Autobus zerbitzua Larrauleraino luzatzea eskatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 26a, 17:28

Zenbait ordutegitan Lurraldebusen TO07 zerbitzua (Asteasu-Tolosa) Larrauleraino luzatzeko eskaera egin du udalak.

Batxilergoa egiten duten Larraulgo ikasleek, egun, ez dute bere erreferentziazko zentrora garraio publikoa erabiliz joateko aukerarik. Tolosaldeak eskaintzen duen zerbitzuaren arabera, goizero ibilgailu partikularretan joan behar izaten dute Asteasura eta eguerdian bertan jasotzen dituzte, modu partikularrean ere. Herri gaztea izanik, gero eta gehiago dira eta izango dira egoera honetan dauden erabiltzaileak eta Larraulgo Udalak erakundeetatik konponbidea emateko ordua heldu dela uste du.

TO07 zerbitzua (Asteasu-Tolosa) Larrauleraino luzatzea egokiena izango dela uste du udalak, honako ordutegietan: Gaur egun Asteasutik ateratzen diren 07:20eko eta 08:30eko zerbitzuak, Larraulen 5 minutu lehenago izatea abiapuntua, hau da 07:15ean eta 8:25ean Larrauletik abiatu eta gero ohiko ibilbidea egitea; Era berean Tolosatik ateratzen diren 14:20eko, 15:30eko eta 16:30eko autobusen amaiera Larraul izatea, hau da Asteasuko geldialdia egin eta gero, bertako ikasleak Larrauleko plazara igotzea.

Egungo ordutegien balioa abenduaren 31ra arte izango dela jakin du Larraulgo Udalak, beraz, urte berriarekin hobekuntza hau hasteko moduan izango dela uste du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!