Astelehenean aro berri bati ekingo dio Larraulgo liburutegiak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 16a, 08:00

Hemendik aurrera arratsaldero zabalduko ditu ateak eta udaletxeko ganbaran dagoen espazioa berregokitu dute gune atseginago bat egiteko haur, gazte eta helduentzat

Datorren astelehenetik aurrera Larraulgo kultur bizitzaren erdigune bihurtuko da udal liburutegia. Edo hori nahi luke, behintzat, Aneli Urbieta alkateak. Horretarako apustua egin eta astelehenetik ostiralera, arratsaldero, 16:30etik 19:30era egongo da zabalik udaletxeko ganbaran kokatuta dagoen liburutegia. «Astean behin bakarrik irekita, jendeak ez zuen etortzeko ohiturarik izaten eta zerbitzua zabaltzeko asmoa buruan bueltaka generabilen garaian, parean tokatu zitzaigun enplegu planerako diru laguntza bat». Horri eskerrak, sei hilabetez lanaldi osoz aritzeko kontratatu ahal izan dute Nora Urbizu billabonatarra.

Bere lana ez da liburuzain izatera mugatuko, ordea. «Herrian kultur ekitaldiak antolatzen eta herriko eragileak koordinatzen lagunduko digun pertsona baten beharra ere bagenuen», dio Urbietak. Urtea abiatu zenetik, martxoaren 8aren ingurukoak eta kirol astea antolatzen lagundu du Urbizuk, eta alkatearen esanetan, «martxa politean» doaz, «helburua urte osoko dinamika bat sortzea da».

KULTUR DINAMIZAZIOA

Urte hasieratik, kultur dinamizazioan «nahi bezain airoso» ez dela aritu aitortu du Urbizuk, besteak beste, liburutegiaren espazioa egokitzen aritu baita azken hilabeteetan, buru-belarri. Larraulgo Udalak horretan jarri ditu indarrak, jakitun baita liburutegia kultur espazio bezala ere ulertu daitekeela. Urbietak horrela uste du: «Herriko nerabeak ez dut uste liburu bat irakurtzera etorriko direnik, baina etxeko lanak egiteko aitzakian gerturatzen badira eta Norarekin hartu-emana egiten badute, gauza berriak antolatzeko aukera sor daiteke». 17 urtez azpiko 29 gazte daude Larraulen eta horietako asko gazte lokalean elkartzen dira. Handik atera eta herriko dinamikan inplikatzeko beharra ikusten du alkateak. «Oraingo gazteak herrigintzan aritzen dira, baina oraindik ere gazteago direnek erreleboa hartu behar dute. Horretarako, ezinbestekoa da herrian geratzea eta biltzeko toki bat edukitzeaz gain, dinamizatuko dituen pertsona bat egotea bertan». Horregatik, beste sei hilabetez luzatu diote kontratua Urbizuri, lanaldi erdiz.

ESPAZIO ERABERRITUA

Urtarriletik itxita egon da liburutegia hainbat egokitzapen egiteko eta auzolanean margotu dituzte paretak, muntatu dituzte altzariak eta egin dituzte sarrerako muralak. Espazio «goxo eta erosoa» osatu nahi dutela aipatu du Urbizuk eta horretarako liburutegian gune ezberdinak atondu dituzte: «Bi sarrera ditu, eta horietako batetik sartuz gero, Txiki Txokoa deitu diogunarekin egin daiteke topo. 12 urtetik beherako umeentzako espazioa da eta bertan ipuin kontaketa saioak eta beste hainbat ekimen burutuko dira. Hortik aurrera, nerabeentzako tokia eta KZ Gunea kokatuko dira eta aurrerago ikasteko mahaiak jarriko ditugu. Helduentzako sofa batzuk ere egongo dira, irakurketa patxadatsuagoak egiteko, prentsa eta aldizkariak irakurri ahal izateko».

Hilabete hauetan, udaletxeko ganbaran liburutegia birgaitzeaz gainera, katalogoa eguneratzen jardun du Urbizuk. 5.000 ale inguru katalogatu ditu eta ordenean jarri: «Askotariko liburuak daude, txikien liburuetatik hasita, narratiba, antzerkia, biografiak eta historiaren ingurukoak ere badira. Artearekin lotutako liburu dezente dago».

Liburutegia txukuntzeko orduan, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegitik jasotako «laguntza» nabarmendu du Urbizuk. Koordinatuta jardungo du Larraulgo liburutegiak bailarakoarekin, Alkiza eta Adunakoak egingo duten bezala. Orain arte, Aiztondo zerbitzuen mankomunitateak liburuzain bakarra zuen hiru liburutegietarako, eta orain arratsaldero zabalduko dira hiru herrietakoak. Egoera berriak, aukera berria sortuko du hiru herrien artean kultur koordinaziorako. Hiru herriek, gainera, foro berri bat osatuko dute Zizurkil eta Asteasuko teknikariekin batera, «batez ere elkarren berri izan eta gauzak antolatzerakoan elkar ez zapaltzeko», dio Urbizuk.

EKITALDIAK

Maiatzak 21, astelehena

17:30. Liburutegiaren inaugurazio ekitaldia. Ibai Esoainek Bertsolarhitza emanaldia eskainiko du eta ondoren herritarrentzat pintxoak izango dira. «Oparoa» izatea espero duten ibilbide baten hasiera izango da.

Maiatzak 26, larunbata

09:30. Kaiku tibetarren meditazio kontzertu eta tailerra.

Ekainak 22, ostirala

Gauean. Aranzadi zientzia elkarteak, gau behaketa familiarra antolatu du. Izarrak ikuskatu eta azalepnak jasotzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!