Zauri guztiak sendatzeko mila gako

Jon Miranda Labaien 2016ko urt. 7a, 11:52

'Larraulgo usadioak sendabelarrekin' liburua argitara eman du Dina 7 elkarteko Pili Otaegik eta haiekin egindako errezetak jaso ditu

Larraulgo baserritarrengana jo zuten 2011n Dina 7 taldeko kide Aitziber Mendiola eta Pili Otaegik. «Iruditu zitzaigun Larraulen edadekoen artean jakinduria handia zegoela sendabelarren inguruan. Bakantzen ari ziren baserritarrak eta ezagupen hori haiekin batera desagertuko zenaren beldur ginen». Larraulgo Gorotzen, Larrunbide, Sorrarain, Abeletxe, Beobide-Azpi, Arpide, Larrola, Agerre-Zar, Goieneta-Bitarte eta Agiñazabal-Haundi bisitatu zituzten urtebetez eta hizketaldi luzeak egin zituzten bertako baserritarrekin. Informazio aberatsa jaso zuten elkarrizketei esker eta hori jaso dute Larraulgo usadioak sendabelarrekin liburuaren lehen kapituluan.

Pili Otaegik (Lasarte-Oria, 1957) ondu du liburua, aspaldikoa baitu sendabelarren inguruko afizioa: «Mundu hau oso zabala da eta norberetik atera behar du gogoak. Bi- hiru belar ezagutzetik gehiago ezagutzera pasatzen da jendea. Bide bazterretara begiratu eta sasoi bakoitzean zein belar mota dauden begiratzen hasi gaitezke. Pixkanakako prozesu bat da eta orain, liburuarekin, oinarri bat eskaintzen dugu belarrak ezagutzeko».

Izan ere, ehun belar klase baino gehiago bildu ditu liburuan Otaegik. Horietako bakoitzari argazki bana atera eta latinezko izenaren ondoan jarri dio jatorrizkoa, «izenekin ere nahasmendu handia dago, etxe batetik bestera landare bera izendatzeko modua aldatzen baita sarritan. Adinekoek aipatu zizkigutenak eta neronek oinarrizko bezala ikusten nituenak jaso ditut liburuaren hirugarren atalean».

Izenekin sortutako konfusioak argitze aldera, garaian garaiko belarra hartu eta baserritarrengana eramateaz arduratu ziren Otaegi eta Mendiola, landare berberaz ari ote ziren ziurtatzeko. Urtaro ezberdinetan bildutakoak dira liburuan ageri diren belarrak eta bakanen bat geratu da argazkirik gabe, «iazko martxoa aldera hasi nintzen bilduma egiten eta azaroa arte jardun dut. Negu partekoak geratu zaizkit atera gabe, korradu- belarra, adibidez. Loretan azaldu gabe zegoen liburua inprentara eraman behar genuenean, aurtengo negua berandu xamar iritsi baitzaigu».

«Goroldioa eta almitza, bi belar horiek bakarrik omen dira erremediorik ez dutenak, gainontzeko guztiek ba omen dute». Sorarrain baserriko Rufinaren esana bildu du Pili Otaegik liburuan. Larraulgo hamar etxeetan jasotakoaren arabera, badira gizakiontzat baliagarriak diren belarrak eta beste batzuk, ganaduarentzat aproposak direnak. Rufinak berak esana da, osaba zenari ipur masailean ateratako kozkorra atera ziola, «amuntza, uztaua, tipula, baratxuria eta ilarrondo zainarekin egindako enplastoa erabilita».

Errezetak sendabelarrekin

Zaharrek emandako erremedioekin batera Pili Otaegik sendabelarrekin egindako errezetak jaso ditu liburuaren azken kapituluan. Ukenduak, xaboiak, hortzetako pasta, olioak, xanpua edo ezpainetako krema nola egin azaltzen da lanaren azken partean.

