«Bi hizkuntzekin hobeto moldatzen naiz gaztelania bakarrik jakinda baino»

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 2a, 08:02

Larunbatero ingelesezko mintza praktika saioak zuzentzen ditu Karin van der Worpek Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian. Herbehereetan sortu zen baina azkeneko lau urteak Euskal Herrian eman ditu hizkuntzalari gisa ikertzen. Pare bat urte daramatza, gure artean, Larraulen bizitzen.

Iaz, ekainean, aurkeztu zuen EHUn Multilingualism in the workplace: the voice of professionals (Eleaniztasuna lantokian: profesionalen ahotsa) doktorego lana Karin van der Worpek (Hattem, 1987). Filosofia, Hezkuntza eta Antropologia fakultatean ikertzen jarraitzen du.

Nola sortu zitzaizun lehen aldiz Euskal Herrira etortzeko aukera?

Kasualitatea izan zen, egia esateko. Hizkuntzalaritza aplikatuaren inguruko masterra egiten ari nintzela praktikak kanpoan egin nahi nituen. Gaztelania hitz egiten zen leku batera joan nahi nuen, mintzapraktika egiteko. Herbehereetako nire irakasle batek Euskal Herrian lan egiten zuen irakasle bat ezagutzen zuela esan zidan eta ikertzaile praktikak hemen egin nahi izanez gero, EHUn galdetzeko aholkatu zidan. Harremanetan jarri eta baiezkoa eman zidaten.

Zer ikertu zenuen?

Eleaniztasuna hezkuntzan, batez ere. Ni egon nintzen momentuan ingelesean zentratu ginen eta eskoletara joaten ginen hizkuntzak nola irakasten dituzten ikusteko. Bospasei hilabete eman nituen eta gero Herbehereetara itzuli nintzen.

Eta berriz Euskal Herrira...

Bai, doktoretza egiteko aukera sortu zitzaidan. Deialdi batera aurkeztu eta zorte handiarekin lanpostua lortu nuen EHUn, aurretik egon nintzen fakultate berdinean Filosofia, Hezkuntza eta Antropologia fakultatean. Ni doktoretza egiten hasi nintzen Zabalduzizeneko proiektuaren barruan. Bekak ematen zituzten tesiak egiteko, ez bakarrik unibertsitatean, baita enpresetan ere. Langune, Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea genuen kolaboratzaile eta haiekin erabaki genuen zein gai aztertu: eleaniztasuna enpresetan.

Nola lantzen da eleaniztasuna zuek ikertu dituzuen enpresa horietan?

Guk ikertutakoak hemengo enpresak dira baina nazioarteko merkatuetan lan egiten dutenak. Hor ikusten dugu, ez bakarrik hemengo bi hizkuntzak, gehiago ere behar dituztela kanpoan lan egiteko. Elkarrizketatutako pertsonek esaten dute bezeroaren berezko hizkuntza hitz egiten saiatzen direla, baina errealitatea da ingelesa nagusitzen dela gehienetan. Alemania, frantsesa eta txinera lantzen duten enpresak aurkitu ditugu, baina oso modu puntualean. Ingelesaren ondoren, frantsesa da gehien erabiltzen dena, ondoko merkatua delako, eta ingelesa Frantzian erabiltzeko arazoak ere izaten direlako. Lehen eskoletan frantsesa hirugarren hizkuntza bezala ematen zuten, baina gaur egun gutxiago irakasten da. Hortaz, enpresetan ere gutxiago erabiltzen dute.

Nola kudeatzen dituzte hizkuntza ezberdinak enpresetan?

Denetarik dago. Hasten bagara, euskara eta gaztelania aztertzen, ikusten dugu oso egoera ezberdinak daudela. Kudeaketa formalean euskara ezertarako erabiltzen ez duten enpresak badaude (komunikazioetan, webguneetan..) eta ikusten dugu euskarak oso leku txikia duela. Beste alde batetik ikusi ditugu enpresak, nahiz eta nazioarteko merkatuetan lan egin, euskara lehenesten dutenak eguneroko lanerako. Dokumentuak euskaraz ematen dituzte eta esaterako, ikastaroak ematen dituzte euskara mailan langileak trebatzeko. Bi mutur horien artean daude gainerako enpresa guztiak. Hala ere, ikusten dugu gaztelania euskara baino gehiago erabiltzen dela lan munduan.

Baloratzen al dute enpresek langile eleaniztuna?

Hizkuntzen arabera. Gaztelania inork ez du eskatzen jakina delako denak moldatzen garela hizkuntza horretan. Euskara, orokorrean ikusten dugu, balio erantsi bezala hartzen dutela. Ingelesa geroz eta gehiago eskatzen dute enpresek, baina egia da jendea kontratatzeko orduan gehienbat gaitasun profesionalari ematen zaiola garrantzia eta ez hizkuntzari.

