Piztuta eta zutik jarraitzen du Antzolako karobiak

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 21a, 13:09

Asteazken eguerdian piztu zuten Antzola baserri ondoko karobi zaharra. Igande eguerdira arte mantenduko dute piztuta eta gero hozten utziko dute sei egunez

Dina 7 taldeko kide den Koldo Jauregik, bere aitonari eta aitari ikasitako ofizioa praktikara eraman nahi izan du etxe ondoan zuten karobi zaharra berreskuratuta. "Hiru egunez mantentzea nahikoa dela esaten dute, baina hau karobi handi xamarra da eta bisita batzuk ere hitzartuta dauzkagunez, igande eguerdira arte mantenduko dugu piztuta". Etengabe sartzen diote egurra karobiari eta 1200 graduko tenperatura lortzen dute horrekin.

Bihar eguerditik aurrera, pixkanaka hozten joango da karobia. Tximiniaren gainaldean jarritako kareharria ordurako kare bihurtuta egongo da. "Tona gutxi batzuk biltzeko esperantza dugu. Ikusiko dugu lortzen dugun. Guk 21 tona harri jarri ditugu. Lehengo zaharren esanetan, jarritako harri kopuruaren erdia biltzen zen karean". Gutxiago lortuta ere konforme da Jauregi. "Esperimentu bat izan da eta batez ere ohitura hauek ondorengoei erakusteko grinarekin egiten dugu. Azkeneko bost gizaldietatik datorren ofizioa da".

 

Larraulgo Antzola baserrian jaiotakoa da Koldo Jauregi. Etxeko lurretan zegoen karobia berreskuratu eta bere aurrekoen ofizioan jardun du zenbait egunetan, karegile. Ikastea eta ikasitakoa erakustea du bokazio.

Jarritako helburuak bete al dituzue?
Gustura gaude. Sekula ez dugu horrelakorik ikusi. Asteazken eguerdian piztu eta igande eguerdian itzali genuen karobia. Gisa honetako karobiak hiru edo lau egunekoak zirela esan izan dute. Gurea, handi xamarra denez, lau egunez piztuta edukitzea erabaki genuen.

Era zaharrean piztu duzue karobia. Zer esan nahi du horrek?
Hemen inguruan, bolada batez egon zen beste karobi klase ba: frantsesa edo egunekoa deitzen zitzaiona. Berez, egun batean piztuta edukitzekoa zein, nahiz eta industria bezala erabiltzen zuten eta bospasei egunetan martxan edukitzen zuten. Gero nolako karea ateratzen zen? Hori beste kontu bat da.

Zuek berreskuratu duzuena, molde zaharrekoa da.
Lau gizaldi atzera eginda topa daitezke era honetako karobiak. Aurrekariak mendian egindako zuloak izango ziren. Gero karobiei aterpeak eta bordak gehitzen joan zitzaizkien. Arkuduna da guk hemen berreraiki duguna. Sastraka modukoa ere deitzen zaio Arrasate inguruan.

Zein neurritakoa da zuen Antzolan berreskuratu duzuena?
Karobi frantsesa, metro eta 1,20 metro artekoak dira. Klase honetakoak, berriz, 2,80 metrotik gorakoak. Gure etxeko karobi honek diametroan 3,20 metro neurtzen ditu eta lau metro altu da.

Beti ezagutu izan duzue hemen karobia?
Baso honek eta ingurune honek karobialdea du izena. Hala ezagutu dugu guk behintzat. Toponimia  ere bertan zegoen karobitik jaso du. Gu Antzolan jaiotakoak gara eta ez genuen piztua ezagutu. Nik hiruzpalau urte nituela juxtu-juxtu ezagutu nuen zutik, zabortoki bezala. Osabatekin argazki bat ere badut hemen karobi parean.

