Rosa Talavera omenduko du Larraul-Hernio-Larraul lasterketak

Asier Imaz 2018ko mar. 15a, 12:08

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketaren zortzigarren edizioa jokatuko da igandean. 200 parte hartzailek jada izena eman dute izena, eta egunean bertan 25entzat egongo da izena emateko aukera

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketako antolatzaileek urtero lasterkari bat omentzen dute. Iaz Kamel Ziani oriotarra izan zen omendua, eta igandean, Rosa Talavera izango da. 55 urteko hernaniarra ibilbide oparoko atleta da. «Bere garaian, maratoian, Espainiako marka berea zen. Gipuzkoan ere oso ezaguna zen Maria Luisa Irizarrekin batera, biak beti borrokan ibiltzen zirelako».

Iñigo Ruiz Donostiatik Larraulera joan zen bizitzera, duela ia 10 urte. Herrira heldu bezain pronto, mendi lasterketa bat antolatzen hasi zen, beste hainbat larrauldarrekin batera. Tartean zen Andres Aristi, egun ere Utseta antolatzaile taldeko kidea dena. Aurtengoa Larraul-Hernio-Larraulen zortzigarren edizioa izango da, eta jadanik aurrez izena emateko aukera itxita dagoela azaldu du Aristik: «200 korrikalarirentzat jarri genuen aukera, eta dena beteta geratu da. Hala eta guztiz ere, egunean bertan, 08:30etik aurrera 25 dortsal gehiago banatuko ditugu».

Martxoaren 18an, igandean, 10:30ean emango zaio irteera mendi lasterketari, Larraulgo plazatik. Andres Aristiren esanetan ibilbidea gogorra da; «Larraul 235 metrotan dago, eta 1.000ra igo beharko dute, Herniora. Bataz besteko malda positiboa 800 metro ingurukoa da. Jaitsiera ere gogorra eta teknikoa da. Tontorretik Zelatunerako zatiari Utsetako tartea gehitu behar zaio. 200-300 metro dira, baina beti bustia egoten da eta kontuz ibili beharreko zatia da».

Ibilbidean antolakuntzak hiru anoa gune jarriko ditu; likidoa eta laranjak banatzeko: Lizar Zelaien, Zelatunen eta Hernio puntan.

Parte hartzaileak Larraulgo helmugara 15 kilometro egin ondoren iritsiko dira. Lehenak ordubete eta 15 minuturen bueltan izatea espero dute antolatzaileek. Gehienak, ordea, ordu t'erdiren inguruan ibiliko direla uste dute. Iaz azkarrena Hassan Ait Chaou eta Maite Etxezarreta izan ziren. Ait Chaou billabonatarra aurten ere irteera puntuan izatea espero dute antolatzaileek. Emakumeetan Aitziber Ibarbiaren esperantza dute: «Lehengo astean inguru hauetan ikusi genuen entrenatzen, eta ea parte hartzaileen artean dagoen».

Utseta taldeko kideak gustura daude jendearen erantzunarekin. Ez da aurtengo kontua bakarrik, iaz ere eguna baino lehen zerrendak beteta baitzeuden. «Korrikalariek badakite data honetan Larraulen mendi lasterketa dagoela. Proba berria izan arren, finkaturik dagoela esan daiteke mendi lasterketen egutegian, eta jendeak erantzun egiten du», dio Aristik. Bide horretatik, igandean Larraul jendez beteta ikusi nahi dute, parte hartzaileez gain ikusleekin: «Ingurua oso polita da, eta denak gonbidatzen ditugu. Larraul Gipuzkoa mailan jarri nahi dugu».

APIRILAREN 29AN, AMASAN

Larraulgo probaren ondoren, lasterkariek ez dute urrutira joan beharko beste proba bat egitera. Izan ere, urtero legez, Amasako Martina eta Uxo Toki elkarteek Loatzoko Igoera-Jaitsiera antolatu dute. Aurtengoa XXVI. edizioa izango da. Mendi lasterketa apirilaren 29ko igandean jokatuko da. Amasako plaza 90 metrotan dago eta Loatzoko gaina 631 metrotan. Loatzora igo eta berriro irteera tokira itzuli beharko dute korrikalariek, 9,73 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Antolatzaileek jaitsiera arriskurik gabea dela azpimarratu dute.

Parte hartzaileek irteera 10:30ean hartuko dute Uxo-Toki Elkartearen aurretik. Izen-ematea, berriz, egunean bertan izango da 09:00etatik aurrera. Hau ere Uxo-Toki elkartean izango da, doan.

Sariei dagokienez, lehenengo hirurek jasoko dute, neska-mutil. Aurrenekoek 120 euro, bigarrengoek 80 eta hirugarrengoek 50. Horrez gain, parte hartzaileen artean zozketak egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!