ikerketari ekin dio detektibeak, sentimendu horien zergatia argitu nahian.

Bide horretan, pertsonaiak eta dekoratuak aldatu dituzte gazteek, eta azkenean iritsi dira lortu nahi zuten ondoriora: irria berreskuratzeko, indibidualismotik irten eta komunitatea sortu behar da.

Antzezlana biribiltzeko, herritarrak irudikatuz, hainbat larrauldarren azalean sartu dira herriko gazteak, ikusleen barrea eraginez; jaietan ohikoa den argazkilaria ere pertsonaietako bat izan da, taldeko argazkia izoztuz.

Eguerdiko paella jatearen ondoren, 18:00etan bertso saioa izango dute, eta Izer eta Alabier trikitilariek biribilduko dituzte sanestebanak, abuztuaren 24ko festa egunerako harra utziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!