'Ehunak ehun lan' erakustaldiak San Telmo Museoan

Ataria 2018ko api. 3a, 11:09

Larraulgo Dina 7 kultur elkartearekin lankidetzan antolatu ditu erakustaldiak, apirilaren 4tik 8ra.

San Telmo Museoak bere antzinako ehungailua erakusketa iraunkorrean jarriko du behin betiko eta hori dela eta programazioa antolatu du Pazko Asterako. Museoko klaustroan lihoa era tradizionalean sortzeko erabiltzen ziren tresnak jarriko dira, 40tik gora, eta horiek baliatuta, liho oihala sortzeko prozesu osoa jendaurrean egingo dute, hasieratik bukaerara. Apirilaren 4ean eta 5ean 17:00etan, eta apirilaren 7an eta 8an 11:00etan.

Erakustaldien hitzorduetatik kanpo, Dina 7 kultur elkarteko kideren bat egongo da piezak dauden lekuan eta bisitarien zalantzak ere argituko ditu ordutegi honetan: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Museorako sarrera ordainduta parte hartu ahal izango da erakustaldietan.

Lihoa iruteko prozesua tradizionala, luzea eta konplexua izan ohi zen, hazia ereitetik oihala ehungailuan ehuntzera; hortik dator ehunak ehun lan euskarazko esaera zaharra. Prozesu hori gertutik eta lehen pertsonan ezagutzera emateko lanketa burutu zuen Dina 7 taldeak Larraulen 2016ko udazkenean.

Koldobika Jauregiren artista tailerra

Apirilaren 6an eta 7an eskainiko du Alkizako artistak Lihoa: lore urdinetik mihisera artista tailerra. Jauregiren laguntzaz ostiralean liho olioarekin oleo koloreak egingo dituzte, eta larunbatean, margo horiekin mihisean margotuko dute. Publiko ororentzat tailerra izango da San Telmoko klaustroan eta museorako sarrera ordainduta parte hartu ahal izango da.

Gainera, haurrentzako tailerrak ere egingo dira erakustaldi hauen barruan. Tailer ezberdinak izango dituzte aukeran: apirilaren 4an xaboi tailerra; apirilaren 5ean zentzumen tailerra; eta apirilaren 6an, gurutze-puntu tailerra. Guztiak 11:00etan hasita, euskaraz. 6 eta 10 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!