Familian kudeatuko dute Larraulgo Herri Ostatua

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 21a, 09:58

Urtezahar egunean hartu zuten ardura eta pozik daude orain arteko martxarekin

San Tomas egunez utzi zuten au- rreko arduradunek Larraulgo Herri Ostatua eta zortzi egunetara hartu zuten berriek. Elizabeth Jofreren familiak gogor egin zuen lan aurreko urtearen bukaeran ostatuari ukitu berri bat eman eta abenduaren 31n dena prest edukitzeko. Urtezahar egunean, eguerdian, herritar ugari gerturatu zen inauguraziora.

«Itxura berritua eman diogu tabernari. Paretak pintatu eta musikarekin loturiko motiboak aukeratu ditugu dekoraziorako», dio Jofrek. Umeentzako gustagarri egin nahi dute tokia, jakin badakitelako Larraul toki egokia dela familian egun pasa egiteko. Alex Simonek ere gauza bera nabarmendu du: «Herri lasaia da gurea eta umeak jolasean ari diren bitartean, gurasoak patxada ederrean egon daitezke ostatuan zerbait hartzen». 50 lagunentzako prestatuta dagoen jantokian, umeentzako gune bat prestatu dute, «helduak bazkaltzen ari diren bitartean haurrak jolasean ibil daitezen».

Umeentzako zerbitzua eskaintzea da Herri Ostatuaren helburuetako bat: «Urtebetetze festak antolatu ditugu dagoeneko eta eskolako umeentzako jantoki zerbitzua ematen dugu. Jaunartze batzuk ere hitzartuta dauzkagu maiatza alderako», esan du Jofrek. Eta txikiak bezala jomugan dituzte beste hainbat sektore ere: «Buelta bat egitera etortzen diren mendizaleak, herriko museoa ikustera datozenak, inguruko herrietako biztanleak...». Simonek badaki larrauldarrentzat bilgune garrantzitsua dela ostatua eta haiek direla protagonista nagusi, «baina zerbitzua zabaldu behar dugu inguruko herrietako jendearengana. Horretarako kalitate ona eta prezio merkea uztartu behar ditugu».

Eguneko menua 10,50 euroan, plater konbinatuak, ogitartekoak, gosariak, pintxoak, kroketak eta eramateko pizzak prestatzen dituzte. «Ostegun iluntzetan pintxo potea egiten dugu eta arrakasta izugarria duten pintxoak ematen ditugu. Jaki berriak dira eta jendeari probatzea gustatzen zaio», dio Jofrek. Ostegunetan, beraz, taberna denbora luzeagoz izaten dute zabalik. Ostiral eta larunbatetan ere, 23:30ak arte egoten da irekita. Bestela egunero goizeko 09:00etatik aurrera zabalik izaten dute eta Jofreren esanetan, «eskatu ahala aritzeko prest gaude. Sukaldea irekita egongo da gose dagoena asetzeko».

Etxekoak lanerako pronto

Elizabeth Jofrek eramango du Herriko Ostatuaren ardura nagusia, baina ondoan izango ditu etxekoak laguntzeko prest. Alex Simon senarra eta Cristian, Juan Carlos eta Natxo semeak. «Euren lan eta ikasketetatik libratzen direnean tabernara gerturatzen zaizkit laguntzera».

Aurreko urtarrilaren 13an ipuin kontaketa saioa egin zuten eta aurrera begira kultur ekitaldi gehiago antolatzeko asmotan dira Herri Ostatuko arduradun berriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!