Larraul-Hernio-Larraul proba, errotuta dagoen mendi lasterketa

Imanol Garcia Landa 2019ko mar. 15a, 19:59

Larraulgo plazatik abiatuko dira igandean, 10:30ean hasita, IX. Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketako parte hartzaileak. Hamabost kilometro inguruko luzera duen proba da, eta Hernioko gurutzerako bidean Zelatun lepotik pasatu beharko dute, eta baita beherako bidean ere.

Izen ematea aspaldidanik itxita dago, dortsal guztiak hartuta baitaude. «202 daude izena emanda, eta beti izaten da azken momentuan parte hartzera etortzen ez den norbait, eta egunean bertan izan daiteke aukerarik parte hartzeko», esan du Iñigo Ruiz antolakuntza taldeko kideak. «Jasotzen ari gara parte hartu nahi dutenen deiak, eta guk esaten diegu, nahi badute, Larraulera etortzeko egunean bertan ea dortsalen bat libratzen den. Hori bai, ezin diogu inori ziurtatu, parte hartzeko aukera izango duenik».

Berrehun parte hartzaile ingurura mugatuta dute proba. «Alde batetik, Larraulek berak muga bat du kotxe kopuru jakin bat hartzeko», esan du Ruizek. «200 parte hartzailerekin, izan daitezke ehun kotxe baino gehiago, eta horiek denak sartzea, dagoeneko, arazoa izaten da». Bestalde, ibilbideak ere bere mugak dituela dio Ruizek: «Zelatunetik Herniora joan-etorria bide beretik egiten da eta nahiko estua da. 200 pertsona baino gehiago izatea arriskutsua izan daiteke». Horrez gain, Ruizek azaldu du, probaren helburua ez dela dirua ateratzea. «Nahi duguna da, parte hartzen duten guztiei zerbitzu ona ematea: dutxatzeko aukera izatea, hamaiketakoa ematea... Gure asmoa ez da sekulako arrakasta izatea parte hartze kopuruaren aldetik, baizik eta modu txikian egitea, diru gutxi kobratuz eta zerbitzu on bat emanez».

Ruizek nabarmendu du, Larraul-Hernio-Larraul probak ez duela helburu lehiakor hutsa. «Proba batzuk badute hori, baina gureak ez du asmo hori, Hernio mendira modu polit batean igotzea baizik», esan du Ruizek, eta horren adibide moduan herriko elkartean probaren ondoren ematen duten hamaiketakoan sortzen den giroa aipatu du.

Proba erakargarria

Korrikalari ugarik errepikatu egiten dutela ere nabarmendu du Ruizek. «Hernio mendia oso ezaguna da. Gainera, nahiko ibilbide laburra da. Beste mendi lasterketa batzuk badaude, maratoiak direnak; ezagunena Zegama-Aizkorrikoa, adibidez. Eta horiek ezin ditu edozeinek egin. Gure proba gutxieneko prestaketa fisikoa duen orok egiteko modukoa dela uste dut». Horrez gain, Hernio mendiak duen esanahia eta Zelatundik dauden ikuspegiak nabarmendu ditu, probak duen erakargarritasuna azaltzeko. «Gainera, Larrauldik Herniora igotzeko hain ezaguna ez den bidea ezagutarazteko aukera ematen du probak».

Andres Aristi herritarrak bultzatu zuen Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. «Ia mendi guztietara igotzeko lasterketak zeudela ikusi zuen, eta Herniok ez zuela horrelakorik», esan du Ruizek. «Komentatu zuen agian antolatuko zuela, eta beste batzuk esan genion lagunduko geniola, eta azkenean herri mailan ohitura bihurtu den ekitaldi bat da egun». Antolakuntzan herritar ugari daudela nabarmendu du Ruizek: «Batzuk mendian izaten dira, beste batzuk elkartean hamaiketakoa prestatzen, beste batzuk kotxeen aparkalekuak kudeatzen...». Ruiz bera Zelatunen izaten da, bertan jartzen duten anoa gunean, eta hango bordetakoek ematen duten laguntza eskertu du: «Iaz, adibidez, sekulako elurtea bota zuen, eta guk ezer esan gabe salda atera zuten korrikalarientzat. Benetan eskertzekoa da horrelako keinuak izatea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!