Xehetasunik txikiena ere garrantzitsua delako

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 25a, 11:17

Eskualdeko beste herri batzuetan bezala, Larraulen ere San Bartolome eguna ospatu zuten atzo. Arratsaldean, Luis Erasok motozerra erakustaldia eskaini zuen frontoian, sardina jatearen aurretik.

Larraulen, San Esteban festak ospatu ohi dituzte abuztuko lehen astean. Horiek izaten dira herriko festak. Hala ere, horrekin nahikoa ez, eta San Bartolome eguna ere ospatzen dute hilaren 24an. Atzo, berriz ere, festa giroan murgiltzea egokitu zitzaien herritarrei. Goizeko hamaiketakoan sabela berdindu ahal izan zuten; euria zela eta, gainera, elkartean aurkitu zuten aterpea herritarrek.

Arratsaldean, berriz, gehienak Murgilazpi pilotalekuan bildu ziren; bertan, Luis Eraso berastegiarrak erakustaldia eskaini baitzuen. Egurra mozten aritu zen bere bost motozerra desberdinekin. Bi egur eman zituen Larraulera, bat bestea baino handiagoa, eta dragoi baten eta txakur baten itxura eman zien biei. Txakurraren kasuan bezala, dragoiaren xehetasun txikiena ere ondo zaindu zuen Erasok. Horixe izan zen nabarmenena: gorputz osoko edozein detaile ere zaintzen zuela.

Berak Ataria-ri aitortu zionez, "plazak uzteko asmotan nabil". Aurtengo udaran jarri zuen muga, nahiz eta irailean eta urrian ere zenbait tokitan atzoko moduko erakustaldiak eskaintzeko indarra eta ilusioa izango duen.

Iluntzean ere festa giroak jarraitu zuen Larraulen, eta frontoian bertan egin zuten festa batzordeko kideek antolatutako sardina jatea. Ondoren, gainera, erakustaldian zehar ikusgai jarri zuten produktuez betetako saski erraldoia zozkatu zuten. Gauean, berriz, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariena izan zen herria girotu eta herritarrak dantzatzera animatzeko ardura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!