Iban Murua eta Maite Etxezarreta, azkarrenak Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 20a, 19:17

250 korrikalari inguruk hartu du parte Larraul-Hernio-Larraul lasterketan. Ibilbidearen egoerak asko zaildu du korrikalarien jarduna, baina ororen gainetik, ikuskizun ederra izan da.

Gogorra. Hitz hori zebilen korrikalari guztien ahotan Larraulgo helmugan. Izan ere, azken asteotako eguraldiak ibilbidean eragina izan du, eta lehenagotik gogorra dena, gehiago gogortu du. 

Zelatunerako bidean ongi joan dira korrikalariak, baina orduantxe etorri da okerrena. Lokatz asko topatu dute tontorrerainoko bidean, eta tentuz ibili behar izan dute. "Oso irristakorra zegoen goian, tarteka errekatxoak ere bazeuden" azaldu du Iban Murua irabazleak. Tarteka, urtu gabeko elur tarteak ere bazeuden. Hernioko bordaren parean, esaterako, zurigune batzuk 0,7 metroko sakonera zuten.

Azkarrena Iban Murua elgoibartarra izan da. Herniora ere bera iritsi da lehenengo. Lehen aldiz parte hartu du lasterketa honetan, interneten ikusi eta gero, eta gustura geratu da: "Normalean distantzia laburreko lasterketak eta igoerak egiten ditut. Larraulgoa probatu nahi nuen eta gustura noa. Gogorra izan da, baina esperientzia ona daramat" azaldu du txapeldunak helmugan. Ordu bat eta 15 minutu behar izan ditu. Lartaun Rodríguez helmugaratu da bigarren, bi minutu eta erdira. Josu Goñi amezketarrak, pasa den urteko irabazleak, osatu du podiuma.

Emakumezkoen artean, Maite Etxezarreta izan da onena. 1:34:29ko denboran osatu du ibilbidea. Bigarren, pasa den urteko irabazle Nerea Amilibia zizurkildarra izan da, lau minutuko atzerapenarekin. Araitz Irazu izan da hirugarren.

Andoni Urbietaren lehen aldia

Gaur arte, mendi lasterketetan ez du parte hartu izan Andoni Urbieta larrauldarrak. Gaur zuen lehen aldia, eta herriko azkarrena bera izan da. Asteartean egin zuen lehen entrenamendua: "Zelatunera igo nintzen, beroketa gisa. Orain arte Zelatunen eman izan dut buelta beti, eta gaur gogorrena Herniorainoko zatia egin zait, baina gustura bukatu dut" azaldu du herritarrak.

Denborak

Mutilak
1. Iban Murua: 1:15:23
2. Lartaun Rodríguez: 1:17:52
3. Josu Goñi: 1:19:47

Neskak
1. Maite Etxezarreta: 1:34:29
2. Nerea Amilibia: 1:38:24
3. Araitz Irazu: 1:43:44

Larraulgo lehenengo herritarra
1. Andoni Urbieta: 1:37:42

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!