Ikasleekin ere aritu zarete elkarrizketan. Nolako jarrera dute eleaniztasunarekiko?

Orokorrean ikusten dugu jarrera oso positiboa dutela. Hori bai, pentsatzen dute hizkuntzak beharrezkoak dituztela beren lantokian, baina gero beren hizkuntza gaitasunaz galdetzerakoan hor bai ikusten dugu nahikoa maila baxua adierazten dutela. Ez dakigu benetan hizkuntza gaitasun txikia dutelako den edo segurantza eza ote duten. Askok pentsatzen dute ez daudela behar bezain ondo prestatuta. Hala ere, korrelazio bat ikusi dugu: zenbat eta hizkuntza gehiago jakin orduan eta jarrera positiboagoa dute. Lotura bat badago eta horretan ikertzen jarraitu nahi dugu. Nik pentsatzen dut, euskara eta gaztelaniaren esperientzia hau, beste hizkuntzak erabiltzeko baliatu dezakegula.

Hizkuntzen irakaspenari dagokionez, iparraldeko herrialdeetako esperientzia diferentea dela uste duzu?

Gai interesgarria da, baina konplikatua aldi berean. Ingelesa txikitatik ikasten dugunaren ustea du hemen jendeak, baina nire ama hizkuntza adibidez, nederlandera da eta 10-12 urterekin hasi nintzen ingelesa ikasten. Hizkuntza hori ez dut sekula eskolatik kanpora ikasi eta nire bigarren masterra ingelesez egin nuen. Agian, eskolatik kanpo hizkuntzak entzuteko aukera gehiago dugu Herbehereetan, telebistako azpitituluak bertako hizkuntzan jarri eta ez dira saioak bikoizten. Belarria egin egiten da beste hizkuntzen doinuetara.

Hizkuntzak irakasteko modu horretatik zer ekarriko zenuke? 

Ekartzeagatik ekarri ditzakegu gauza asko. Kontuan hartu behar da hemen egoera bestelakoa dela, jadanik bi hizkuntza daude eta curriculumean ezin duzu nahi duzun guztia sartu, hizkuntza bakoitzak bere denbora behar duelako. Zaila da. Herbehereetan ez dugu hemengo ohiturik ez akademietara joateko, baina ezta diplomak ateratzeko. Hemen tituluak atera nahi ditu jende askok eta azterketak prestatzen dituzte akademietan. Herbehereetan lana egiteko sekula ez zidaten diplomarik eskatu.

Zazpi hizkuntza dakizkizu. 

Zazpi hizkuntza ikasi ditut. Nire ama hizkuntza nederlandera da, orain erabiltzen ditut gaztelania, euskara eta ingelesa. Gero beste hiru hizkuntza ere badakizkit: italiera, alemanera eta frantsesa nahiz eta gaur egun gutxiago erabiltzen ditudan.

Euskararen berri nola jakin zenuen?

Gaztelaniaz banekien baina hitz bat ere ez euskaraz. Ikasi dudan guztia hemen ikasi dut. Hemen bizitzeko, bi hizkuntza egonda, biak ulertu eta biak erabili behar nituela pentsatu nuen. Egia da denok dakigula gaztelania, baina nik bai sentitzen dudala euskaraz jakinda hobeto moldatzen naizela hemen. Harremana ezberdina da euskaraz, eta asko lagundu dit integratzeko, hemengoa sentitzeko. Bi hizkuntzekin hobeto moldatzen naiz,gaztelania bakarrik jakinda baino. Konfiantza hartu eta gero hasi nintzen hizkuntza erabiltzen. Orain Larraulen, inoiz baino gehiago erabiltzen dut. Hemen jarraitzen dut euskara ikasten, Tolosako Aitzol udal euskaltegitik irakasle bat dator astean bitan.

Zenbateko ehunean laguntzen du Larraul bezalako gune euskaldun batean bizitzeak?

Ez nuke jakingo esaten zenbateko portzentajean. Baina asko. Niretzako alde handia dago, orain, nire bikotearekin euskaraz hitz egiten dut etxean. Hemengo herriko bizitza gehienbat euskaraz da. Larraulen bizitzea barnetegi batean bizitzea bezalakoa da.

Zuk baduzu erraztasuna hizkuntzak ikasteko?

Ez dakit oso ondo zer den, edo erraztasuna edo gogo handia. Pentsatzen dut ohitura badudala hizkuntzak ikasteko eta horrek laguntzen didala.

Zer iruditzen zaizu Larraul?

Urruti dagoela eta txikia dela iruditu zitzaidan etorri nintzen lehen aldian, baina zoragarria da. Oso ezberdina Herbehereekin alderatuta. Oso bizitza ezberdina iruditzen zait herri txiki batekoa, atsegina da bizimodua, jendearekin oso ondo moldatu naiz eta ondo onartu naute. Gustura eta lasai bizi naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!