Vivaldi, euskal moldean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 7a, 10:45
Irailaren 23an entzun ahal izango da Lau Sasuak proiektua, Larraulgo elizan, 19:30ean hasita.

Vivaldiren Lau urtaroak euskal instrumentuen laguntzarekin entzun ahal izango da hilaren 23an, Larraulen. Ligetx koblakariaren 'Lau sasuak' sortarekin hasiko da saioa.

Duela bi urte hasitako bidean beste geldialdi bat egingo du Lau Sasuak proiektuak. Oraingoan, Larraulen. “Ipar Euskal Herrian aritu izan gara orain arte, eta, lehendabizikoz, Hego Euskal Herrian ariko gara irailaren 23an. Oso berri pozgarria da. Euskaldunon arteko sareak funtzionatzen duen seinale da”, azaldu du Mixel Etxekoparrek (Gotaine, Zuberoa, 1963), proiektuko txistulari eta kantariak. “Baigorriko ibarrean grabatu genuen diskoa, Bakarko elizan, 2016an”, gogoratu du.

Baionako Arranoa laukoteak eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikarik osatzen dute Lau Sasuak. “Arranoa taldeko Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua, eta Antonio Vivaldiren Lau urtaroak euskal maneran, euskal saltsan egitea zen asmoa. Biziki ikuspegi argia behar zuen, eta bazuen”, esan du Etxekoparrek. Berak, dena den, zalantza ugari izan zuen hasieran. “Oso ezaguna da Vivaldiren lana, eta nik Marinari esaten nion Vivaldik ez zuela gure beharrik Vivaldi eta eder izateko, baina berak argi zuen baietz”. Beheretxek “oso ongi” ezagutzen ditu Vivaldiren obra eta Lau urtaroak sortu zeneko garaia, barrokoa. “Garai hartan, musika egiteko manera ez zen mende bat geroago egiten zena bezalakoa, eta hori oso ongi menderatzen du Marinak”.

Obra bera eta testuingurua ezagututa, “euskal manerara” ekarri zuten lana, eta hori eskainiko dute, hain zuzen, irailaren 23an, 19:30etik aurrera, Larraulgo elizan. “Ahozkotasuna sartu dugu, inprobisazio batzuk ere bai… Espiritu berriarekin, garai hartako espiritua berreskuratzen saiatu gara”, azaldu du txistulari eta kantariak. “Euskal instrumentuak ere sartu ditugu. Nik ezagutzen ditut hemengo kantagintza, txirula eta ttun-ttuna, eta horiek sartu ditugu; baita bertsoak ere”. Louis Ligetx koblakari eta idazle zuberotarrak Lau sasuak bertso sorta idatzita dauka. “Eta horiek ere berreskuratu ditugu. Horregatik deitu diogu Lau sasuaketa ez Lau urtaroak. Ahotsa, ttun-ttuna, txirula, txistua, txalaparta eta panderoa sartu ditugu hari laukotearekin batera”.

Vivaldiren obra “errespetatu” dutela dio Etxekoparrek, eta lan horretako hamabi kontzertuak jotzen dituztela eurek ere. “Urtaro bakoitzak hiru mugimendu ditu, eta hamabiak eskaintzen ditugu gure emanaldian. Ligetxen bertsoekin hasten gara”. Lau urtaroak izaki, naturarekin lotura daukaten doinuak ere izango dira entzungai. “Txorien txistuak, ardien zintzarriak, baserri munduari lotutako hainbat soinu… Vivaldiren hamabi kontzertuez gain, Zuberoako hainbat kanta ere jotzen ditugu. Ordubetetik gorako musika saioa izaten da”, gaineratu du.

Arranoa hari laukotea dago Lau Sasuak proiektuaren oinarrian, baina bakarlari bat ere gehitu diote orain proiektuari. “Marina Beheretxe da bakarlaria, eta, hortaz, beste batek beteko du laukoteko haren tokia. Paxkal Indo eta Paskalin Xabaño txalapartarekin ariko dira; Parrik Larralde, panderoarekin; eta ni neu, bertsoak kantatzen, txirularekin, txistuarekin eta ttun-ttunarekin”.

Onartu du hastapenean ez zeukala argi nondik jo. “Baina elkarrizketan aritu ziren ezagutzen ez nuen hari laukotearen mundua eta gurea, eta oso ederra da emaitza. Barrokoko musika entzun ahal izango da, beraz, baina gure berezitasunekin”, azaldu du Etxekoparrek.

Entseguetan ari dira

Larraulgo emanaldia prestatzeko entseguetan ari dira, jada, musikariak. “Lan nagusia egina da, dena sortzearena, baina entseatzen jarraitu behar dugu orain. Frantziako musika barrokoaren hainbat jaialditan izan gara lehen emanaldi hartatik, eta Xiru jaialdian ere aritu gara. Emanaldiak forma berezia hartu du aurten, Baionako orkestrako musikari batzuekin landu baitugu berriz ere”.

Bertsoekin hasiko da emanaldia, eta txori eta zintzarri hotsekin jarraituko duela aurreratu du Etxekoparrek. “Estiloaz gain, poztasuna sentitzen da. Guk eta Vivaldik bezala, naturarekin lotura duen zerbait sentitzen dute entzuleek”. Zuberotarraren hitzetan, artzainei, txoriei edo baserri munduari keinuka, naturak egin ditu lotura lanak. “Natura mintzo da musikan. Naturarekin jolasean ibili zen Vivaldi; kukuaren kantua, zakurraren zaunka, ehiztariarekin tiroa… Bizia musika baino ederragoa dela erakutsi zuen Vivaldik, eta gu ere saiatzen gara”.

Hilaren 23an, 19:30ean hasiko da emanaldia, eta 19:00etan irekiko dituzte Larraulgo elizako ateak. 6 euro balio du sarrerak, eta Larraulgo liburutegian erosi ahal izango dira, datorren astelehenetik aurrera. Egunean bertan, elizan bertan ere eskuratu ahal izango dira kontzertua hasi baino lehen. Interpretazio gida moduko bat banatuko du Larraulgo Kultura Batzordeak, “lau kontzertuak eta hiruna mugimenduak ahalik eta ondoen bizi eta sentitzeko”. Kultura Batzordeak gogotik lan egin behar izan du kontzertua antolatzeko. “Altruismoa hartu behar izan dugu bidaide, eta norbanakoen laguntzetara jo behar izan dugu halabeharrez. Hainbat enpresa eta talderen laguntza dela medio izango da posible natura eta gizakiaren sentsazio, aldaketa eta bizipenak musika bidez sentitzea”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!