Atal hori zabaltzeko, alabak, Maddi Etxeberriak prestatu dion bertsoa aukeratu du: «Intsusa, beti erabiltzen da / erretzen zarenerako; / berbena, berriz, arrautzarekin / nahastuz enplastorako. / Pasmo-belarra, hitzak dion lez / bitzeko zorne bako / ta malba, berriz, eztul artean / hartu katarrorako. / Zauri guztiak senda ditzazun / hemen dira mila gako». Abenduaren 22an herriko kultur gunean egindako aurkezpen ekitaldian Jexux Mari Irazuk eta Maddi Etxeberriak libururako prestatu zituzten bertsoak kantatu zituzten, eta azken honek, biolinarekin emanaldi labur bat eskaini zuen.

Irazuri, transmisioaren garrantziaz ohartarazteko bertsoa eskatu zion Otaegik liburua zabaltzeko eta hauxe prestatu Larraulgo bertsolariak: «Ikasi eta baliatzeko / eskura daukazu dana; / biharko zainen bizi indarra, / gaurko loreek emana». Otaegik informazioa ez galtzearen garrantziaz ohartarazi du, «aiton-amonek duela lau urte erakutsi ziguten bezala guk ere gure jakintza apurra eman dugu liburuan, norberak dakiena beretzat gordeta ez baita ezer lortzen. Jakinduria hori zabaltzeko borondatea dago liburu honen atzean».

Abenduaren 22ko ekitaldira gerturatutako herritarren artean banatu zuten liburua eta «gabon eskea probestuz, falta zen etxeetan utzi genuen». Hemendik aurrera eskuratu nahi duenak, 12 euroan izango du salgai Larraulgo Ekomuseoan eta Herriko Ostatuan. Eskualdeko beste zenbait tokitan ere banatuko dute: Asteasun Mattin liburu dendan, Villabonan Basajaun liburu dendan eta Kinpira eta Sahatsa belar dendatan; Andoainen, Xixori belar dendan eta Ernaitza liburu dendan eta Tolosan, bukatzeko, Tolosaldea Tourreko bulegoan.

DIna 7 elkartearen ekimena

Ekomuseoa kudeatzen duen herriko kultur elkarteak eman du argitara Larraulgo usadioak sendabelarrekin liburua eta Antza inprimategian diseinatu eta prestatu dute. Guztira 300 ale atera dituzte eta «gure arbasoen altxorra herriak edo interesa duen orok eskura eduki dezan egin dugu», dio egileak.

Liburuarekin borobildu du Dina 7 elkarteak 2015. urtea. Ekimen ugari antolatu dituzte eta lehenengo aldiz, ipuin eta ilustrazio topaketa egin zuten maiatzaren 18an Museoan Nazioarteko egunean. Garai batean Erniopean izenarekin, Larraulgo Ekomuseoan dagoen pieza bat hautatu eta horren gaineko sormen lan bat egitea zen asmoa. Arrakastaz burutu zuten ekimena.

Museoen Nazioarteko egunean bertan, Gauaren babesean eskultura sorta egiteari ekin zion Karlos Irazu taldeko kideak. Norteko haritzarekin egindako zazpi gaueko animaliaren irudiak prestatu ditu hilabeteotan eta azaroan egindako kultur astean herriko plaza inguruan jarri zituen ikusgai. Han egongo dira modu iraunkorrean.

Ez da erakusketa bakarra izan, oraintsu arte, ingude edo txingura bilduma bat izan baita ikusgai Ekomuseoan.

Harria izeneko programa didaktikoa ere jarri du martxan Dina 7k 2015ean. Aurretik egurrarekin egin zuten bezala, garai bateko ofizioa berreskuratu eta Antzola baserriko karobi zaharra piztu zuten azaroaren 18tik 22ra. Arrakasta ikaragarria izan zuen ekimenak, karobian prestatutako gangak bost egunetan erori gabe eutsi ziolako. Datozen asteetan aterako dute karea hobitik eta lanketa guzti horren laburpen gisa, ikus-entzunezko DVD bat sortuko dute.

Emaitza hori, dagoeneko, aurten, 2016an, jasoko dute larrauldarrek eta Dina 7 kultur elkarteko kideak jarraituko dute lanean museoa erakusten, tailer didaktikoak eskaintzen eta besteak beste, Txuringadi errotara eta Larrola baserriko ukuilura talde bisitak antolatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!