San Bartolomeri eskua luzatuz

Ataria 2017ko abuztuaren 24a

Sanestebanak abuztuko lehen astean ospatu bazituzten ere, hilaren 24a, festa eguna izan ohi da Larraulen. San Bartolome eguneko egitarauaren barruan, eguerdian, bote luzeko erakustaldia eskaini dute.

Batetik, herriko taldea aritu da, eta bestetik, berriz, Senpere. Bertaratu diren herritarrei, ezkutuan dagoen kirol hau ezagutarazteko aukera eskaini asmoz joan badira ere, biek hala biek, partida ona jokatu dute, eta azken emaitzara bitarte izan da emozioa. Amaieran, Larraul garaile 5-4. Orain, larrauldarrek beste erronka bat dute, Euskal Herriko txapelketan ariko baitira, Gipuzkoako bigarren taldea ordezkatuz, gainerako probintzietako taldeen aurka. Hortaz, entrenamendu bezala balio izan du gaurko partidak.

Bien bitartean, larrauldarrek festa giroan jarraituko dute, eguna amaitu bitartean. Arratsaldean, trikiti doinuak nagusituko dira herrian, Ansorregi eta Larrañagaren ardura izango delako herria alaitzea.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!