VI. Larraul-Hernio-Larraul: Ait Chaou eta Amilibiaren marken atzetik

Asier Imaz 2016ko mar. 3a, 10:03

VI. Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa martxoaren 20an izango da, igandez; izena emateko aukera zabalik dago

2012a urte oparoa izan zen Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketan. Bai behintzat parte hartzaileen markei begiratuta. Probaren bigarren edizioa zen, eta gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan marka bikainak jarri zituzten irabazleek. Hassan Ait Chaouk erlojua 1:09:51ean geratu zuen, eta Nerea Amilibiak 1:28:07an.

Lau urte beranduago, Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketaren seigarren edizioa prest dute CF Utsetako antolatzaileek. Martxoaren 20an izango da, eta aurtengoan ere Larraulgo Udalaren laguntzarekin prestatu dute lasterketa. Parte hartu nahi duenak izena emateko epea zabalik dauka. Eguna baino lehen inskripzioa egin nahi dutenek kirolprobak.com webgunean sartu behar dute. Izen ematearen kostua 10 eurokoa izango da aurrez eginez gero. Egunean bertan, aldiz, 15 eurotan jarri dute inskripzioa. Gehienez ere 200 pertsonek parte hartu ahalko dute mendi lasterketan.

15,5 kilometroko ibilbidea izango du Larraul-Ernio-Larraul probak. Korrikalariek irteera 10:30ean hartuko dute Larrauldik, eta lasterketaren bataz besteko malda 812 metrokoa izango da. Lizarzelai eta Irumugarrieta pasa ondoren, Zelatunetik barrena joango dira Herniora. Ondoren, igotakoa jaitsi beharko dute. Iaz, Hassan Ait Chaou bera eta eta Onintza Mitxelena izan ziren azkarrenak.

Parte hartzeari dagokionez, lehen edizioa izan zen arrakastatsuena. Orduko hartan, 2011n, 169 korrikalarik amaitu zuten proba. Hurrengo urtean 87 izan ziren helmugaratu zirenak. Parte hartze zenbakiek 70 inguruan jarraitu dute azken urteetan, eta iaz, hain justu, zenbaki horretara iritsi ziren mendi lasterketa egin zutenak.

Antolatzaileek mendi lasterkariak gonbidatu dituzte proban parte hartzera, aurrez edo egunean bertan izena emanaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!