«Eszenatokian lekua hartzean bizitzan lekua hartzen ikasten duzu»

Iñigo Terradillos 2018ko mai. 11a, 15:25
Lorratz taldeko lau kideak

Bost urteko ibilbidea egin du Lorratzak taldeak. 2013. urtean sortu zuten Rebeka Gestosok (ahotsa) Garazi Jauregik (ahotsa), Malen Otxoak (gitarra) eta Maddi Etxeberriak (biolina). Bost urteko ibilbidetik hamaika bizipen eta esperientziaz gain, 2016an kaleratu zuten Oinutsik diskoa geratuko da gordeta. Amaierarako agur berezia dute aurreikusita, ekainean, Andoainen.

Gertukoei eta euren buruei eskainitako kontzertu «goxoa» izango da. Etxeberria larrauldarrak taldekideekin sortutako harremana nabarmentzen du. Ibilbideaz, eta aurrera begirako proiektuez aritu da solasean.

Bidea amaitutzat ematea erabaki duzue. Zer sentimendu dituzu une honetan hori entzunda?

Emozio asko dira. Erabakia hartzea ez da erraza izan. Alde batetik pena handia, une asko, kontzertu asko eta esperientzia handia izan delako. Baina, horrela izan behar duela sentitzen dugu. Behin betiko erabakia hartzea kosta egin da, baina, errealitatea ikusita beste aukerarik ez genuen.

Taldekide bakoitza proiektu desberdinetan sartuta zaudetela aipatu duzue agurreko testuan, taldearen ibilbidea mozteko arrazoi nagusi moduan.

Lehen laurok Andoainen elkartzea errazago izaten zen. Ni, gazteena izaki, artean ikastolan nengoen, eta gainerako taldekideek Donostian ikasten zuten. Orain bi urte Malen taldekidea ikasturte osoa kanpoan egon zen, eta Aitor Ibargurenek ordezkatu zuen. Malen itzuli zen, baina, orain ni Gasteizen nago ikasketak medio, beraz, elkartzeko zailtasunak areagotu egiten dira. Ez da erraza.

Zure kasuan, baduzu eskuartean proiekturik?

Bai, nire lehendabiziko nobela kaleratuko dut. Maiatzerako zen berez data, baina atzeratu egin da. Epistola nobela bat da, hau da, eskutitzez osatua. 80 eskutitz dira, laguntasunaz, maitasunaz, bizitzaz edota heriotzaz. Asko idazten dut, eta eskutitzak idazteak bere xarma du, lehenengo pertsonan idazteko aukera ematen duelako. Hirugarren pertsonan idaztea asko kostatzen zait. Zein usain dute oroitzapenek? izenburu hori hartuko du.

Hori literaturari dagokionez, eta musikan?

Ideia asko buruan baditut, baina, denbora gehiegirik ez dut, beraz, une honetan ez dira posible. Gainera, datorren urtean kanpora joateko asmoa dut, beraz zailagoa izango da horrelako proiektu bati ekitea. Hori bai, epe motzera ez, baina epe ertain-luzera proiektu pertsonal bat aurrera eramatea gustatuko litzaidake.

Hemendik urte batzuetara, atzera begira jarri eta Lorratzak taldea oroitzean zer gogoratuko duzu?

Bide musikalak asko erakusten dizu, baina, garrantzitsuagoa iruditzen zait taldean lan egiten ikastea. Horretaz gain, taldekideekin sortutako harremana, hori da taldeak eman didan onena.

Asko ikasi duzuela, eta pertsona moduan hazi zaretela aipatu duzue.

Eszenatokian hartzen duzun jarrera bada bizitzan hartzen duzun jarrera. Izaera irekiagoa duen pertsonak errazago hartuko du eszenatokia, azalera handiagoa hartuko du bertan, eta lotsatiagoa den pertsonak azalera txikiagoa hartuko du. Oreka bilatzen jakitea da kontua, denek lekua edukitzea. Azkenean, eszenatokian lekua hartzen ikasten duzunean bizitzan lekua hartzen ikasten duzu. Zure lekuan egoten jakitea ikasketa bat da.

Sorreraren unea nola gogoratzen duzu?

Oso oroitzapen bereziak ditut. Sorrera oso arraroa izan zen. Ikastolatik sortu zen Mikel Markezen gonbita baten ondorioz. Maitasun berezia diet egun haiei. Oso surrealista iruditu zitzaidan egoera guztia. Ikastolako ekintzetan-eta elkarrekin, taldean sortzen genuen Lorratzak sortu aurretik. Beraz, ez naiz gogoratzen Lorratzak bezala jo genuen lehen aldiaz. Andoainen Emekumeak ikuskizuna egin zen hainbat urtez, eta bertan jo genuen taldea sortu aurretik. Uste dut Larraulen egin genuen kontzertua izan zela lehena Lorratzak bezala.

