«Ostiral Santu egunez, 51. aldiz igoko dut Hernio»

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 23a, 08:16

Koldo Jauregi iraganeko ohiturari tiraka, gaixotasuna tarteko eta «burugogorkeria» medio, aurten ere, Ostiral Santu egunez, 51. aldiz jarraian, urte batean ere hutsik egin gabe, Hernioko tontorra ukituko du.

Nondik datorkizu ohitura?
Nire aitona zena, beste batekin, hasi zen Ostiral Santu egunez, behiak eta jetzi ostean, bostak aldera geratu, Hernio bideko kalbarioa pasa eta berriro etxera buelta hartzen. Bederatzi urte nituela joan nintzen lehenengoz, bakar-bakarrik. Kalbarioen kontu horrekin, puntaraino iritsi behar nintzela eta horretan hasi nintzen. Gerora kalbarioa eta sinismena galdu genuela uste dut, azken batean norberarena da. Nire kasuan, istripu handi bat izan nuen lantokian eta oso gaizki ibiliko nintzela esan zidaten, gurpildun aulkian geratuko nintzela. Burugogorkeriaz, Herniora igotzen hasi nintzen, eta Herniora bezala beste herrietara ere. Eta horrela, iaz bete nuen 50. urtea, Ostiral Santu egunean, urtero, segidan, hutsik egin gabe Herniora ailegatu nintzela. Aurten ere espero dut iristea. Aurtengoa beraz, 51.ena izango litzateke.

Makuluekin ere igo izan zara.
Bederatzi bat aldiz igo naiz Herniora makuluekin, operazioen ondorioz, belaunak txikituta nituela. Ohiturarekin jarraitu nuen eta gaur da eguna makulurik gabe igotzen naizela. Badira urteak, tontorrera ni baino ez naizela iritsi, metro eta erdiko elurra zegoelako edo kazkabarra egiten zuelako. Denetarik tokatu izan zait. Horrenbeste urtetan gauza ugari ikusi izan ditut eta espero oraindik ere gehiago ikustea.

Zure aitak eta abiatutako ohitura horrek jarraipenik al du?
Egiten dira kalbarioak. Gotzaina ere joan izan da, apaizak ere joan izan dira. Baina gaur egun jendea apaizik gabe joaten da. Eta zintak ere jarri izaten dira gurutzeetan. Ohitura horrek jarraitzen du baina zerikusirik ez du lehengoarekin. Batzuetan gogo handirik gabe joan naiz, barne indarrez, hankak izurratuta ditudanez, horregatik joan naiz. Nire ilusioa Ostiral Santu egunez Hernio puntara iristea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!