Ba al dakizue noiz piztu zen azkenekoz?
Otsailean 68 urte egingo ditu azkeneko aldiz piztu zela. Ernio inguru honetan, azkenekoa izan zen eta gure aitonak eta aitak piztu zuten. Duela 9 - 10 urte hustu, garbitu eta moldatu egin nuen eta bere horretan utzi. Duela gutxi, Dina 7ko bilera batean atera nuen gaia eta berriz ere heldu nahi izan diogu. Lan handia egin ondoren lortu dugu.

Urteak eman dituzu gai honen inguruan informazioa biltzen.
Bai, pertsona askorekin hitz egin dut. Bere garaian karobiak piztuta ezagutu zituztenekin. Nik duela urte batzuk berreskuratu nuen beste bat, Alkiza eta Larraul arteko mugan. Artean aita bizi zen eta karobia berreskuratzeko nire asmoaren berri eman nionean ez z uen ondo hartu, erokeria egin izan banu bezala hitz egin zidan. Handik hiruzpalau egunetara damututa etorri zitzaidan, bizitza guztian horretan aritu izan zela eta beharrezko azalpenak emango zizkidala esanez. Euskal Herrian berreraiki zen lehendabiziko karobia izan zen hura. Hemendik ehun bat metrotara dago.

Zenbateko berotasuna behar du karobiak karea egiteko?
1200 gradu harrapatzen ditu. Aurreko astean karobia bete eta gero, harri gainean ia 700 gradutara iritsi zen tenperatuta. Badago oraindik ere beroago jartzea. Material ona behar da horretarako, ordea. Egur oso ona erabili behar da, brasa ona egiteko. Bertatik ekarritako egurra da, ia duela urte bete urtarrilean bota nuen eta eguteran eduki dut,  ondo saneatuta eta lehortuta. Otea eta sastrakarekin ere egin liteke sua, baina ez da berdina izaten. Azkarra bai baina ez zaio brasarik geratzen. 40 - 50 zentimetrotako brasa lortu dugu guk.

Zailtasun handia al du arkua egiteak?
Brasa dagoen leku hori, kazuelatxo bat bezalakoa da, borobila eta hondoa duena. 20 zentimetroko anilla bat du bueltan eta oinarri horretatik abiatzen da arkua. Harri bereziekin eginikoa da, erre ez dadin eta zutik iraun dezan. Gure kasuan eutsi dio eta horrekin oso pozik gaude. Erori dira pusketa batzuk baina ez da egitura desegin.

Eta gainean kare haitza...
Kasu honetan, 21 tona. Guk lau egunez piztuta eduki dugu, 24 ordutan. Orain hozten egongo da aste osoan, sei bat egunez. Euria ere egin du egunotan eta hoztu ahala tapatu ere egin dugu. Arto zuztarrekin tapatzen zuten garai batean eta orain lehengo eran arto gutxi egiten denez toldo bat baliatu dugu horretarako.

Noiz jasoko duzue karea?
Ez dakigu karobia noiz irekiko dugun. Garai batean ere izaten ziren karea egiten ez zuten karobiak. Guk ez dugu esango oraingoz zertan erabiliko dugun jasotakoa. Garai batean ongarri bezala erabiltzen zen gehienbat, baratzetan. Etxeak pintatzeko eta porlanik ez zegoenez lurrarekin nahastuta eraikuntzarako erabiltzen zen. Hildakoentzako ere baliatzen zen, desinfektatzeko-edo. Esaten dutenez, botatako harriaren kopuruaren erdia ateratzen zen karean. Oso ona ateratzen bada, 5 - 6 tona lortuko genituzke. Ni konforme nintzateke pare bat tona lortuko.

Dibulgazioari garrantzi handia ematen diozu, ezta?
Hau esperimentu bat izan da eta kontentu gaude egiturak eutsi egin diolako erori gabe. Hori zen gure helburua. Guk garai batean nola egiten zen erakusteko egin dugu. Umeak pasa dira, hainbat herritar ere bai eta denei erakutsi diegu prozesu nolakoa izaten zen garai batean.

Erlazionatuak

Koldo Jauregik karobia piztu du Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2015 aza 21 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!