Bizipen ugari pilatuko zenituzten bost urte hauetan. Bereziki gogoratuko duzun uneren bat?

Gazte Danbadan jo genuenean mundiala izan zen. Lehiaketa baten parte hartu izanaren ondorioz iritsi ginen bertan jotzera. Oso urduri geunden. Iritsi eta karpa erraldoi bat ikusi genuen, afaltzera kotxez eraman gintuzten... Talde handi bateko kide moduan sentitzen genituen geure buruak. Kontzertua musikalki nahiko txarra izan zen, baina, muntaiaren aldetik ikaragarria izan zen, argiekin eta kea eta guzti. Kontzertutik atera eta sekulako gorakada subidoia izan genuen. Oso sentsazio ona dugu laurok une hartaz, nahiz eta ez zen izan eman dugun kontzerturik onena. Sentsazio horrek, gainera, egun dezente iraun zuen.

Kontzertuak ere asko izan dira, eta tamaina eta modu askotakoak.

Gehienbat gaztetxe edo bazkalosteko girokoak izan dira. Gure inguruan eta modu xumean izan dira gehienak.

Zaleak ere askotarikoak.

Gure zale handienak gure etxekoak izan dira [kar, kar]. Ez dute kontzertu bakar batean hutsik egin. Behin, kontzertu batean, bikote bat gerturatu zitzaigun gure musika ikaragarri gustatzen zaiela esanez, eta kontzertu batzuetan jarraitu gintuzten. Poz handia ematen dute horrelakoek. Gero, gutxien espero duzunean, izan dira uneak Lorratzak taldeko kide izateagatik ezagutu gaituztenak eta argazkia ateratzeko eskatu. Andoaingo festetan niri ere pasa berri zait pertsona bat gerturatu eta ni Lorratzak taldeko kide naizela esatea. Bost urte igaro diren arren, oraindik ez dut ikasi erreakzionatzen horrelako egoeratan. Lotsatu egiten naiz. Hori bai, ilusioa egiten dizu ezagutzen ez zaituen batek zure taldea ezagutzea.

Une ez hain onez galdetuta?

Lehen kontzertua genuen biolin elektrikoarekin. Uda bukaera zen, sekulako beroa egiten zuen, ukuilu usaina zuen kamerino batean sartu gintuzten, taldekide bat mareatu egin zen... kontrako faktore ugari batu ziren. Kontzertua bera oso gaizki atera zen, sentsazio oso txarrarekin geratu ginen. Hala moduz eman genuen kontzertua. Gerora bideoak ikusi genituen eta ez du hain itxura txarra, baina, une hartan sentsazio txar ugari genituen.

Sentsazio txar horiek izan arren, zaleen aurrean aurpegi ona jarri behar da.

Ezer pasako ez balitz bezala, irribarrea jarri eta aurrera egin behar da.

2016. urtean 'Oinutsik' izena duen diskoa kaleratu zenuten, zortzi abestirekin.

Hori ere nahiko eromena izan zen. Gauza asko gehiegi pentsatu gabe egin ditugu, eta nik uste dut gehiago pentsatuz gero ez genituzkeela egingo [kar, kar]. Bagenituen hainbat abesti eginak, eta disko batean gordetzeak merezi zuela ikusi genuen. Nahiko presaka grabatu genuen, baina, hortxe geratu da, eta poza ematen du gure lana gordeta geratzeak.

Zortzi abesti sartu zenituzten diskoan, baina, zenbat abesti ditu sortuak Lorratzak taldeak?

Zortzi horietaz aparte ez daude asko. Badaude batzuk aurretik eginak, gure sorkuntza prozesuan sortutakoak. Badira gure lagun batzuk hitzak eginda sortu ditugunak, eta guk ere sortuak. Baina, erabat osatuta, 5-6 izango dira. Eta, gero baditugu gauza solteak, melodia edo letra zatiak eta horrelakoak. Eta, bertsioak ere bai, talde desberdinetako abestiekin.

Denen artean bat aukeratuko bazenu?

Hamaika udaberri kantua aukeratuko nuke. Maitasun berezia diot abesti honi. Ikastolako etapa ixten duen abestia da. Garazi eta Malenek batxilergoa bukatu zutenean, irakasle batek proposatu zigun Rebeka eta niri zerbait egitea. Despedida horretarako sortu genuen kantu hori.

Agurrerako kontzertu berezi bat egitea baduzue buruan.

Ekainean Andoainen egin nahi dugu. Gurekin beti egon direnei eskerrak emateko modua izango da, eta horretaz gain, guretzako ere bai, guk geuk ere merezi dugulako bukaera duin bat. Zerbait goxoa egin nahi dugu, famili giroan, gertuko zerbait, aho zapore goxoarekin geratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!