Larraulgo Ostatuaren ardura hartu eta aro berri bati ekingo diote

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 29a, 09:58

Iker Urangak eta Lorena Arteagak sukaldaritza proposamen berria egin nahi dute taberna-jatetxean eta brasa labea oinarri hartuta egingo dute lan aurrerantzean

Luzerako asmoa dute Iker Urangak (Donostia, 1975) eta Lorena Arteagak (Donostia, 1976) Larraulgo Ostatuan. Sei hilerako kontratua sinatu dute oraingoz, baina proba aldia gaindituta, beren ibilbide profesionalari Larraulen eman nahi diote amaiera. 25 urte daramatza Urangak sukaldaritza munduan, Arzaken ibili zen gaztetan eta Bartzelona eta Tenerifen aritu ondoren, azken urteak Araetako sagardotegian eman ditu. «Sukalde handien ardura eramaten ohituta egon eta gero, aldaketa bat behar nuen». Familia giroan kudeatuko dituzte taberna eta jatetxea.

Astelehenean itxita izaten dute ostatua eta asteazkenean, goizez bakarrik irekitzen dute, 11:00etatik 16:00etara. Gainerako egunetan, goiz eta arratsaldez izaten da zabalik eta ostiral eta larunbatetan afariak ere ematen dituztenez, beranduago ixten dute. «Jendeak eskatzen digunaren arabera», esan du Urangak.

Eguneko menua 12 euroan ematen dute egunero eta asteburuetan menu bereziak eskainiko dituzte, 22 euroan. «Aurrerago karta bat jarri nahi genuke». Ostatuaren ardura hartzearekin batera, Urangak eta Arteagak aldaketak egin dituzte, batez ere, sukaldean. «Brasa labea jarri dugu. Duela ehun urte baino gehiago asmatutakoa da eta orain, berriz ere modan jarri da, leku askotan erabiltzen dute. Gure apustua da eta egiten dugun gehiengoa labe hori erabilita egiten dugu», nabarmendu du Urangak.

HERRIAN TXERTATUTA

Jantokian, 40 lagunentzako tokia dute, gutxi gora behera. Baina mahai handietan banatuta jende gehiagorentzat tokia ere egin dezakete. «Orain arteko bi asteburuetan jende asko gerturatu da eta horregatik aurrerantzean etorri nahi duenari aurrez deitzeko eskatu nahi diogu, lekua ziurtatu ahal izan dezan». 943 69 09 43 da Larraulgo Ostatuko zenbakia eta menu bereziak ere eskatu daitezke bertara deituta.

Badituzte, ordea, bezero finkoak ere. Egunero eskolako umeei ematen diete jaten. «8-10 ume inguru etortzen dira eguerdiro eta guretzako pribilegioa da haiei bazkaltzen ematea. Menu orekatuak eta osasuntsuak prestatzen ditugu beraientzat».

Kultur astearen barruan, gaur, eskaintza berezi bat egiteko asmoa dute ostatuko arduradunek. Arteagak, bakailao denda izan du urteetan Donostiako Alde Zaharrean eta, beraz, bakailaoaren tradizioan zehar bidaia bat proposatuko dute pintxo ezberdinak eskainiz. «Gainera, gurea propioa den sormen lan bat ere eskainiko dugu». Gonbita luzatu dute, gaur 20:30ean, Larraulgo Ostatura jendea gertura dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!