Larraulgo San Esteban jaiak 2018

Elkarren aurka baino, elkarrekin

Ataria 2018ko abuztuaren 3a

Herriko 20 gaztek baino gehiagok hartu dute parte herri kiroletan. Bi taldetan banatu dira, baina elkarren aurka aritu baino gehiago, elkarrekin arratsalde pasa ederra egin dute.

Talde bakoitzeko dozena bat gazte izan dira, eta proba anitz egin behar izan dituzte: txingak, trontza, lokotx bilketa, aizkora, korrika saioa, pirikaioa, sagar bilketa... 

Gaurko beroa ikusita, mereziak zituzten erakustaldia ikustera gerturatu diren herritarren txaloak. Batek baino gehiagok, gainera, bustialdi ederra hartu du mangerarekin, probak amaitu ostean.

Gauean, berriz, mahaiaren bueltan bildu dira herritarrak. Herri afariak ia 100 larrauldar bildu ditu, gau-giro paregabearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!