3.000 euroko idi apustua

Asier Imaz 2016ko api. 7a, 10:58

Larraulgo 'Kixkurre'-ren idi parea Korta gabiriarrarenaren aurka. Larunbatean jokatuko da lehia Aiako probalekuan, 22:00etatik aurrera.

Bergaran lanean zegoela hasi zen dena. «Kortarena joan behar diat bazkaltzera!». Esan eta egin. Kontuak esatera azkar gerturatu zitzaion bestea, Martin Arizeta Kixkurre-ri. Larrauldarra Elgoibarren apustua jokatu berria zen, eta irabazia. Baina mahaiaren buelta hartan ez zen desafio hitzik entzun.

Kontuak nola izaten diren. Hurrengo egunean, Kortak deitu zion Kixkurre-ri telefonoz, ondorengoa esateko: «Hi, demonio txerrie! Earra in diak atzo. Eztiak ezer esan. Idiekin apustua jokatzeko amorratzen omen hao!».

Konturatzerako, Larraulgo Larrunbide baserriko ukuiluan zen gabiriarra. Honela kontatzen du Kixkurre-k: «Lanetik bueltan nintzela, Kortak deitu zidan. Nire idiak ikusteko gogoz zegoela. Etxera bidean nintzenez, baietz esan nion, eta ea non zegoen. Ia ikusiak zituela esan zidan». Nire etxean zegoen, ukuiluan begira. Etxera iritsi eta kanpora atera nizkion». Larrauldarrak Kortarenak ere ikusi zituen, Hernialden, hango baserri batean edukitzen baititu idiak gabiriarrak. «Gustatu zitzaizkidan, nireen tankerakoak iruditu zitzaizkidan», gogoratzen du Arizetak. Bi aldeak gustura zeudenez, apustua horrela lotu zuten.

1.100 kiloren barruan sartu behar dute bi idiek. Kixkurre-renak 1.200 inguruan zeuden astearen hasieran. Baina berak dioen bezala, larunbatean eman behar dute pisu hori. «Bitartean, guk kiloak galdu nahi ditugunean egiten duguna egin beharko dute: gutxiago jan. Beste 30na kilo galdu beharko dituzte».

Bi itzairekin aterako da larrauldarra, Lasarteko Telleria eta Zumarragako Armaolearekin. Korta bere bi iloba eta osaba batekin. Hiru biren aurka, baina horrek ez du Kixkurrekezkatzen: «Nire biak hiru horiek baino gehiago dira». Bera zergatik ez den itzai ateratzen galdetuta, astakeri handi bat entzun balu bezala erreakzionatzen du. Arrazoiz. «Jabea itzai jarriz gero, zenbait, probalekura joan ere ez lirateke egingo; ikusi ere ez lukete egingo. Lehengo larunbatean, adibidez, apustua jokatu balu jabeak, zutik egoteko ere komeriak izango zituen. Urduri, oso urduri jartzen da bat».

Duela 30 urte hasi zen idiekin Kixkurre. Aldamenean bizi zen lehengusu bati erosi zion bere lehen idia. Geroztik ez da geratu. Proba asko jokatua da, eta 20 bat apustu egina ere bai. Zer egin duen apustu horietan, ordea, ez da kontatzeko horietakoa. Elgoibarren irabazi egin zuen, eta duela 20 urte, Korta berari jokatutakoa ere bai. Baina idiak zaletasuna besterik ez dira Kixkurrerentzat: «Hor sartzen den denbora beste batean galtzen da, eta ezin da apustuetatik eta ezer atera».

Bederatzi urte daramatza oraingo idi parearekin. Beste bat ere badu ukuiluan. Bi urterekin hartu zituen larunbatean apustura eramango dituenak, eta ohikoa ez den arren, berak atera ditu aurrera denbora luze horretan. Kixkurre-ren arabera, 8 urtetik aurrera komeni da probalekuetara eramatea idiak. Eta hanketan gaitzik gabe, eta urtean lau edo bost lehia jokatuta, 15-16 urtera bitarte iraun lezaketela dio larrauldarrak.

Idi baten maila begiz nola neurtu daitekeen jakitea, harrigarria da. «Nik ez daukat ideia handirik» dio Kixkurre-k, «beltza denari beltza esaten diot. Gero, horretan ibiltzen direnek kasta edo tipoari begiratzen diote, eta koloreari. Marroiak indartsuagoak izaten omen dira. Isatsari ere begiratzen diote, eta hor, fina izatea komeni omen da. Nire hauenak ez dira oso finak baino…».

Afizioa; hiru idi etxean; isats ez hain fina,… argi dago idien munduan ere maila desberdinak daudela. Eta goran, beste izen batzuk ibiltzen direla. Eta ia denak bizkaitarrak. Lopetegi entzuten duenean, bere erreakzioak argi uzten du bizkaitarren maila: «Lopetegik adina manta duenik ez da egongo inon. Esajeratu gabe…», pentsatzeko tartea, «300 manta irabaziak izango ditu. Ez da etxerik edo garajerik manta guzti horiek sartzeko. Lopetegi eta horiek beste maila batean ibiltzen dira. Idi pare batekin 43 manta irabazia dela badakit. Orain bakarrik dago, baina lehen andrea ere ibiltzen zen idiekin, Roxario. Eta 25 bat manta irabaziak izango zen hura ere».

Ondorioa: «Bizkaia aldean sariak izaten dira, baina joateak ez du merezi. Bederatzi sari jarri eta bederatziak bizkaitarrek irabazten dituzte». Lopetegiren ukuiluan, adibidez, Joxe Anjel Sarasola asteasuarrak 42 idi kontatuak omen ditu. Esan daiteke, bizkaitar horiek ia profesionaltzat hartu daitezkeela.

Idi parea hartu eta Larrauldik Alkizarako mendi bidea egiten du Kixkurre-k entrenatzeko. Lera, kubierta, harria edo egurra jartzen die pisu moduan, atzean. Ordubete inguruko itzulia da, eta larunbaterako nahikoa izatea espero du: «Irabaztea pentsatzen dut, nire buruari hori esaten diot behintzat, baina oraingoan zailagoa daukat. Berak seguru galduko dudala esaten du, eta hori esaten baldin badu...». Baieztapen horren seriotasuna jakitea zaila da, Sarasola behintzat barrez hasi da. Umorea behintzat ez zaio falta larrauldarrari. Gustura dabilenaren umorea. Larunbatean ikusiko da barreak nora joaten diren, Aiako probalekuan, 22:00etan.

IDI APUSTUA

Apirilak 9, larunbata
Non: Aiako probalekuan.
Ordua: 22:00etan. 
Nor baino nor: Kixkurre (Larraul) vs. Korta (Gabiria). 
Proba: 30 minututan plaza gehien egitea.
Dirua: 3.000 euro jokoan. Alde bakoitzak 1.500 jarriko du. 
Pisua: Aiako Kintopeko 1.500 kiloko harria. 200 kiloko gainkargarekin. 
Pisaketa: 10:00etan. 1.100 kilotan sartu behar dute bi idiek. Handik gora, kiloko kilo t'erdiko gainkarga. 
Kontrola: Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren esku geratuko da

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!