Udaletxeko irisgarritasuna hobetuko dute Larraulen

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 13a, 12:03

Martxoan onartu zuen Larraulgo Udalak 2016ko aurrekontua. Guztira, 350.000 euro izango dituzte ohiko gastu eta inbertsioei aurre egiteko. «Gurea bezalako herri txikietan aurrekontua txikia izaten da. Horregatik edozein inbertsio egiteko beti diru laguntzak eskatzen gabiltza. Eskean, eta hala ere, motz», adierazi du Aneli Urbieta alkateak.

2016an egin beharreko inbertsioetarako 70.000 euro pasatxo gordeko dituzte. «Aurreko urteko geldikinarekin jokatuko dugu, aurreikusitako kopuruekin, ziurrena, ez baikara iritsiko».

2016ko inbertsio nagusia udaletxeko igogailua izango da. «2017rako eraikuntza publiko guztiek irrisgarritasun planeko irizpideak bete beharko dituzte. Eskailera bat kendu eta gela bat ateratzen saiatuko gara, gaur egun, gizarte laguntzaileak kultur etxean duen bulegoa hona aldatzeko». Udaleko arkitektoa proiektua garatzen ari da eta printzipioz, 13.000 euro gorde dituzte lan horiek egiteko, «hala ere, Ereinen diru laguntza bat aterako da aurki eta espero dugu hortik laguntzaren bat jasotzea», esan du Larraulgo alkate Aneli Urbietak. 

Plan Orokorra onartzeko bidean da Larraulgo herria. Ikerketa, azterketa eta proiektuetarako 25.000 euro bideratuko dira aurten. Udal ordezkariek aurreikusten dutenez, legealdi osoa emango du plan orokorra onartzeak.

Larraulgo Udalak inbertsioetarako zehaztutako atalean azpiegitura eta urbanizazio proiektuetarako 26.000 euro bideratuko ditu. «Kopuru horren zati handi bat erreka-bailaran dagoen baserri bide bat konpontzeko baliatuko dugu. Iaz luizia bat izan zen bertan eta bidea Asteasurekin batera konpartitzen dugunez, bi udalen artean konponduko dugu. Larraulgoak %40a jarriko du». Beste baserri bide batean ere antzeko gauza gertatu zaie eta lan horietarako diru partida bat bideratuko du udalak.

Amasa-Villabonako Udalarekin Larraulgoak zuen hitzarmena berreskuratu dutela iragarri du Urbietak: «Olaederra kiroldegia erabili ahal izango dute larrauldarrek, billabonatarrek edo zizurkildarrek egiten duten baldintza berdinetan. Hor dagoen azpiegitura bat da eta baliatu egin behar dugula iruditzen zaigu. Beraz, horretara animatzen ditugu herritarrak».

INBERTSIOAK

Udaletxeko igogailua: 13.000 euro

Etxebizitza eta hirigintza. Azpiegitura eta urbanizazioak:. 26.892 euro

Plan Orokorra. Ikerketa, azterketa eta proiektuak: 25.000 euro

Ondare ondasunak: 6.000 euro

GUZTIRA: 70.892 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!