«Jende askok ezin du esan 20 urterekin liburu bat argitaratu duenik. Oso eskertua nago»

Mikel Iraola 2018ko eka. 12a, 10:58

Maddi Etxeberria larrauldarrak bere lehen nobela argitaratu du: Zein usain dute oroitzapenek?.

Maddi Etxeberria literaturzalea da txikitatik. Orduak eta orduak eman ditu irakurtzen, baita zenbait ipuin eta eskutitz idazten ere. Martin Ugalde literatur saria, Aiztondoko Gutun Lehiaketa, edo Urruzunotarrak gehituz sariketa irabazitakoa da, besteak beste. «Literatura beti izan da nire babesleku; errazagoa izan zait gauza batzuk paperean azaltzea, hitz eginez baino», dio Larraulen bizi den andoaindar gazteak.

Bada, denbora honetan idatzitako testu horiek «argitaratzeko beharra sentitu», eta bere lehen eleberria argitaratu du Larraulen bizi den andoaindar gazteak: Zein usain dute oroitzapenek?. Atzo aurkeztu zuten, Donostian.

20 urte dituela iritsi da bere lehen nobela: «Jende askok ezin du esan adin honekin liburu bat argitaratu duenik. Oso eskertua nago, Erein argitaletxeak nire proiektuan sinetsi duelako, eta hilabete gutxian nire lana ordenagailuan egotetik argitaratuta egotea pasa delako. Konfiantza osoa eman didate. Oraindik ez dut sinesten liburua argitaratu dudanik», aitortu du.

Eskutitzekin osatutako nobela da, estilo horretan «eroso» sentitzen baita Etxeberria. 25 urteko neska bat da nobelako protagonista nagusia, Gaia. Irakaslea da, eta Erresuma Batura joaten da lanera. Gaiak Heleni bidalitako eskutitzek osatzen dute kontakizuna, maitasuna, gaixotasuna edota heriotza bezalako gaiak azaleratuz. Honela dio sinopsiak:

Lagun zaharrak, lagun berriak, amodio zaharrak, amodio berriak… Bizitza berri bati ekin nahi dio Gaiak, baina ez du atzean utzi duen altxorra ahaztu nahi. Astean bat, bi, hiru... eskutitzen bidez kontatzen dio lagunari bere bizitza berria; lagun berriak, Euskal Herriarekin gordetzen duen harremana, Anderrekin duen harremana... Urte betean zehar idatzitako eskutitz hauek Gaiaren bizitza kontatzen dute sinpleki; harremanetan oinarritutako bizitza, sentipenak, bizipenak…

Idazketa garaian, sekula pasa gabeko zerbait pasa zaiola onartu du Etxeberriak: «Irakurtzean, gertatu izan zait luzatzea, gelditu nahi ez izatea, nobela nola amaituko den jakin nahi izatea. Baina idazterakoan ez zait hori inoiz pasa. Egunean tarte bat hartu behar nuen idazteko, behar hori sentitzen nuelako, baina protagonistari zer geratuko zitzaion hasieratik jakin gabe. Idatzi ahala, idatzitakoa gorde, eta gerora eman diot forma». Hala ere, idazketa prozesuan «gozatu» egin du Etxeberriak, eta espero dut idaztean gozatu dudan bezain beste gozatzea irakurleak.

Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak, berriz, eleberriaren sinesgarritasuna eta kalitatea azpimarratu ditu: «Lehen pertsonan idatzia dago, eta horrek badu indar bat, gaztetasunarekin lotura estu bat. Eta ahots hori sinesgarri bihurtzea da erronka handienetako bat, eta niri sinesgarri egin zait».

Aurkezpena, osorik, bideoan:

"Zein usain dute oroitzapenek?" liburuaren aurkezpen ekitaldia. Maddi Etxeberria Otaegi from Erein argitaletxea on Vimeo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!