Larraulgo San Estebanak 2017

Laburragoak, baina denentzako modukoak

Aurten, iaz ez bezala, lau egun iraungo dute Larraulgo San Esteban jaiek; abuztuaren 4tik 8ra, egitarau zabala prestatu dute. Baina, santu batekin nahikoa ez eta, San Bartolome eguna ere ospatuko dute hilaren 24an.

Aurten, abuztuko lehen asteburua aprobetxatuko dute, Larraulen, 2017ko San Esteban jaiak ospatzeko. Urteroko martxa berdina hartu, eta egitarau zabala duten festez gozatzeko aukera eskainiko diete herritarrei.

Abuztuaren 3an hasiko dira festak. Goizean, meza nagusia eta hamaiketako herrikoia ospatuko dira, eta arratsaldean izango da mus txapelketaren txanda. Ondoren, herritarrek horrenbeste itxarondako unea helduko da: txupinazoa eta Pello Joxeperen jaitsiera. Jarraian, buruhandiak eta herriko txaranga ibiliko dira herriko kaleetan.

Asteburuaren bezperan, haurrek protagonismo handiagoa hartu, eta goizeko altxor bilaketaren jokoaz eta apar festaz gozatzeko aukera izango dute, bigarren egunean. Horri, haurren bazkariak eta puzgarriek emango diote segida. Eta gauerako, berriz, herri afaria eta Patxuko Nice eta DZ musikariek kontzertuak eskainiko dituzte, larrauldarren nahiak ase arte.

Abuztuaren 5ean, asteburuan sartzearekin batera, aurtengo berrikuntza nagusia helduko da: kotxe istripu baten erreskate simulakroa egingo dute, DYA-k antolatuta. Hori eguerdian izango da, eta arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia izango da. Gauerako utziko dute Urbeltz plazan egingo den Barrikote herrikoia, eta DJ Urkiren emanaldia. Hala ere, guztia ez da hor amaitzen, eta goizaldeko 03:00etan, baratxuri zopa dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Festen azken egunean, sagardo ezberdinak dastatzeko, herriko haurren dantza emanaldiaz gozatzeko eta toka txapelketan parte hartzeko aukera izango da, eguerdian. Bazkal ordurako, herri giroan paella jateko aukera izango da, eta festei amaiera emango dieten Laja eta Elustondo trikitilariak entzun aurretik, bertso jaialdi bikain batez gozatu ahal izango da.

Azkenik, hilaren amaierarako utziko dute San Bartolome eguneko ospakizuna, lehendik nahikoa gozatzeko aukera izango badute ere. Abuztuaren 24an izango da, eta 11:00etako meza nagusiarekin ekingo diote, hamaiketako herrikoia egin ondoren. Eguerdian, berriz, kirol jarduera ezberdinez gozatu ahal izango dute, emakumeen pilota partidak eta frontenis txapelketa herrikoia jokatuko baitira. Festa egunari amaiera emateko, Ansorregi eta Larrañagaren trikiti doinuak entzun ahal izango dira, bai arratsez, baita gauez ere.

Ikusi hemen egitarau osoa.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!