Larrauldik Herniora korrika

Ataria 2017ko mar. 16a, 15:15

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa igandean jokatuko da; egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, 09:00etatik aurrera.

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketaren zazpigarren edizioa igandean izango da. Irteera 10:30ean emango zaio probari, eta dagoeneko 170 lagunek eman dute izena. Oraindik zerrendak zabalik jarraitzen du. Ostirala bitarte kirolprobak.com webgunean apuntatu ahal izango da. Egunean bertan, Larraulen, 09:00etan jarriko dute mahaia izena eman ahal izateko, 10:15ak bitarte. Aurrez 10 euro ordaindu behar da, eta egunean bertan, 15. Lehen edizioan izan ziren korrikalari gehien, 175 guztira. Ondoren beherakada bat izan zen, eta iaz 170 lagunera iritsi ziren. Aurtengoan, beraz, gorantz jarraitu nahi dute antolatzaileek, lehen urteko marka berdinduz edo hautsiz. Hasiera batean, 200 lagunentzat jarri dute izen emateko aukera.


Andres Aristi Utseta antolatzaile taldeko kidea da. Egunean bertan, 25 lagunekin batera boluntario lanetan ibiliko da Aristi. Aurrez, 10:15ean, Kamel Ziani omenduko dutela aipatu du Utseta elkarteko kideak: «Urtero lasterketa aurretik omenaldi bat egiten diogu atleta esanguratsuren bati. Joxe Maizekin hasi ginen, ondoren, Koldo Irazu, Joxe Migel Irazu, Pello Garin, Juan Mari Garin eta Koro Fuentes omendu ditugu». Zianirekin harremanetan duela pare bat hilabete jarri ziren antolatzaileak, ideiaren berri emateko. Aristiren esanetan 45 urteko korrikalariak oso gustura hartu zuen albistea: «Hasiera batean parte hartzeko asmoa eta guzti zuen. Baina proba batzuk egin ondoren, omenaldi ekitaldira bakarrik etorriko da».


Lasterketa 15 kilometrokoa da, 800 metroko bataz bestekoarekin. Larraul 200 metro ingurura baldin badago itsaso mailatik,  Hernio 1070era dago. Igoera eta jaitsiera bide desberdinetatik egiten dituzte, eta elkar gurutzatzeko aukera bakarra Zelatun eta Hernio tartean izango dute parte hartzaileek. Aristiren esanetan, «ibilbidea benetan zoragarria da; eguraldi onarekin inguruko paisaia guztia ederki ikusten da». Asteburu honetarako eguraldi ona aurreikusten da; antolatzaileek hori espero dute behintzat. Eguraldiaren garrantzia orain arteko marketan ikus daiteke: «Bigarren edizioan eguraldi lehorra egin zuen, korrikarako oso egokia. Hassan Ait Chaou eta Nerea Amilibia izan ziren orduko irabazleak, eta marka haiek, oraindik ez ditu inork hautsi», dio Andres Aristik.


Hassan Ait Chaouk 1:09:51 egin zuen, eta Nerea Amilibiak 1:28:07.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!